
BEASAIN
2008-11-17 | 10:17:25
Leire Lopez beasaindarra atxilotu dute Frantzian, etakidea izatea leporatuta
Garikoitz Aspiazurekin batera gaur goizaldean izan da atxiloketa
Gaur, astelehena, goizaldeko 03:30 aldera ustezko bi etakide atxilotu ditu Frantziako Poliziak Cauterets-en (Pirinio Garaia, Frantzia), eta Espainiako Polizia Nazionalaren arabera Leire Lopez Zurutuza beasaindarra da atxilotuetako bat. Iturri beren arabera, Garikoitz Aspiazu "Txeroki" da bestea, poliziaren arabera ETAren arlo militarreko burua eta komandoen burua.
ZEGAMA
2008-11-15 | 20:08:50
San Martin feriak jendez eta ganaduz bete du Zegama
Arantxa Segurola legazpiarraren gaztak irabazi du X. lehiaketa
Ganaduaren eta baserritarren produktuen aitzakian, jende ugari bildu da gaur goizean Zegaman. Azokarekin batera ordea, hainbat lehiaketa egin dituzte. Batetik, Aizkorri eta Urbiako X. Artzain Gazta Txapelketa jokatu dute. Bertan, Arantxa Segurola legazpiarraren gaztari eman diote sari nagusia. Berak Zegamara etortzerik izan ez duenez, Juan Jose Aranguren senarrak jaso du saria. Arangurenen hitzetan, lehiaketara aurkeztu duten gazta "ketu gabea, suabea eta erraz jatekoa" da. Gaztarekin batera, ganadu azokako sariak ere banatu dituzte. Bederatzi sari eman badituzte ere, Ibai Aizpeolea izan da protagonistetako bat, guztira hiru sari jaso baititu.
LEGAZPI
2008-11-15 | 13:01:44
Legazpi inguratuko duen bizikletentzako bidea eraikiko dute
Lanak 2010. urterako amaitzeko itxaropena dute.
Legazpiko Udaleko ordezkariek atzo egin zuten aurkezpenean jakitera eman zutenez, herria inguratuko duen bizikletentzako bidea eraikiko dute. Mugikortasun Iraunkorreko planaren lehen ekintzak izango dira eta 2010. urterako amaitu nahi dituzte. Planak helburu asko ditu, horien artean kaleko zarata bolumena gutxitzea edo bizi kalitatea hobetzea. Patrizio Etxeberria kalea gainera 30. Area izendatuko dute, oinezkoek eta txirrindulariek lehentasuna izango duten kalea, hain zuzen.
Goierri
2008-11-14 | 23:16:14
Korrikak Goierriko hamasei herri zeharkatuko ditu 2009ko apirilean
Apirilaren 2an Goierri behea zeharkatuko du, eta 5ean, Goierri garaia
Atzo aurkeztu zuen AEK-k Korrikaren 16. ekitaldia izango dena. 2009ko martxoaren 26an abiatuko da Tuteratik, Euskal Herri osoan barrena bi mila kilometro egin ondoren, apirilaren 5ean Gasteizen bukatzeko. 16. ekitaldi honetan ere, Korrikak Goierriko hainbat herri zeharkatuko ditu; hamasei guztira. Apirilaren 2an, Goierri beheko herri mordoska batetik pasako da. Apirilaren 5ean berriz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpi zeharkatuko ditu. Hamaseigarren aldi honetarako aukeratutako lema, honakoa da: "Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira". Horrekin Euskal Herrira etorri eta euskara ikasi eta transmititu dutenak omendu nahi dituzte. Bestalde, AEK-k Korrika Laguntzailea kanpaina abiaraziko du urtarrilean. Hamabi euroren truk, pin bat eta hainbat komertziotan beherapenak edukitzea ahalbidetuko duen txartela jarriko dute salgai. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko euskaltegiak "bereziki" laguntzeko baliatuko dute bildutako dirua. AEK-ko euskaltegietan, Korrika Laguntzailea bereizgarria duten lekuetan edo www.korrika.org webgunearen bidez eskuratugai egongo da.
