
2008-09-18 | 13:25:23
HIRIGINTZA
Urrian hasiko dituzte Ordiziako San Joan auzoko urbanizazio lanak
Datozen urteetan 572 etxebizitza inguru egingo dituzte auzo horretan, horietatik 415 babes ofizialekoak
Urriaren bigarren hamabostaldian hasiko dituzte Ordiziako San Joan auzoko urbanizazio proiektuaren lehen bi faseak. Bi fase horiek esleitu ditu dagoeneko Udalak. Urbanizazioaren %70 egingo dute bi fase horietan. Lur-sailak prestatzeko behar diren lur-mugimenduak eta eustormak egingo dituzte, baita saneamendu, ur-hornidura, argindarra, gasa eta telekomunikazio azpiegiturak ere. Gainerako urbanizazioa, %30a, beste zazpi fasetan egingo dute. Urbanizazio proiektu osoaren aurrekontua 10 milioi euro ingurukoa da.
Ordizia Lantzenen bidez egingo ditu Ordiziako Udalak obra horiek, baina lur-sailen jabeek ordaintzen dituzte urbanizazio-gastuak. Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak gaur adierazi duenez, herriarentzat "berebiziko garrantzia" duen proiektuaren bigarren zatia izango da etxeen eraikuntza. 10 hektarea baino lur-saila urbanizatuko dute: 30.000 metro koadro errepideak, espaloiak eta bidegorria egiteko izango da; beste 20.000 metro koadro bestelako ekipamendurako; 26.000 metro koadro berdegune eta espazio libreetarako, eta 30.000 metro koadro etxeak eraikitzeko.
Eraikiko dituzten 572 etxeetatik 415 babes ofizialekoak izango dira eta 157 libreak. Altuera ezberdineko eraikinak izango dira: 41 adosatuak izango dira, eta gainerako blokeek beheko solairua eta hiru, lau edo bost solairu izango dituzte, gehienez 19 metroko altuerakoak. Etxebizitza guztiek garajea eta trastelekua izango dute.
ETXEAK EGITEN DATORREN URTEAN
Datorren urtean hasiko dira etxebizitza horietako batzuk egiten. Santamariak azaldu duenez, joan den ostegunean onartu zuten Ordizia Lantzeneko administrazio Kontseiluan Udalak egingo dituen babes ofizialeko 60 etxebizitzen lizitazioa. Bi bloke izango dira, 30 etxebizitzatakoa bakoitza. Hil honen bukaeran argitaratuko dituzte 60 etxe horiek egiteko oinarrizko proiektua lehiaketara aurkezteko baldintza-plegua, eta datorren urtearen erdi aldera has daitezke lanean.
Babes ofizialeko etxeak eskatzeko izen-emate epea, berriz, datorren uda baino lehen zabaltzeko asmoa du Udalak.
aimar | 2008-09-19
Ondo dagoena babes ofizialeko etxebizitzak egitea da, behintzat behar degunok besterik ezin degu sartu, eta ez orain arte etxebizitza zutenak edota espekulazioko intentziotan dabiltzanak. Gustatzen ez zaitena zera da, kartela bertan duela 5-6 urte jarri zutela eta harrez gero udaletxeak proiektu hau aurrera eramateko intentzio gutxi ikusi dela, bitartean Ordizian zeuden etxe gutxi horien prezioa disparatuz. Baten bati egingo zion mesede, bai, baina neri ez behintzat. Etxea izateko irrikitan, lanean, gurasoen etxetik atera nahian eta ezin ganorazko etxe batean sartu. Dala 6 urte txakurtxulon etxean 38-40 miloi ingurun zeuden, berriak. Pentsa orain...
ordiziarra | 2008-09-19
oso ondo dago etxeak egitea. Baina berriz ere EAJ-PNV ordizia lantzenen bidez, Esaerbe enpresaren bidez diru pila guztion kontura irabazten!!!jende asko eta asko hilabete bukaerara heldu ezinik eta PNV denoi horrelako gauzekin dirua kentzen.Lotsik ez duzue!!!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
San Joan auzoan etxeak egingo dituzten orubeetako bat.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.