Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

2008-11-25 | 13:17:32

KIROLA

Futbolariek ateratako idatziarekin bat egiteko sinadurak biltzen hasiko da Esait

Goierriko hainbat kirolarik eta Esaitek egin dute sinatzeko deia, eta iaz bezala, kirolarien taldeko argazkia atera nahi dute

Euskal Herriko futbolariek azaroaren 13an kaleratu zuten 'Nazio bat, selekzio bat, federazio bat' agiriarekin bat egiteko sinadurak biltzen hasiko da Goierriko Esait, Euskal selekzioaren aldeko iritzi taldea. Horrez gain, eta iaz egin bezala, Goierriko ahalik eta kirolari gehien bildu, eta Ordizian taldeko argazki bat ateratzeko asmoa dutela iragarri dute. Bai argazki horretarako, zein abenduan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die Goierriko Esaitek eskualdeko kirolariei.

Goierriko Esaiteko kideek gaur iragarri dute ekimen hori Ordiziako Altamira estadioan egin duten agerraldian. Sinadura bilketari, eta abenduan zehar egingo diren ekimenei babesa emanez, Goierriko zenbait kirolari lagun izan dituzte: Odei Lopez Legorretako pisu-jaurtitzailea, Mikel Gaztañaga Itsasondoko txirrindularia, Iñaki Azurmendi Arriarango aizkolaria, Pedro Garcia Ordiziako mendizalea eta Ordiziako nesken futbol taldeko bi ordezkari.

IAZKO URRATSARI SEGITUZ
Euskal Herriko futbolariek kaleratutako agiriarekin bat egiten dute Esaiteko kideek eta prentsaurrekoan bildutako kirolariek, eta iaz egindako urratsari segitzeko konpromisoa dute. Azaroaren aurreneko astean iragarri zuen Euskadiko Futbol Federazioak (EFF) abenduan Euskadi-Iran partida jokatuko zela Bilbon, eta iragarpen horri erantzuteko atera zuten idatzia futbolariek.

«Euskal futbolariok gure nazioa munduaren aurrean ordezkatzeko nahia eta borondatea argiki plazaratu izan dugu urtez urte antolatu izan diren lehiaketetan. Bide horretan eman diren pausuak nabarmenak izan dira, eta azken urratsa iaz egin genuen», dio agiriak. Horren arabera, futbolariek bizi duten errealitatea «haien nahi eta borondatetik urrun» dago, eta gogoratu dute Euskal Herri osoko futbolariak biltzeko futbol federaziorik ez dagoela.

EUSKADI, "MAMIZ HUSTUA"
Idatziak dioenez, EFFk ez ditu aintzat hartzen Nafarroa Garaia, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako taldeak, eta zentzu horretan ulertu behar da kirolariek iaz egin zuten urratsa, «hortik dator Euskal Herriko selekzioaren izena eta izana». Haien arabera, EFFri dagokio azaltzea zergatik erabaki duten atzera egitea, Euskal Herria izenetik Euskadi izenera pasatzea. Kirolariek diotenez, EAEko federazioek ez dute borondaterik federazio nazional baten alde urratsik egiteko. «EAEko instituzioek Euskadi hitza mamiz hustu dute».

Kirolariek nabarmendu dute atzera egiteko prest ez daudela, federazioari dagokiola egindako «atzerapausoa» zuzentzea. «Hala ez bada, gu ez gara partida jokatzera joango», zehaztu dute.

 

Jasotako erantzunak:

20

JOSEBA | 2008-11-28

ez diot inongo beldurrik izena emateari; ez dut uste ezer aportatzen duenik baina hor doa...eta sentitzen dut baina ez nator bat ez Odei ez beste gainuntzeko kirolariekin EUSKADIrekin EZ esatean eta ESPAINIArekin BAI egitean. Sentitzen dut eta argi diot ez dudala inor mindu nahi baina ... INkoherentzia

19

Xiker | 2008-11-28

Idatzi duen jende askok ez daki zein den gaur egungo Odeien eta gainerako kirolari euskaldunen errealitatea. Honen inguruan zalantzaren bat edota esateko zerbait dutenei esango nieke, Odeiengana edota bere larruan aurkitzen diren beste kirolari euskaldunengana hurbil dadila, kasuaren egitateak zein diren ezagutzeko. Oso erraza da jendea kritikatzea beraien errealitatea ezagutu gabe eta ez hori bakarrik, hemen ikus daitekenez, jendeak min emateko intentzioz idazten du eta ez irtenbideak lortzeko asmoz. Firma ematen ez duten batzuei esango nieke, ez lotsatzeko, idazteko duten ausardia hori ere izan dezatela nortasuna ematerako orduan. ODEI BETI ZUREKIN!!!!

