2008/09/30

18:09:00 , Borthuzai , 64 hitz, 119 aldiz ikusia  
Atalak: pertsonalak

Komunismoak garaitu gaitu

Mendebaldean inoizko krisirik handiena.
Amerikar Estatu Batuetako gobernua bankuak nazionalizatzen eta enpresa pribatuei dirua ematen.
Europan ere beste hainbeste.
CEOE-ko presidentea merkatu librearen suspentsioaz hizketan.

Eta bitartean,
Txina espaziora jendea bidaltzen.
Txina, Olinpiadetan domina gehien irabazi zituen estatua
Jatetxe eta denda txinatarrak mundu guztian zabaltzen
Mundu guztia Txinako merkatuen menpe

Onar dezagun,

KOMUNISMOAK GARAITU GAITU

komunismoa

Hori, google-en open source mobilaren inguruko kontuez ez mintzatzearren…

komunismoa
:-)

2008/09/25

21:28:06 , Borthuzai , 793 hitz, 127 aldiz ikusia  
Atalak: musika

20 urte Asfaltoko Trikitixa jaio zela

Eskelen atalean begiratu dut lehenik. Baina ezer ere ez.
Normala, pentsatu dut ondoren, urtebetetzeen atalean begiratu beharko nuke agian.
Baina hemen ere ez.
Telebista programazioari heldu diot gero, ETB1… non dago etebebaaattt… hemen!
Baina hemen ere aipamenik ez.

Gaur, Irailak 25, betetzen dira 20 urte.
20 urte trikitixa klasikoa hil zenetik, edo hobe esan, trikitixa modernoa jaio zenetik,trikitixa gaztea, trikitxa berria, hiriko trikitixa.
Baina inon ez da ageri.

trikitixa

Beno, agian ez zen gaurko egunez justo sortu, baina jaio bai, hori ziur. Haurrak ’sortu’ eta hilabete batzuetara jaiotzen diren bezalaxe jaio zen trikitixa berria gaurko egunez orain 20 urte haurdunaldi luze eta kritiko baten ondoren.

trikitixa

Esan bezala kontua aurretik zetorren, 80. hamarkada hasieratik edo.
Trikitixari erromerietan ‘kajaderitmosa’ ipintzen ziola Martinek lagun, gitarra ere bai beste batzuek, ‘sol’ tonuko trikitixekin abestea errazagoa egiten zela… Gaur egun tontakeriak badirudite ere, garai hartan sekula ikusi gabeko kontuak ziren, eta argi eta garbi zerbait aldatzera zihoala erakusten zuten.
Izan ere, erromeria berritu beharra zegoen!

erromeria

1985
eko txapelketa adibidez Miren eta Iturbidek irabazi zuten. Hau da, solfeo, piano eta soinu handi ikasketak zituen trikitilari batek. Ordura arte sekula ikusi gabea.

Trikitixa munduko iraultzaren hurrengo pausoa, 1986-ko Irailaren 21eko Trikitixa Txapelketa Nagusia-n izan zen eta oraingo honetan batez ere bi bikoterengatik: Tapia eta Leturia; Kepa eta Motriku.

tapia eta leturia kepa
Tapia eta Leturia, eta Kepa eta Ramos (1982-ko argazkia da, 1986-ko Kepa eta Motriku-renik ez baitut topatu)

Bikote bakoitzak bere berezitasunak zituen.
Tapia eta Leturiakduo’-an abesten zituzten trikitixa eta porrusalda (ordura arte imajina ezina), eta pieza edo kantu berri konplexuak jo zituzten abiada bizian, baina baita zehaztasun ikaragarriz ere.
Kepa eta Motriku-k berriz, benetako iraultza sortu zuten trikitixaren munduan. Beraien piezen doinuek, konplexutasunak, akordeek, teknikak… ez zuten aurrekaririk. Denak aho zabalik utzi zituzten…
…baina ez zuten txapela etxera eman.

Kalejira jotzerakoan Motrikuri hitzak ahaztu baitzitzaizkion, eta horrek, puntu asko kendu.

Txapelak beraz, Tapia eta Leturiaren buruetara joan ziren, baina motz geratzeko beldur handiegirik gabe esan liteke, mundu berri oso bat sortu zutela txapelketa hartan bi bikote hauek.

