« Komunismoak garaitu gaitu17:44 »

2008/09/25

21:28:06 , Borthuzai , 793 hitz, 126 aldiz ikusia  
Atalak: musika

20 urte Asfaltoko Trikitixa jaio zela

Eskelen atalean begiratu dut lehenik. Baina ezer ere ez.
Normala, pentsatu dut ondoren, urtebetetzeen atalean begiratu beharko nuke agian.
Baina hemen ere ez.
Telebista programazioari heldu diot gero, ETB1… non dago etebebaaattt… hemen!
Baina hemen ere aipamenik ez.

Gaur, Irailak 25, betetzen dira 20 urte.
20 urte trikitixa klasikoa hil zenetik, edo hobe esan, trikitixa modernoa jaio zenetik,trikitixa gaztea, trikitxa berria, hiriko trikitixa.
Baina inon ez da ageri.

trikitixa

Beno, agian ez zen gaurko egunez justo sortu, baina jaio bai, hori ziur. Haurrak ’sortu’ eta hilabete batzuetara jaiotzen diren bezalaxe jaio zen trikitixa berria gaurko egunez orain 20 urte haurdunaldi luze eta kritiko baten ondoren.

trikitixa

Esan bezala kontua aurretik zetorren, 80. hamarkada hasieratik edo.
Trikitixari erromerietan ‘kajaderitmosa’ ipintzen ziola Martinek lagun, gitarra ere bai beste batzuek, ‘sol’ tonuko trikitixekin abestea errazagoa egiten zela… Gaur egun tontakeriak badirudite ere, garai hartan sekula ikusi gabeko kontuak ziren, eta argi eta garbi zerbait aldatzera zihoala erakusten zuten.
Izan ere, erromeria berritu beharra zegoen!

erromeria

1985
eko txapelketa adibidez Miren eta Iturbidek irabazi zuten. Hau da, solfeo, piano eta soinu handi ikasketak zituen trikitilari batek. Ordura arte sekula ikusi gabea.

Trikitixa munduko iraultzaren hurrengo pausoa, 1986-ko Irailaren 21eko Trikitixa Txapelketa Nagusia-n izan zen eta oraingo honetan batez ere bi bikoterengatik: Tapia eta Leturia; Kepa eta Motriku.

tapia eta leturia kepa
Tapia eta Leturia, eta Kepa eta Ramos (1982-ko argazkia da, 1986-ko Kepa eta Motriku-renik ez baitut topatu)

Bikote bakoitzak bere berezitasunak zituen.
Tapia eta Leturiakduo’-an abesten zituzten trikitixa eta porrusalda (ordura arte imajina ezina), eta pieza edo kantu berri konplexuak jo zituzten abiada bizian, baina baita zehaztasun ikaragarriz ere.
Kepa eta Motriku-k berriz, benetako iraultza sortu zuten trikitixaren munduan. Beraien piezen doinuek, konplexutasunak, akordeek, teknikak… ez zuten aurrekaririk. Denak aho zabalik utzi zituzten…
…baina ez zuten txapela etxera eman.

Kalejira jotzerakoan Motrikuri hitzak ahaztu baitzitzaizkion, eta horrek, puntu asko kendu.

Txapelak beraz, Tapia eta Leturiaren buruetara joan ziren, baina motz geratzeko beldur handiegirik gabe esan liteke, mundu berri oso bat sortu zutela txapelketa hartan bi bikote hauek.

Jende asko noski, trikitixa berri honen aurka agertu zen: trikitixa edo rock-a zer zen hura, soinu txikirarekin jotzen den dena ez dela trikitixa, hori trikitilari txapelketa bat zela eta ez teknika txapelketa bat, trikitixa pieza berri horiek erromerietarako ez zirela aproposak, ez zirela dantzagarriak, bakailao txapelketetan ere marmitakorik ez zutela onartzen…
Denetik entzun behar izan zituzten gure bi bikote gazteek.

trikitixa

Bi urtetara berriz, 1988-ko Irailaren 25eko Trikitixa Txapelketa Nagusian, aipaturiko bi bikote horien errebantxa izango zela ziurtzat jotzen zen.