GABIRIA
2008-11-14 | 15:05:07
Errezil sagarraren festa eta baserriko produktuen azoka egingo dituzte Gabirian igandean
Errezil lehiaketan 17 herritarrek parte hartuko dute, sagar-goxotan 15ek, eta azokan 12 postu jarriko dituzte gabiriarrek
Etzi, igandea, ospatuko da Gabirian Errezil Sagarraren Eguna eta baserriko produktuen azoka. Bederatzigarren errezil sagar lehiaketa egingo dute, Erbie elkarteak eta Udalak antolatutako festan, eta hamazazpi gabiriarrek eman dute izena aurten. Antolatzaileentzat, errezil sagarren lehiaketa da egun horretako lehiaketa nagusia, baina ez egiten duten bakarra, sagar-goxorik onena ere aukeratzen baitute. Sagar-goxo lehiaketan hamabost herritarrek parte hartuko dute. Bi lehiaketa horiez gainera, baserriko produktuen azoka egingo da goizeko hamarretatik ordubietara bitartean. Hamabi herritarrek izango dituzte baserriko produktuak mahaietan txukun-txukun jarrita, jendeak ikusi eta erosi ditzan. Lehiaketara aurkeztutako errezil sagarrak eta sagar-goxoak ere ikusgai izango dira igande goiz partean. 13:30a aldera banatuko dituzte sariak.
BEASAIN
2008-11-13 | 16:44:54
Adingabekoei sexu abusuak egitea leporatuta atxilotu dute Beasaingo gizonezko bat
Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen asteazkenean Beasainen, ustez azken hilabeteetan Ordizian eta Beasainen adingabeko neska batzuei sexu abusuak egiteagatik. Lehen gertakaria irailean izan zen. 10 urteko neska Beasaingo kalean zihoan eta gizonezko batek atximurka egin zion titietako batean. Beste lau abusu ere izan ziren azaroaren 7tik 12ra Beasainen eta Ordizian. Adingabeko neskatoei ipurdia eta bularrak ukitu zizkieten kaletik oinez zihoaztela edo leku publikoetan zeudela.
URRETXU
2008-11-13 | 15:32:46
Indarkeria sexista salatzeko kanpaina aurkeztu dute
Ekimen ugari antolatu dituzte emakumeenganako indarkeriaren inguruan kontzientzia sortu asmoz.
Azaroaren 25ean izango den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan egitarau anitza aurkeztu zuten herenegun Urretxuko udaletxean. Datozen asteetan garatuko duten 'Nik emakumeenganako indarkeriari ez, eta zuk?' kanpainak bi helburu ditu. Batetik bailarako herritarrak emakumeenganako indarkeria arazo soziala eta ez indibiduala denaz kontzientziatzea eta bestetik gizonezkoengan eragitea sentsibilizazio maila handituz eta portaera sexistak gaitzetsi ditzaten bilatuz.
BEASAIN
2008-11-13 | 13:21:49
Gizonezko bat atxilotu dute Beasaingo taberna batean lapurtzera zihoala leporatuta
Tabernako pertsiana eta atea indarrez zabaltzen ari zela harrapatu zuten
Atzo goizaldeko lauak eta erdietan gizonezko bat atxilotu zuten ustez taberna lapurtzeko lanetan ari zela. Taberna batetik ateratzen ziren zaratek bizilagun bat esnatu zuten eta Ertzaintzari deitu zion. Zenbat patruila bertara joan ziren eta hori ikusita bi gizonezkoek ihes egin zuten. Susmagarrien atzetik joan eta hauetako bat atxilotzea lortu zuten.
Erakusketa
Zeramika
ZUMARRAGA, Zelai Arizti kultur etxea - 2008-12-05
Ospakizuna
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta ospakizuna
ORDIZIA, Ordiziako Plaza Nagusian - 2008-12-05
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.