18

2008-11-28

Onartu ezin daitekeena ardura kirolarien bizkar uztea da. Beraiek libre dira gogoko duten adierazpena egiteko, baita zein selekziorekin jokatu nahi/ahal/behar duten erabakitzeko ere. Benetan zerbait egin dezaketenak hain asaldatuta ikusita, horrretxek adierazten dit niri zer gertatzen den: EZ DUTELA EZER EGIN NAHI. Haiei galdetu, baina kirolariak utzi pakean, Gabonetan patxanga ziztrin bat jokatzea baino nahiago dute, beste batzuk horrekin medaila zintzilikatu besterik egin nahi ez dutenean. JA-ri: "podemos", podatzaileak bertan daude. Beraien interesei itzal egiten dietenean indarra hartzen ari diren adarrak askok mozten dituzte hemen.

17

Errekerre | 2008-11-28

Ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko. Hemen gutxien inporta duena izena da. Zergatik Euskadi-ren defendatzaileek hainbeste gorroto Euskal Herriari? Izana bera ez dutelako onartzen? Mingainez 7 probintzietako Euskadi edo Euskal Herria defenditzea erraza da, baina gero, Eñautek ondo dioen bezala, hiru probintzietako Euskadiko Txapelketa antolatzen da. Hori zer da? Seriotasun pixka bat. Batetik, ados nago Euskadi izenak selekzioarentzat (futbolekoarentzat, behintzat) balio historikoa duela, eta gaur egungo banaketa semantiko eta politikoaren aurreko sentimen bat biltzen duela. Baina ez gara orain dela 70 urte bizi. 2008an Euskadi dena da, horretara iristen utzi delako. Eta gaur egungo Euzko Alderdi Jautxozaleak Euskadi izena ematen dio Euskadi (=Euskal Herri) osoaren hirutik bat ere ez den zati bati. Koherentzia bikaina hori izango da... Azkenik: hemen gol ederra jokalariek sartu diote federazioari eta haiek ipurdia zuritzen dioten jaurlaritzari, ez eskuadratik, hanka tartetik baizik. Egoera tristea da, noski. Baina horixe da dagoena. Izenak utzi, eta ea izanari heltzen hasten garen... behingoz. Portzierto, animo Odei, Eñaut eta beste kirolari guztiak.

16

2008-11-28

Negarra egindakoan zapia hartu eta malkoak lehortu. Kitto. Ez dezala inork kustifikaziorik ez duen jokabiderik justifikaturik nahi. Hurrengoan zer izango da Ikurrina Sabino Aranak ere asmatu zuela eta, ikurrina ere alboratu eta koloretako ikurrinaren ahantzeko banderola inposatzea? Hain gaizki badago Euskadi hitza erabiltzea, hain superabertzaleak diren ETAkoek (Euskadi Ta Askatasuna, por zierto) ohikatzen dute Gora Euskadi Askatuta? Koherentzia ....

15

ja | 2008-11-28

jendeak bizia ematen du , eta zuek zuen dominak nahiago dituzute ESPAINIAREN izenean bada ere "PODEMOS" horren parte zarete..

