2008/06/26

17:59:26 , Borthuzai , 57 hitz, 180 aldiz ikusia  
Atalak: pertsonalak, zinea

¡PODEMOS!

Barkatuko didazue, baina gaur ere ez dut idazteko gogorik.
Ez dakit zer dudan. Aspaldi nekatu antzera nabil, indar handiegirik gabe…
Oporren falta soilik agian.
Hori izango da…

Pelikula bat ikustera noa. Andrei Tarkovski-ren Nostalghia.
Ea hirugarren edo laugarren saiakera honetan bukatzea lortzen dudan :-)
Izan ere, horrelako irudi politdun pelikula bat nola utzi erdibidean.

tarkovski

tarkovski3

tarkovski2

Eta gero…
8.45-etan…

¡PODEMOS!

podemos

2008/06/22

19:28:57 , Borthuzai , 27 hitz, 99 aldiz ikusia  
Atalak: pertsonalak, poesia

Taupadak

“…Neskak entzun ezkero
danbolinen otsa
taup-taup bular-barruan
dauke euren biotza…”

Eskonduteko… Negua (1896) Eusebio Maria Azkue

(molto lento)

taup - taup
taupadaka

taup - taup
bihotz

taup-……………
……………-taup
bi hots

bihotza

Etiketak: poesia bihotza

2008/06/18

20:52:12 , Borthuzai , 254 hitz, 79 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Muturrak

Zuek ere askotan entzungo zenuten muturrek maiz elkar ukitzen dutela, ezta?

Ez, beno, Carmen de Mairena aparteko kasu bat da! :-) Ez naiz berak emandako musuetaz ari, orokorrean baizik.

a

Txikitan, bi lerro paralelek adibidez infinituan elkar ukitzen zutela esan zigutelakoan nago.
Eskuin-muturraren eta ezker-muturraren estetika berdintsua dela ere agerikoa da.
Jende listo-listo-listo-listoa omen denak, azkenean tontotik gehiago izaten duela ere ez didazue ukatuko.
Naturan berriz, neguak uda pare bat aldiz ukitzen du urtean.
Gogoan dut baita ere Dalí eta Oteiza-k, Velazquez-en Meninetan nola topo egiten zuten komentatu nuela aspaldi batetan nire aurreko blogean.

Bada, usaimenarekin eta dastamenarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela esan genezake. Hots, oso ezberdinak, muturrekoak diren bi usain edo zaporek, diruditena baino “antz” handiagoa izan dezaketela.

b

Eta “antza” diodanean ‘molekularki’ esan nahi dut. Usain desberdinak, azken batetan gure sudurretara iristen diren molekula ezberdinek sortuak baitira. Eta zaporeek usaimenarekin erlazio zuzen-zuzena dutela ere jakina da.

Indola molekulak esate baterako, kontzentrazio handitan ustel-usaina omen du, baina kontzentrazio txikietan lore-usaina. Perfumeak egiteko erabiltzen omen da molekula hau adibidez.
(Beno, hala irakurri dut behintzat hemen eta baita sinestsi ere :-)

Nahiko bitxia, ezta?

Beno, ba Kas Limon eta Kas Naranajarenak… horrek bai ez duela galerarik! :-)
Dirudienez, eta aipaturiko artikulotik hartua hau ere, bi zaporeen oinarriak molekula berbera dago!! Limonelo molekula hain zuzen!

a

Gertatzen dena da, hori bai, limoi zaporean limonelo molekula era batetan agertzen bada, laranjazkoan bere simetrikoa agertzen dela.
Horra hor gakoa.

Baina beno, zertarako horrenbeste txapa, muturrek elkarrekin ukitzen dutenaren adibide garbi, zuzen, eta berealakoagoak milaka baditugu gure inguruan.
Begira! Begira! :-)

2008/06/15

21:17:53 , Borthuzai , 100 hitz, 110 aldiz ikusia  
Atalak: musika

Denboren amaierarako laukotea

1940. urtean, Olivier Messiaen naziek atxilotua eta Görlitz-ko kontzentrazio esparrura eramana izan zen.

