
2008-04-22 | 14:52:29
Gizartea
Etorkin gazteen harrera etxeetan "kudeaketa txarra" egiten dela salatu du Sos Arrazakeriak
ESK sindikatuak etorkinei buruzko mahai-ingurua antolatu du Ordizian, hilaren 29rako
Langileen nazioarteko egunaren atarian, ESK sindikatuak, etorkinen egoera aztertzeko mahai-ingurua egingo du Ordizian, hilaren 29an. Gaur aurkeztu dute ekimena ESK sindikatuko Jon Garciak eta Sos Arrazakeriako Peio Aierbek. Honek azaldu duenez, Foru Aldundiak adin txikiko etorkinak integratzeko martxan jarritako politikak "porrot" egin du. "Kudeaketa txarra" egin dela dio Aierbek, eta "Foru Aldundia eta harrera etxeak gestionatzen dituzten enpresak" egin ditu erantzule. Aierbek gogoeta eta diagnosi bat egiteko eskatu dio Aldundiari, "zentro hauetan zerk funtzionatzen duen ondo eta zerk gaizki" aztertzeko.
ESK sindikatuak etorkin gazteen egoera aztertzeko mahai-ingurua antolatu du hilaren 29rako. Sindikatuko Jon Garciak gaur azaldu duenez, "inork heldu nahi ez dion gai polemikoa" da etorkin gazteena. "Egoera zaila bizi dute gazte hauek; bidaiaren zailtasunez gain, arrotza zaien kultura batean egokitu beharra" baitute.
Mahai-inguru honetan, Sos Arrazakeriako Peio Aierbek, Maixabel Telleria Segurako alkateak eta harrera zentroetako hezitzaile batek parte hartuko dute. Solasaldia Ordiziako Barrena kultur etxean izango da, hilaren 29an.
Mahai-inguruan parte hartuko duen Peio Aierbek, harrera etxe hauen "kudeaketa txarra" salatu du. "Etorkin gazteen integraziorako politikak ez du funtzionatzen" dio. Izan ere, etxe hauek kudeatzen dituzten enpresak "ez dira gai izan euren helburuak beteko dituen hezitzaile talde finko bat osatzeko". Hezitzaileen lan baldintza eskasak eta zentroen kudeaketa txarra dira arrazoi nagusiak, Aierberen ustez. Datu bat ere eman du: "Idiazabal eta Zaldibian dauden harrera etxeetatik 47 hezitzale eta laguntzaile pasatu dira bi hilabetean". Bi herri hauez gain, Lazkaon, Zaldibian eta Urretxun ere badaude etorkinentzako harrera etxeak. Segurako aterpetxean ere egon ziren, baina bertan izandako sutearen ondoren beste etxe batzuetara eraman zituzten gazteak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Aierbe eta Garcia, gaur.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.