14

Eñaut | 2008-11-27

Eñaut Gereñu naiz atleta Ordiziarra. Hemen idatzitakoa irakurri ondoren erantzun beharrean sentitu naiz. Hasteko, hemen Odei kritikatzen duzuen askok ez dakizutenez atletismoaren errealidadea azalduko dizuet. Orain dela bi urte euskal Herriko txapelketetan 7 probintzietako edozein atletak parte hartu zezakeen eta baita domina lortu ere. Lehengo urtean Euskal autonomi erkidegoko atletek bakarrik zuten eskubidea dominak irabazteko eta hau federaziokoen hitzetan Eusko jaurlaritzak agindu zuen. Bai eusko jaurlaritzan dauden horiek, hain euskaldunak diren horiek eta 7 probintziako Euskal Herria defendatzen dutela dioten horiek autonomia erkidegotik kanpo geratzen diren herrialdeak Euskal Herriko txapelketatik bota zituzten. Aurten orain ikusi berri dudan bezala, Euskal Herriko txapelketa deitzetik Euskadiko txapelketa deitzera pasatu dira txapelketak. Beraz orain galdera bat egingo dizuet. Normala iruditzen al zaizue eusko jaurlaritzak "7 probintziako Euskal Herria defendatzen duen Eusko jaurlaritzako alderdi politiko horiek" atzerapauso horiek egitea??KAsu honetan ez da Espainia imposatzen ari dena, kasu honetan Eusko Jaurlaritza bera da Euskal Herriko txapelketa desegiten duena eta beraz, Euskal Herria onartzen ez duena. Honez gain egunero entrenatzen dugunok zerbaitetarako egiten dugu. Eta guztion ametsa da mundu mailan karreretan parte hartzea eta horretarako momentu honetan espainiako selekzioarekin parte hartzea beste erremediorik ez zaigu geratzen. Erraza da kirola edo kirola maila horretan egiten ez duen batek hau kritikatzea, erraza da esatea nik ez nuke parte hartuko baino benetan urte guztia horrela sakrifikatzen egon ezkero beste modu batean pentsatuko zenuketela uste dut. Eta behin eta berriz esango dizuet eta hau Euskal atleta askoren izenean esaten dizuet, euskal Herriko selekzioarekin nazioarte mailan parte hartzeko aukera izaten dugun lehen segunduan ez zait burutik pasa ere egingo espainiakoarekin parte hartzea.eta ahal dudan guztian eta ahal dudan indar guztiarekin lan egingo dut Euskal Herriko selekzio bat ahal den azkarren edukitzeko. Baina ez da gure kulpa Gasteizen boterean dauden horiek ezer ez egitea, eta oraindik gehiago egiten duten bakarra atzerapausoak ematea. Denok egin behar duguna, bakoitzak ahal duen moduan Gasteizen dauden horiek presionatzea da eta horregatik nire babes osoa ematen diet idatzi hori atera duten Euskal funtbolariei. Madrilgo gobernuarekin nahikoa daukagu Euskal Herriaren aurka egiteko. Nahikoa da Euskal Herri barnekoak ere Gure herriaren aurka egitearekin. Pixkanaka- pixkanaka eta denon artean lortu behar dugu!!denon nahia eta ardura delako. EUSKAL HERRIKO SELEKZIO BAT BEHAR DUGU!!!

13

2008-11-27

Idatzi hau tristuras, txundituta eta haserre idatziko det. Tristuras zazpi herrialdez osaturiko Euskadi bat defendatuz, Gora Euskadi Oihukatuz hil ziren ehundaka gudariz akordatzen naizelako, hauetako askok gainera gaur egun oraindik hilobi ezezagunetan. Txundituta harriduraz ikusten dudanean nola euskal futbolari kolektiboa osatzen duten jokalari askok autodeituriko ezker abertzalearen estratrejia berriari dioten hainbesteko jarraipena, batez be ziur nagoenean hauetariko asko Zuberoako hiriburua zein den ere ez dakitenean. Haserre, zeren abertzale bezala ezin dudalako onartu hainbesteko burrukaren ondoren kirolari batzuk etortzea esanaz Euskadi eta Euskal Herria ez direla berdina. Gure aberriaren historiaz eta politikaz hainbeste dakiten kirolari hauek jakin beharko lukete, abertzaleok ez dugula inolako ezberdintasunik ikusten Euskadi eta Euskal Herriaren artean. Jakin beharko lukete bi Nafarroak, Lapurdi eta Zuberoa proiektu amankomunatik kanpo uzten dituztenak soilik deitzen diotela Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa osotzen duten herrialdeei. Bakarrik beraiek... autodeituriko ezker abertzaleak kirolarien babes sutsuarekin martxan jarri duen estratejia berrira arte. A ze arraroa! gure aberriaren errealitate nazionala ukatzen dutenak eta indarkeriaz inposatu nahi dutenak interes bilgune batean elkarturik! Kirolari hauek jakin beharko lukete baita ere ez direla urte asko, ESAIT sortu baino lehenago, Donibane Lohitzuneko Euskal Pilota Mundialaren aurrean, Gaur egun Esait osatzen dutenen artean \"Euskadi gabe Mundialik ez/sin Euskadi no hay Mundial\" lelopean kanpaina baten protagonista izan zirela, oraindik autodeituriko ezker abertzalean barnean gaur egungo tentsio estratejiarekin hastea oraindik erabaki gabe zegoenean. Kirolari hauek inoiz ez ditugu ikusi arduraturik etaren terorismoarengatik (ETA, Euskadi ta Askatasuna), ezta euskal aberriak jasan dituen hainbat eta hainbat erasoekin. Kirolari hauetako asko Espainiako selekzioen kamiseta jantzi dute askotan, uko eta meatxuak egin gabe gainera kirolari hauen aldetik. Ez dugu inoiz manifesturik irakurri nun esaten duten uko egiten dietela Espainiako selekzioari. Bakarrik ezker abertzalearen estratejiaren aurrean erreakzionatzen dute, batzuek agian badakite zer sinatzen ari diren, baina gehienei gol ederra sartu diete, eskuadratik gainera. Errespetu bat eskatzen diet, Euskadi bateratu eta independiente batengatik lana egin eta zigorrak sufriarazi duten milaka euskadunengatik! \"Gora Euskadi Askatuta\" ohikatzen zuten bitartean hil direnengatik errespetua! Oraindik honetan sinesten dugun euskal biztanleekiko errespetua! Euskadi eta Euskal Herrian, zeren abertzaleentzako bat dira biak. Barailek ikus dezatela, espainiako selekzioraren kamiseta jarri baina euskalduna boikoteatzen duten bitartean. A ze erraza! Baina jakin dezatela Euskadi bateratu eta independiente bat lortu nahi dugunok burruka egiten jarraituko dugula hainbeste babestea kosta zaigun izen hau. Espero det urtero antzezten duten telenobela triste honen hurrengo kapituluan ez dezatela esan ikurrinarengatik ez direla errepresentatuak sentiarazten, ikusiko dugu.