1941-eko urtarrilean, kontzentrazio esparruko preso-musikajoleen gaitasunei moldatuz konposaturiko ‘Denboren amaierarako laukotea’ obra estreinatu zuen kontzentrazio esparruan bertan 400 pertsonen aurrean (preso edo militarrak denak).

“Sekula ez nintzen horrenbeste arreta eta ulermenez entzuna izan” aitortuko zuen frantziarrak handik denbora batetara.

Urte hartan bertan izango zuen Messiaen-ek kontzentrazio eremutik irteteko zortea, eta XX. mendeko konposatzailerik garrantzitsuenetakoa izatera eramango zuen karrerarekin jarraitzeko aukera.

Goikoa, obrako zortzigarren eta azken mugimendua da, Kyung Wha Chung biolinjoleak aurkeztua.
Obrako bostgarren mugimendua berriz, are ederragoa posible bada.

2008/06/11

18:35:27 , Borthuzai , 393 hitz, 201 aldiz ikusia  
Atalak: AHTrik EZ

Hau AHT-aren aldeko propaganda al da? (III)

Ordiziarrek jakingo duzuenez, orain aste batzuk AHT-aren inguruko informazio ‘ofiziala’ banatu zuten etxez-etxe.

Informazio orri hau, bi zatitan bereizten da: Obrak nola egingo dituzten (eragin bisual minimoa izango duela Goierrin, kamioiak egunez soilik ibiliko direla…) eta Euskal-Y-ak ekarriko dituen ‘onurak’.

aht

Egia esan aurkezten dituzten ‘onura’ hauek, Eusko Jaurlaritzak orain arteko informazio txostenetan eman dituzten berberak dira, eta gaur, guztiak biltzen saiatuko naiz.
(Ei! Saiatu esan dut, e? Ez lortuko dudanik :-)
Ea ba!:

- Bilbo, Donostia, Gasteiz artean egunero 47.000 joan etorri egiten dira errepidez.
- N1-ean egunero 30.000 ibilgailu ibiltzen dira.
- AHT-ari esker, N1-etik 1.100 kamioi eta 1.200 autotik gora desagertuko dira, A8-tik 1.690 eta A68-tik 2.475. (6.465 ibilgailu guztira)

Hortik aurrera hitz asko eta datu gutxi: enplegua sortzeko komunikabide onak beharrezkoak direla, etorkizunean trena izango dela garraiobide jasangarrietan protagonista… Baina ez zenbat lanpostu sortuko dituen industrian, ezta AHT-aren azpiegituren energia kontsumoa zein den ere…

aht2

Ikusten duzuenez, azken hamar urte hauetan kamioi kopurua bikoiztu egin dela, eta beraz, Euskal-Y-aren betebeharretako bat Euskadiko errepide nagusiak arintzen laguntzea izango dela, hori bai, badiote, eta lehen aipaturiko datuak eman
Baina ikus dezagun:

- Hiriburuen artean egunero 47.000 joan etorri egiten badira, eta 6.465 ibilgailu kendu behar badituzte denera, honek esan nahi du,

IBILGAILUEN %13-A KENDU BEHAR DUELA AHT-AK EUSKO AUTONOMI ERKIDEGOAN

- N1-ean berriz, egunero 30.000 ibilgailu badabiltza, eta 2.300 kendu behar badituzte, honek esan nahi du,

IBILGAILUEN %7.6-A KENDU BEHAR DUTELA N1 ERREPIDEAN

Eta 2.300 ibilgailu kendu behar badituzte egunean, pentsatzekoa da erdiak norantza batekoak izango direla, eta besteak kontrako norantzakoak. Beraz, 1.150 ibilgailu kenduko dituzte N1-ean Beasain-Donostia norantzan, eta beste 1.150 ibilgailu Donostia-Beasain norantzan.
Eta egunak 1.440 minutu baditu… honek esan nahi du,

MINUTU ETA 25 SEGUNDUKO IBILGAILU BAT KENDUKO DUTELA N1-EAN KAMIOI ETA AUTO ARTEAN

Edo zifrak borobilduz,

5 MINUTUKO, 4 IBILGAILU GUTXIAGO N1-EAN AHT-ARI ESKER

Eta orain proposamen bat luzatu nahi dizuet. Ipini N1-ari begira, eta esan 5 minutuko 4 ibilgailu kentzea asko den, edo ez.