Jende asko noski, trikitixa berri honen aurka agertu zen: trikitixa edo rock-a zer zen hura, soinu txikirarekin jotzen den dena ez dela trikitixa, hori trikitilari txapelketa bat zela eta ez teknika txapelketa bat, trikitixa pieza berri horiek erromerietarako ez zirela aproposak, ez zirela dantzagarriak, bakailao txapelketetan ere marmitakorik ez zutela onartzen…
Denetik entzun behar izan zituzten gure bi bikote gazteek.

trikitixa

Bi urtetara berriz, 1988-ko Irailaren 25eko Trikitixa Txapelketa Nagusian, aipaturiko bi bikote horien errebantxa izango zela ziurtzat jotzen zen.

Gipuzkoa vs. Bizkaia
Trikitixa berria baina zaharrean oinarritua vs. Trikitixa iraultzailea

tapia eta leturia

Anoetako frontoitik, belodromora pasa zen txapelketa jendetzari leku egiteko, bertsolari txapelketa jendetsuetan bezala.
Eta espektatibak bere osotasunean bete ziren:
1986-an Kepari modernoegiak izateagatik horrenbeste kritikatu zitzaizkion piezak semifinaletan gehien erabiliak izan ziren beraien konplexutasunagatik, eskola zaharreko trikitilariek ez zuten txapelketan parte hartu…

Baina finalean… finalean zer pasako, eta

1. Tapia eta Leturia
2. Martin eta Imanol
3. Kepa eta Motriku

Kepa eta Motrikuk beraien lana ezin hobe egin zuten urte horretan ere, baina 3. postu polemiko batekin soilik konformatu behar izan zuten.

1988 txapelketa
Tapia, Motriku eta Kepa

Joseba Tapia, segituan konturatu zen txapelak berea baino Keparena izan behar zuela, eta eskerrak emateko kantatu zuen bertsoan hala esan omen zuen:

“…atzera geratzea
nahiago nuen kasi
ez det ikusi baina
ez gendun merezi”

Txapelketako finaletik egun batzutara, erabili zuen trikitixa oparitu zion Tapiak Kepari ikur bezala.

Oso interesgarria da halaber, orain urtebete Joseba Tapiak bere webgunean idatzi zuen hemengo artikulu hau.


“…Lehenengo saria eman ziguten Leturia eta bioi baina jende guziarentzat Kepa Junkerak merezi izan zuen irabaztea. Eta neroni ere iritzi horretakoa naiz. Puskatu, berritu eta harritu hark egin gintuen. Ez zen juxtua izan epaia. Justiziarik gabe irabazteak ez du trankil uzten bat.
Kepa artista bezala joan zen txapelketara. Bere sormena eta abilezia muturreraino eramaten saiatu zen. Ez zen txapela irabaztera joan edo nahi baduzue inozente joan zen…”

eta ondoren:

“Bertsolari txapelketa batean gertatua datorkit gogora. Uztapide eta Xalbador azken saiora pasa zirenean 1967an. Jendeak txistu egin zion Xalbadorri eta gero Txalo zaparrada jaso zuen. Nori eman zioten txapela? Uztapideri. Nor kantatzen dute gaur egun kantariek? Ez Uztapide, noski. Eta hala ere txapela irabazteko ez zuen nahikoa egin, baizik eta gehiegi. Uztapideren bertsoak ziren jendeak eta juradoak espero zituenak. Baina gogoratu ere ez ditugu egiten gaur. Xalbador gogoratzen dugu gaur.”

Ez zaio arrazoirik falta.
Ez jauna!

Gauzak horrela, urte horretan trikitixaren mundua guztiz irauli zen.
Trikitixaren boom-ak ehunka (edo milaka?) gazte eraman zituen trikitixa eskoletara, trikitilari gazte txapelketak euskadi guztian zabaldu ziren, trikitixa pieza berrien txapelketak sortu ziren…

Ezer ez zen berdina izan 1988ko Irailaren 25 hartatik aurrera.

erromeria

Baina dakizuenez, igotzen den guztia, lehenago edo beranduago jaitsi egiten da, eta trikitixaren lorealdi hura ere pasa zen.