12

odei | 2008-11-27

odei lopez naiz eta ados behin baino geiagotan joan naiz espainikoarekin joango ez nintzela ere esan nien arren aurrena. akaso ez duzue sinistuko baino ia negar ere egin dut txapelketa batean espainiarekin joanda, berdin da ZIURRENIK EZ NINTZEN PRENTSAURREKOAN ATERAKO ZU BEZELAKO JENDEA EZ BALEGO BOTEREAN BAINO ETZELAKO BEHARRIK IZANGO ETA EUSKAL SELEKZIOA IZANGO GENUKELAKO. ANIMO EUSKAL SELEKZIOA BABESTU NAHI DUTEN KIROLARI GUZTIAK.

11

2008-11-27

Atletismoan espainiako selekzioarekin joanez gero: koherentzia. Gure herrirako inbertsioak eta obrak lortzeko espainiako aurrekontua babestuz gero: Inkoherentzia. Ez zegok gaizki, ez, zuen koherentzia!!

10

2008-11-27

Lotsa sentitzearena beste kontu bat duk, eta norberak ikusi beharko dik bere kirolaren egoera zein den. Nik garbi zaukaat atletismoaren kasuan estatu mailako edo nazioarteko mailako txapelketatik at ez dagoela ia ezer garrantzitsurik. Orduan, zer egin beharko luke Odeiek, onenetariko bat izanda ere horri uko egin? Uste dut beti agertu duela jarrera osoa euskal selekzioaren inguruan, baita espainiako txapelketara joaten denean ere.

9

ja | 2008-11-27

inork ez zuen kritikatu futbitoko beasaindar talde ESPAINIARRA europatik barna zebilenean, futbolean denak balio baitu baina beste kiroletan eztabaida dago. Niri lotsa emango lidake espainiako koloreak eramatea egunean 3 ordu entrenatuta ere

8

kirolari goierritar bat | 2008-11-26

hemen bat baino gehiago odei lopezen jarrerarekin sartzen zarete eta honen aurrean bi gauza esan nahiko nituzke: Lehenik eta behin hemen odeiren jarrera kritikatu duzuenok garbi dago ez dakizuela zein den atletismoaren errealidadea eta orokorrean kirol gehienena,honekin zera esan nahi dut Odeiek espainiako selekzioarekin ez du nahi duelako gustuz parte hartzen, urte guztian egunero entrenatzen du eta kirolari guztion ametsa den bezela berea ere mundu mailan parte hartzea da. Beraz bere ametsa Euskal Herriko selekzioarekin parte hartzea da, horregatik eskatzen du Euskal Herriko selekzio bat eta bitartean beste erremediorik ez dagoelako espainiakoarekin parte hartzea besterik ez dago. Eta bere ogibidea arriskuan jartzearena diozuenei...zera esango nizueke ogibidea ez baino egunero entrenatzen egiten den esfortzua zerbaitetarako da. Nola notatzen den hemen odei kritikatu duzuenok ez dituzuela egunean 3 ordu entrenatzen... Ni ere Euskal Herriko selekzioaren alde!!!