Eusko Jaurlaritzak ematen dituen datuei begira beraz (eta datu optimistak izango direla pentsatzekoa da AHT-a saldu nahi digutelako)

EAE-N SEKULA EGIN DEN OBRARIK GARESTIENAK, AHT-AK, EZ DU IBILGAILUEN ARAZOAREN %90-A SOLUZIONATZEN

Horiek dira datuak.
Hortik aurrera, hitzak, desioak…

Ez dut uste langile arruntoi, gure enpresetan inoizko gasturik handiena suposatuko lukeen inbertsio bat horren datu gutxirekin onartuko liguketenik, ezta?
AHT-ren kasuan ordea…

Eta esango duzue, baina nik bitartean betikoarekin jarraitzen dut. Honi, The Simpsons-eko Monorail-ari baino itxura txarragoa hartzen jarraitzen diot…

aht3
(sentitzen dut irudiaren kalitatea, baina putopaint-arekin egin dut…;-)

Etiketak: aht

2008/06/08

17:34:06 , Borthuzai , 316 hitz, 128 aldiz ikusia  
Atalak: zinea, artea, poesia

Zenbait argazki(lari)

Ni musika dezente entzundakoa naiz. Estilo askotarikoak (klasikotik makarradetara), eta zenbait diskek “bizitza aldatu” didatela esateko arazorik ere ez dut.
Baina ni, tipo “bisuala” naiz gehienbat.
Hau da, gustagarriagoak zaizkit begietatik sartzen diren gauzak (pelikulak, margolanak…), ez dakit, errazago ’sartzen’ zaizkit. Esan liteke, Howard Gardner-ek bereizten zituen inteligentzia desberdinen artean, nire kasuan inteligentzia edo adimen musikala baino garatuagoak baditudala beste batzuk.

dut Nire lehen katarsi musikaletako bat. dut-en lehen diska

Eta nire konfesatoki pribatua bihurtu dudan interneteko txoko baztertu honetan nire pekatu guztiak aitortzen jarraitu behar izan ezkero, onartu behar dut argazkilaritza izan dela lehen aipaturiko aktibitate bisualen artean grazia gutxien egin izan didana. Beraz, ez dut inoiz gaian gehiegi sakondu eta ez dut ideiarik ere.
Noizbait agian (aspaldidanik argazkilaritzaren inguruan buruan dudan korapiloa askatzean eta diskurtso koherente samar bat osatzean) idatziko dizuet hontaz. Baina lasai, oraindik ez da egun hori iritsi eta :-)

Kontua da, azkenaldi honetan argazkilaritzaren inguruko zenbait kontuekin gustora topatu dudala nire burua :-)

Asko gustatu zaidala Light-Painting-aren ideia.
Kamarako obturagailua irekita utzi, eta linterna baten laguntzaz negatiboan margotzearen ideia.

picasso

Esan liteke ez dela ez argazkilaritza, ezta pintura ere, tarteko kontu bat baizik.
Airean marraztea, negatiboaren gainean marraztea, denbora tarte baten (segundo batzuen) joana irudi oso batetan islatzea, amaierarte emaitza ez jakitea… baditu elementu interesgarriak, bai jauna.
Jendeak gauza kurioso askoak egiten ditu horrela.

light

Asko gustatu zait baita ere Edward Burtynsky argazkilariaren inguruan egindako Manufactured Landscapes film dokumentala. Erabat-erabat-erabat gomendagarria. Flipatzeko modukoa.

mina

Eta azkenik, asko gustatu zaizkit baita ere LAPIZ aldizkariari esker ezagutu dudan Gregory Crewdson-en argazkiak.

crewdson3

crewdson2

Badute zera misteriotsu bat.
Zerbait kritikoa, traszendentala gertatu dela, edo gertatu behar dela dirudi beti.
Badute Sarrionandiaren Kaleko Kronika poesiaren giroa…

Egunsentian erlojuak besterik
ez du bihotza.

