
2008-05-15 | 19:02:04
AZPIEGITURAK
AHTren lanak egiten hasi direla salatu du Elkarlanak
AHT Gelditu! Elkarlaneko 30 kidek Mariaratzen egiten ari diren lanak gerarazi dituzte gaur ordubetez
AHT Gelditu! Elkarlanak «gogor» salatu du Euskal Y-aren lanak egiten hasi direla Beasain eta Ordizia artean dagoen Mariaratz bailaran. Elkarlanaren esanetan, maiatzaren 6an obrarako sarbide eta pistak zabaltzen hasi zen hondeamakina bat, eta lanen hasiera horrek «jada kalte nabarmenak» eragin dituela salatu du. «Hori gutxi balitz, une batetik bestera obrak aregoatzeko makinatzarrak sar ditzakete». Elkarlaneko 30 kide inguru Mariaratz ingurura sartu dira gaur, eta lanak ordubetez gerarazi dituztela jakinarazi dute. Ertzaintzak banan-banan identifikatu ditu.
Lanen hasiera salatzeko Mariaratz bailarara martxa bat antolatu du AHT Gelditu! Elkarlanak maiatzaren 25erako. «Proiektuaren aurka dagoen jende guztiari, herri mugimenduari, protestarekin bat egiteko deia egiten diogu, bai Eusko Jaurlaritzari bai Espainiako Sustapen Ministerioari lanak berehala gelditu ditzatela eskatzeko». Bihar, 20:00etan, Ordiziako Malkasko auzoan elkarretaratzea egingo dutela jakinarazi dute, eta datorren ostiralerako elkarretaratzeak deitu dituzte Goierriko herri guztietan.
«DESOBEDIENTZIA AKTIBOA»
Lanak hasteaz gain, lanak egiten hasteko modua ere gaitzetsi dute. «Duela hiru aste eskas herritarrek aurkeztutako bi milatik gora alegazioei erantzunik eman gabe hasi dituzte lanak, lurjabeei xantaia eta presioa eginez, akten altxamendua egin gabe, obren ingurua poliziaren presentziaz betez, eta Mariaratz bailaran jendea ibiltzea debekatuz», dio AHT Gelditu! Elkarlanak. Gelditour ekimenari eta proiektuaren inguruko informazio eta eztabaida eskaerei ematen dien erantzuna hori ote den galdetu diote Eusko Jaurlaritzari.
Elkarlanaren ustez, AHT gelditzeko bidean «beste urrats bat egiteko garaia» iritsi zaio herri mugimenduari, «une erabakigarria» delako. «Azpiegitura horren aurkako indarrak bilduz jarraituko dugu, desobedientzia aktiboa martxan jarriz».
LANAK ORDUBETEZ GERARAZI
Gaur bertan egin dute AHTren lanen hasieraren aurkako lehen urratsa Elkarlaneko 30 kide inguruk Mariaratzen. AHT Gelditu! Elkarlanak adierazi duenez, Ordizian hasi berri dituzten Euskal Y-aren lanak gerarazi dituzte. «Ordubetez han egon ondoren, Ertzaintzak denak identifikatu ditu banan-banan eta obretatik atera dira». Mariaratzetik Ordiziako Zuhaiztiraino joan dira gero oinez, AHTren aurkako petoak jantzita.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak, gaur, Mariaratz bailarako obretan.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.