Gipuzkoa vs. Bizkaia
Trikitixa berria baina zaharrean oinarritua vs. Trikitixa iraultzailea

tapia eta leturia

Anoetako frontoitik, belodromora pasa zen txapelketa jendetzari leku egiteko, bertsolari txapelketa jendetsuetan bezala.
Eta espektatibak bere osotasunean bete ziren:
1986-an Kepari modernoegiak izateagatik horrenbeste kritikatu zitzaizkion piezak semifinaletan gehien erabiliak izan ziren beraien konplexutasunagatik, eskola zaharreko trikitilariek ez zuten txapelketan parte hartu…

Baina finalean… finalean zer pasako, eta

1. Tapia eta Leturia
2. Martin eta Imanol
3. Kepa eta Motriku

Kepa eta Motrikuk beraien lana ezin hobe egin zuten urte horretan ere, baina 3. postu polemiko batekin soilik konformatu behar izan zuten.

1988 txapelketa
Tapia, Motriku eta Kepa

Joseba Tapia, segituan konturatu zen txapelak berea baino Keparena izan behar zuela, eta eskerrak emateko kantatu zuen bertsoan hala esan omen zuen:

“…atzera geratzea
nahiago nuen kasi
ez det ikusi baina
ez gendun merezi”

Txapelketako finaletik egun batzutara, erabili zuen trikitixa oparitu zion Tapiak Kepari ikur bezala.

Oso interesgarria da halaber, orain urtebete Joseba Tapiak bere webgunean idatzi zuen hemengo artikulu hau.


“…Lehenengo saria eman ziguten Leturia eta bioi baina jende guziarentzat Kepa Junkerak merezi izan zuen irabaztea. Eta neroni ere iritzi horretakoa naiz. Puskatu, berritu eta harritu hark egin gintuen. Ez zen juxtua izan epaia. Justiziarik gabe irabazteak ez du trankil uzten bat.
Kepa artista bezala joan zen txapelketara. Bere sormena eta abilezia muturreraino eramaten saiatu zen. Ez zen txapela irabaztera joan edo nahi baduzue inozente joan zen…”

eta ondoren:

“Bertsolari txapelketa batean gertatua datorkit gogora. Uztapide eta Xalbador azken saiora pasa zirenean 1967an. Jendeak txistu egin zion Xalbadorri eta gero Txalo zaparrada jaso zuen. Nori eman zioten txapela? Uztapideri. Nor kantatzen dute gaur egun kantariek? Ez Uztapide, noski. Eta hala ere txapela irabazteko ez zuen nahikoa egin, baizik eta gehiegi. Uztapideren bertsoak ziren jendeak eta juradoak espero zituenak. Baina gogoratu ere ez ditugu egiten gaur. Xalbador gogoratzen dugu gaur.”

Ez zaio arrazoirik falta.
Ez jauna!

Gauzak horrela, urte horretan trikitixaren mundua guztiz irauli zen.
Trikitixaren boom-ak ehunka (edo milaka?) gazte eraman zituen trikitixa eskoletara, trikitilari gazte txapelketak euskadi guztian zabaldu ziren, trikitixa pieza berrien txapelketak sortu ziren…

Ezer ez zen berdina izan 1988ko Irailaren 25 hartatik aurrera.

erromeria

Baina dakizuenez, igotzen den guztia, lehenago edo beranduago jaitsi egiten da, eta trikitixaren lorealdi hura ere pasa zen.

A! Handik urte mordoska batetara jakin genuen aipatzen ari garen Kepa-ren abizena Junkera zela. Eta hor dabil oraindik trikitia eskuan.

kepa

(erabat gomendagarria www.trikimailua.com-eko 1986-ko eta 1988-ko txapelketen inguruko textuak.)

erantzun 1

Erantzun


Your email address will not be revealed on this site.

Zure URL-a erakutsiko da.
(Line breaks become <br />)
(Name, email & website)
(Allow users to contact you through a message form (your email will not be revealed.)
This is a captcha-picture. It is used to prevent mass-access by robots.
Please enter the characters from the image above. (case insensitive)
Abendua 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

"ntik", azken batean ene kontutxoetaz mintzatuko naizelako. Eta "ngaiz", denetik aurkituko duzuela esatea ere gehiegitxo izango bada ere, buruz kontatzen hasita, 1, 2, 3, 4, 5... eta horrela 'n' gai behintzat bururatzen zaizkidalako. Kaixo, jon artola artano nauzue.

Bilaketa

XML jarioak

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software