A! Handik urte mordoska batetara jakin genuen aipatzen ari garen Kepa-ren abizena Junkera zela. Eta hor dabil oraindik trikitia eskuan.

kepa

(erabat gomendagarria www.trikimailua.com-eko 1986-ko eta 1988-ko txapelketen inguruko textuak.)

2008/09/22

2008/09/16

20:16:45 , Borthuzai , 358 hitz, 183 aldiz ikusia  
Atalak: artea

... eta zu? Nor zara zu Afrodita? Φρύνη ?

gorputza

Izan ere, orri honetako Afrodita hauen atzean dagoen eredua denetan berdina da, modelo berbera, emakume berbera:


Μνησαρετή

frine

Μνησαρετή edo Mnêsaretế, Tespis hirian K.a. 328. urtean jaio, baina grezia osoan Φρύνη edo Frine izenez ezagunagoa egin zen hetaira bat zen.

Garaiko emakumerik ederrena askoren ustez, eta Afrodita guzti hauen eredu.

Frine hitzaren esanahia ‘zapoa’ da, eta dirudienez goititzen hori ipini zioten Mnêsaretế-ri bere azalaren kolore horixka zela eta.
Esan bezala, Frine hetaira bat zen, hau da, geishen antzeko luxuzko prostituta edo ‘konpainiako dama’ bat: dantza eta musikan abila, hezkuntza handikoa (emakume arruntek ez zuten bezalako hezkuntza, esan nahi da)… Sinposiumetan hetairen hitz eta iritziak gizonek oso errespetatuak izaten omen ziren gainera.

Horrenbesterakoa omen zen Frine-ren edertasuna, ezen garaiko Afrodita ugari inspiratu zirela beragan.

Egun batetan, Apeles margolariak Poseidon jainkoari eskeiniriko festa batetan Frine biluzik uretara sartzen ikusi omen zuen, eta ondorengo ‘Afrodita Anadyomene’ margolana inspiratu. Frine bera izango zen margolanerako modelo.

gorputza

Praxiteles eskulturgilearen maitale eta musa ere izan zen, bere Afrodita guztien eredu. Hots, maitasun, emankortasun eta emakumearen edertasunaren jainkosaren eredu. (Puff! Ia ezer! :-) Ondorengo ‘Knidos -ko Venusaren’ eredu esate baterako, historian zehar gehien kopiatu den eskulturetako bat hain zuzen.

gorputza
Praxiteles-en Afroditaren kopietako bat, originalaren berririk ez baita.

Baina ez zen dena zorion izan Frine-ren bizitzan. Behin batean Frine-ren maitaleetako batek, jeloskortasunak eraginda, Frine asebeia edo inpietateaz akusatu zuen, hau da, bere edertasuna Afrodita jainkosarenarekin konparatu izanaz. Gogoratu behar da, ateniarrek egin zezaketen deliturik larrienetakoa zela inpietatearena. Sokrates bera ere antzeko akusazio batengatik hil zen.

Frineren defentsa abokatua, Platon-en ikasle zen Hiperides hospetsua zen Praxiteles beraren eskariz, baina epaileek Frine kondenatu behar zutela argi zirudien, epaiketa ez zihoan Hiperides-ek nahi bezala…

Eta orduan, Hiperides-ek, epaileak konbentzitzeko gai ez zela ikusi eta gauzak gaizki zioazela antzemanda, azken metodo bat erabili zuen:

FRINERI BERE ARROPA GUZTIAK KENDU ZIZKION BAT-BATEAN EPAILE AGUREEN AURREAN ERABAT BILUZIK UTZIZ,

frine
Jean-Léon Gérôme-ren ‘Phryné devant l’Areopage’

eta benetako krimena, horrelako edertasun bat munduari ukatzea izango zela esan zien, Frine-ren edertasuna Afroditari eskainiriko tributu bat zela bere horretan.

Argudio horren aurrean noski, epaileek ez zuten Frine aske uztea beste aukerarik izan.

EDERTASUNA = ONGIA

aurpegia

P.D.: 3000 hiztegiaren arabera, hetaira hitza euskal hitza da, grekera klasikoan bezalaxe.

