
BEASAIN
2008-07-24 | 11:33:49
Beasaindar gazte bat hil da Mexikon, istripuan
Lehen berrien arabera atzo gertatu zen ezbeharra
Mexikon gertatutako istripu batean beasaindar gazte bat hil da. Espainiar enbaxadatik familiari atzo jakinarazi zioten ezbeharraren berri, eta Mexikora bidean dira. Hildakoa 28 urteko gizonezkoa da.
ZUMARRAGA
2008-07-22 | 19:39:03
Atea itxita egin behar izan dute Zumarragako Udalbatzaren Osoko Bilkura
Geriatrikoko ELAko langileen protesta dela eta
Geriatrikoko ELAko langileek gaur zazpietan ospatzekoa zen Udalbatzaren Osoko Bilkurara eraman dute protesta, udaletxeko areto nagusira. Langileak pankarta baten atzean aritu dira protesta egiten eta horrela bilkura egiteko baldintzak betetzen ez zirela eta adierazita udal ordezkariak altxatu eta aretotik irten dira. Honek greban dauden langileen protestak areagotu ditu eta handik gutxira Mikel Serranok bilkura atea itxita egingo zela azaltzeko irten da.
ZUMARRAGA
2008-07-22 | 18:48:11
Zumarragako gerontologiko berrian adinekoak sartzen ostegunean hasiko dira
Aldaketa «pausoz pauso» egingo da datozen egunetan, lehenbizi udal geriatrikoan dauden adinekoekin hasita
Zumarragako Faustino Orbegozo udal geriatrikoan dauden adinekoak gerontologiko berrira aldatzen ostegunean bertan hasiko dira, Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez. «Aldaketa pausoz pauso egingo da, eta gutxienez bi egun eramango ditu. Lehenengo gaur egungo geriatrikoan daudenekin hasiko gara, grebaren ondorioz Lazkaora lekualdatzea eskatu zutenekin ere bai, eta ondoren itxaron-zerrendan daudenen txanda hasiko da», zehaztu dute.
ORDIZIA
2008-07-19 | 19:57:44
Haurren txupinazoarekin lehertu da festa Ordizian
Gazte koadrilentzako ekitaldiak izan dira egun osoan zehar
Eguerdiko hamabietan bota dute haurren alkate jaun-andreek festen hasierako suziria. Barrena jauregiaren ataria gazte koadrilez eta kolore guztietako blusez bete da. Txupinazoaren ondoren, txistulariek, txarangak, erraldoiek eta buruhandiek kalejira egin dute herrian zehar. Arratsalde partean ere, haur eta gazte taldeentzako ekitaldiak izan dira Ordizian.
ZUMARRAGA
2008-07-19 | 14:11:46
TTT Goikoko langileek bertan behera utzi dute greba
Hilabete iraun duen lanuztea lan hitzarmenaren inguruko akordiora iritsi ondoren bukatu da
Hilabete greban egon eta gero Zumarragako industrialdean dagoen TTT Goikoko langileen lanuztea bertan behera gelditu da gerentearekin lan hitzarmenaren inguruan akordio batera heldu baitziren ostiralean. Hori dela eta langileak astelehenean hasiko dira berriro beharrean. Lortutako akordioen artean, besteak beste, kategoria berdineko langileen arteko ezberdintasunak ezabatu eta ordainsariaren bataz besteko %10ko igoera aipatu daitezke. TTT Goiko enpresak a50 langile inguru ditu eta horietatik 35ek burutu dute lanuztea.
Goierri
2008-07-18 | 12:07:15
Sasieta zabortegia handitu egingo dute, 2012ra arte, gutxienez, zaborra jasotzen segitzeko
Donostiako errauste-planta martxan jartzean itxi nahi dute zabortegia
Sasieta Mankomunitateak erabaki du ez duela hurrengo urtean zabortegia itxiko, eta hondakinak jasotzen jarraitzeko zabortegia handitu egingo dutela, 22.000 m2. Gutxienez, 2012.urtera arte irekita jarraituko du Sasietako zabortegiak, Donostiako errauste-planta martxan jarri arte. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak egindako eskaerari baiezkoa eman dio Sasieta Mankomunitateak. Carlos Ormazabal Kontsortzioko lehendakariak Sasietari eta Gipuzkoako beste bi zabortegiri eskatu die 2012.urtera arte gutxienez euren jarduera luzatzeko. Kontsortzioaren arabera, «ez dago Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketa finalari ez beste irtenbiderik ezta irtenbide-partzilik ere emateko ahalmenik». Gehitu duenez, «soilik Lapatx, Sasieta eta Urtetako hiru zabortegien jardueren luzapenak berma dezake herritarrentzako zerbitzua ematea».
ZUMARRAGA
2008-07-18 | 11:12:20
Zumarragako geriatrikoko langileak udaletxean daude itxialdian
Gerontologiko berrian
Zumarragako Faustino Orbegozo udal geriatrikoko langileak herriko udaletxean sartu dira, eta itxialdia egiten ari dira. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, "alkateak hartutako konpromisoa" betetzen ez duen bitartean protesta ekintzarekin jarraituko dute. Zumarragan aurki irekiko duten gerontologiko berrian orain arteko lanpostuak mantentzea eskatzen dute Orbegozo geriatrikoko langileek. Sei hilabete daramate greban, eta gaur udaletxera sartu dira.
URRETXU
2008-07-17 | 16:09:43
Aurten ez da Goierriko Itzulirik izango
Goierri kirol elkarteko antolatzaileek arrazoiak ekonomikoak direla adierazi dute
Goierriko Itzuliaren antolatzaileek jakinarazi berri dutenez aurtengo Goierriko Itzulia bertan behera gelditu da. Erabakia behin-betikoa da. 2008ko edizioa ez egitearen arrazoi nagusia ekonomikoa da ez baitute Itzulia antolatzeko behar adina diru bildu. Itzulia irailaren 12 eta 14a bitartean ospatu behar zen.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.