Nortzu dira solasean doazen bi mutilok?
Nortzu dira auto blindatuko gizon
uniformatuok?

Nor da leihotik begira dagoen anderea?

Haizeak bere sekretu motelak darabiltza.

Zeozer gertatu behar da, udaberriko
goizik arruntenean, baina oraindik
inork ez daki zer.

crewdson

2008/06/04

17:57:49 , Borthuzai , 28 hitz, 127 aldiz ikusia  
Atalak: pertsonalak

Einstein eta Mondragón Corporación Cooperativa

mcc

“… Fisikako ekuaziorik ezagunena, jakina, Arrasateko Mogimendu Kooperatiboa da, MCC,
edo MC ber bi…”


Fisika. Sormena. Etorkizuna
Pedro Miguel Etxenike

etxenike

Jajajaja! Qué cachondo! :-)
Ampo/Poyam eta Irizar-go ezjakin hauek!
:-)

einstein

2008/06/01

17:30:09 , Borthuzai , 298 hitz, 104 aldiz ikusia  
Atalak: zinea, artea

Emak Bakia

Badira New York-eko MoMA-n (Museum Of Modern Art) eta London-go Tate Modern museoetan Emak bakia izeneko artelan bana.
Baina ez, izen erabat euskalduna eduki arren ez dira euskal artista batek eginak, Man Ray artista estatubatuarrak baizik.

man ray Man Ray (1890-1976)

Izan ere, Dadaismo eta Surrealismoaren izen nagusienetakoa den Man Ray-k, 1926 urtean euskal lurretan denboraldi bat eman zuen, lagun aberats baten Miarritzeko etxean hain xuxen, eta tarte hartan Emak Bakia eskultura sortu. Gaur egun lehen aipaturiko museoetan dauden aleak, lan originalaren erreplikak omen dira.

emak bakia Emak Bakia

Ez naiz ni arte kontuetan aditua, baina lan hau bere adierazgarrenetakoa izango dela pentsatzekoa da, museo garrantzitsu horietan egoteaz gain, Taschen argitaletxearen Arte del Siglo XX liburu mardulean ere aipatzen baita artelan hau.
Honako hau ipintzen du bertan:

“… En cambio, su Emak Bakia consta de una cola de caballo rubia que emerge del brazo serpentino de un contrabajo: una cabellera sedosa y vaporosa en la que la sugerencia antropomórfica de las cuerdas remite a una metáfora visual y táctil de los suaves sonidos que emite el instrumento…”

Niri, instrumentuaren lehuntasunaren metafora bisual zein ukimenezko aipu horrek, ziurrenik ezagutuko duzuen Man Ray-ren ondorengo lan hau ekartzen ditu burura. Ez dakit zuei…

kiki

“Baina beno- pentsatzen ariko zarete onezkero- zer dela eta Emak Bakia izena?”
Ba dirudienez, Miarritzen egon zeneko etxearen izena berau zelako. Hala diote behintzat google-eko jakintsuek :-)

Baina eskultura horretaz gain, Emak Bakia izeneko beste lan bat egiteko beta ere eman zion Man Ray-ri euskal herrian izan zenean. Laburmetrai bat hain zuzen, edo artista berak definitu zuen bezala, zinepoema bat.

Orain egun batzuk topatu nuen berau intereneten, eta horregatik erabaki post hau idaztea. 1926-ko laburmetrai honek, eta beraz lehen film euskalduna izan litekeen honek (bromaaaa… ;-) merezi duelakoan. Laburmetraiean bertan ikus dezakezue aipatu dugun eskulturaren originala.

On dagizuela!

Ekaina 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30            

"ntik", azken batean ene kontutxoetaz mintzatuko naizelako. Eta "ngaiz", denetik aurkituko duzuela esatea ere gehiegitxo izango bada ere, buruz kontatzen hasita, 1, 2, 3, 4, 5... eta horrela 'n' gai behintzat bururatzen zaizkidalako. Kaixo, jon artola nauzue.

Bilaketa

XML jarioak

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software