2008/09/14

21:02:48 , Borthuzai , 55 hitz, 91 aldiz ikusia  
Atalak: pertsonalak

'Jainkoaren Partikula'-ren bila

Azken aldian horren famatua egin den LHC edo Large Hadron Collider-aren inguruan argitaratu diren artikulu andanetan interesgarriena ‘El Pais’ egunkarian irakurri diot Javier Sampedro-ri, eta besterik gabe, bere horretan ekarri dizuet hona.

Oso artikulu ulerterraza eta iruditsua iruditu zait niri. Ea zuek ere eritzi berdinekoak zareten…


Arranca la búsqueda de la ‘partícula Dios’

lhc

2008/09/09

18:49:09 , Borthuzai , 259 hitz, 115 aldiz ikusia  
Atalak: pertsonalak, zinea

Teoria Konspiratiboak

Aspaldi oso alpertuta nabil.
Hilabeteak dira libururik irakurtzen ez dudala, musika berririk entzuten ez dudala, pelikularik osorik ikusten ez dudala… Ez dakit, gorputzak ez dit eskatzen.
Beno, hasi naiz berriz ere liburu interesgarriak dendetan ikustean ‘katxondo’ xamar jartzen, baina oraindik ez naiz indarrez sentitzen… Erabat alpertuta nabil. Ez dakit.

lazy town
Sportacus eta Stephanie, behar zaituztet!!

Hori dela eta, dokumentalak ikusiz hasi dut iraila.
Bai, dokumentalak, esfortzu handiegirik gabe sartzen dira begietatik, motzak izaten dira, eta informazioa ematen dute (eta nik nire burua informazio adiktotzat dut egia esan :-)

Baina gustokoen ditudan dokumentalak ‘TEORIA KONSPIRATIBOEN’ ingurukoak izaten dira.
Badakizue, ovni-en ingurukoak, masoi eta juduek mundua kontrolatzen dutela diotenak, gizakia ilargira ez dela iritxi baieztatzen dutenak, 11-M ko atentatua ETA-ren kontua izan zela diotenak eta 11-S koa Estatu Batuetako Gobernuak antolatua…
(oso interesgarria da adibidez 11-Saren inguruko Loose Change dokumentala, hemen ikusgai)

9-11

Noski, ez ditut gauza guztiak sinesten, baina ‘bertsio ofiziala‘-z gain dauden beste ikuspuntuak ezagutzea ere gustatzen zait. Ez dakit, astakeria asko entzuten badira ere garunerako osasuntsua dela iruditzen zait ‘beste‘-aren paperean sartzea, nolabait esatearren.

Beno, ba ikusi dudan azkena kotxe elektrikoen ingurukoa da.
Izan ere, orain aste pare bat edo powerpoint bat iritxi zitzaidan kotxe elektrikoak orain hamar bat urte jada existitzen zirela esanez, baina auto industria beraren, gobernu estatubatuarraren eta petroleo jabeen interesengatik kendu zituztela esanez…

auto elektrikoa auto elektrikoa2

eta beno, ba interneten begira honako dokumental interesgarri hau topatu nuen.
Ez dut interneten gai honen inguruan askoz gehiago sakondu, baina dokumental hau bere horretan interesgarria dela iruditzen zait.

Hona hemen ingelesezko trailerra.
Eta film osoa gaztelerazko azpitituluez berriz, hementxe sakatuz.

2008/09/04

19:31:30 , Borthuzai , 320 hitz, 105 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

New-clear edo Old-dirty?

Gaur ez dago beste konturik albistegietan. Sarah Palin-en hitzaldia gora ta hitzaldia behera.
Eta aitortu behar nik ere badudala bere hitzaldiaren berri, interneten topatu eta irakurri baitut. (To/No hemen pdf-a)

palin

Ez, ez da hau nire estiloa :-). Ez naiz politikarien hitzaldiak irakurtzera dedikatzen, baina Obamaren inguruan esan omen zuen kontu batek bultzatu nau. (eta badakizue ni Obamazalea naizela:-)
Al Qaedak estatu batuen aurka konspiratzen jarraitzen duen bitartean, Obama terroristei beraien eskubideak nork irakurriko arduraturik zebilela esan omen zuen Palin-ek, terroristek eskubiderik ez balute bezala, eta baieztapen hori oso ‘fuertea’ iruditzen zaidanez, hala esan ote zuen edo ez begiratzeko hartu dut eskutan bere hitzaldia.