7

Podemos... | 2008-11-26

Ikusten diatenez hemen jende asko zeok piper poto eta zezenarekin partiduak animatzera joango litzatekeena. Hor konpon zuek! Baina zergatik ematen dizue halako mine beste batzuk Euskal Herri osoko selekzioak eskatzea? Utzi pakean euskal kirolari eta zaleak, eta oiuka ezazue "podemos" Manoloren boboa joz.

6

2008-11-26

Leortako lopez jaunak ezin esan pisu jaurtiketakin bizi daittekenik beaz ... ezin esan, bere ogibidea arriskuan daunik. Espainiako selekziokin jokatzen dik baina hori bai, besteei lezioak emanaz ze ein eta ze ez!

5

cche guevara | 2008-11-26

nik txirrindulaari ohia nahiz 46urteditut eta bere garaian espainar selekziora deituko baniduten ez nintzen joango ,egia esan cadete arte lehiatu nuen eta humiltasunez esaten dut azkenetakoa nintzen,garrantzitsuena zen niretzat parte hartzea,bainan puntta punttan egongo banitz,orduan aukerrarik ez eta ezezkoa esan ezkero mendekua,bainan zoritzarrez gaur egun edo zorionez vascongzdetako kirol federazioek aldute legalki sortzea federazio eta selekzio Euskal Herrikoek munduen zehar lehitzeko eta jokatzeko,ARGIBIDE GEHIAGO NAHI DUENA DEITU DITZALA FEDERAZIOTARA,lotsa ez dfaukena maltzurkeriz eta gezurrez ari dena da,gero kirolari bakoitza gure buruaren jabe garenez,ahal dugun koerentziaz erabakiko dugu.

4

Euskal Hintxa | 2008-11-25

Zergatik ari zarete eztabaida hustu nahian? Zergatik mugatzen duzue dena izenaren inguruko eztabaida soilera? Egunotan EAJko buruzagiei entzundako hitz eta esaldi berberak ari zarete errepikatzen. Azken batean, izenaren atzean, euskal kirolariek aldarrikatzen dutena ofizialtasuna da, Euskal Federazioak eta EAJk lortu nahi ez dutena (3 probintzitako selekzioa bultzatzen ari baitira, horri nahi diozuen izenarekin deitu). Horregatik 'moskeatu' dira hainbeste. Gogoratu kirolariek sinatu duten agiriaren lema: 'Nazio bat, selekzio bat, federazio bat'.

3

2008-11-25

Zer dela eta jarri duzu LOPEZ hitz larriz? Oraindik horrelako arrazistarik badago EUSKAL HERRIAN?

2

2008-11-25

Sinadura gutxiago eta lan gehiago, hori da egin behar dutena euskal futbolariak, tontakeritan denbora galtzen dute eta gero hala doaz gure futbol taldeak, okerretik okerrera. Gainera lotsa izan behar dute euskaldunon selekzioari tontakeri batengatik uko egin eta ondoren espainiarren selekzioarekin arazorik gabe jokatzeko, lotsagarria, ha ze euskaldunak. Zenbat Gudari ez ziren hil Gora Euskadi oihukatuz? zenbat? A ze errespetu gutxi. Euskadi eta Euskal Herria berdina da, BERDINA, eta buru pixkat duen edonori agiria ez sinatzeko eskatuko nioke.

1

2008-11-25

Espainiako selekzioarekin joaten pisujaurtitzailea den Odei LOPEZek dio euskal selekzioak EUSKAL HERRIA izenpean joan behar duela eta bestela, ezer ez? Lotsa pixka bat izatea ere ....

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.
Futbolariek ateratako idatziarekin bat egiteko sinadurak biltzen hasiko da Esait

Esaiteko kideak eta kirolariak, gaur, Altamira estadioan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

Lege Informazioa