Eta bai aizue! Hala dio Palin-ek

“Al Qaeda terrorists still plot to inflict catastrophic harm on America … he’s worried that someone won’t read them their rights? “

Aurpegia behar du!

obama

Baina beno, noan arira!
Palin-en hitzaldian gehien txunditu nauena honako zati hau izan da:

“Starting in January, in a McCain-Palin administration, we’re going to lay more pipelines … build more new-clear plants … create jobs with clean coal … and move forward on solar, wind, geothermal, and other alternative sources.”

NEW-CLEAR PLANTS
?
Zer demontre da hori?
Solairu garbi berriak?

:))

Ez, benetan, zer demontre da NEW-CLEAR PLANTS hori?
Energia garbia lortzeko industria?
Ez, gero aipatzen ditu eta eguzki, aire eta beste energia iturri berriak.

A! Noski! NUCLEAR PLANTS esan nahiko zuen!
Eta bere hitzaldian aurrera jarraituz, NEW-CLEAR hitza berriz ere topatzen dugu,
eta berriz ere NUCLEAR behar zuenean!

“Terrorist states are seeking new-clear weapons without delay …”

NEW-CLEAR WEAPONS, NUCLEAR WEAPONS BEHARREAN!
Baina hau zer da, txantxa bat?
Ez al diote esan andre honi energia eta arma nuklearrak oso ‘garbi-garbiak’ esaten dena, ez direla?

fish

Eta ez, dirudienez ez da transkipzio akatsa, interneten makina bat tokitan aurki baitlitezke Sarah Palin-en new-clearren inguruko txantxak.

Desdeluego, a ze politikariak gureak!
Batak, bonobus bat zer zen ere ez zekiela, eta besteak, nuklear hitza nola idazten den ere ez dakiela!

Eskerrak biak ala biak aurrerantzean oposizioan ikusiko ditugula! :-)

Etiketak: obama palin

2008/09/01

20:22:34 , Borthuzai , 296 hitz, 77 aldiz ikusia  
Atalak: pertsonalak

Berriz ere bueltan

Kito! Amaitu dira oporrak.
Buelta betiko martxara. Ezer gertatu ez balitz bezala.

Eta aurten ere, lanera pilak erabat kargatuta eta gabonak arte gutxienez iraungo zidaten irudipen sendoarekin hasi banaiz ere, 3 ordu exkaxetan agortu zaizkit denak. Goizeko 10.30etan leher-leher eginda nengoen jada, koma egoera mentalean. Ormako ordulariari ere, niri bezalaxe pilak orduantxe agortzen ari zitzaizkiola zirudien gainera, segundoak minutuen abiadan…

Baina 10.30etarako neka-neka eginda banengoen ere ez pentsa oporrak gaizki etorri zaizkidanik, behar-beharrezkoak nituen osasun mentala berreskuratzeko. Benetan.

pollock

Kalean zaudela komunera joateko gogoa jarri eta etxera ozta-ozta, eutsi ezinik iristen zarenean bezala iritsi nintzen ni ere abuztura. Larri-larri.

Lehenik maiatza. Etxea gertu ikusten duzu eta pauso batzuk emanez hortxe zoaz komunera bidean. Ibiltzen joateak ere on egiten dizula pentsatu nahi duzu gainera, digestioa errazten duelako edo. Izerdi hotza hasten da.
Gero ekaina. Portaleko giltzak topatzen denbora pasa duzu laneko giltzekin nahastu duzulako baina bertan zaude azkenean. Barneko tenperatura freskoak ordea zure larritasuna handitzen du eta korrika abiatzen zara eskaileretan gora, ahal bezain azkar.
Ondoren uztaila. Korrika etxeko giltza topatzea ez da erraza izaten eta segundo batzuk pasa behar izan dituzu berau lokalizatu eta krisketean sartzeko. Denbora gehixeago ordea atea zabaltzeko: lehenik barnera bultza egin, ondoren kanpora beste ukitutxo bat… (noiz demontre deituko ote diozu sarraileroari atea behar bezala jartzeko!) eta segundo gutxi izan badira ere, nahikoak komuna urrunegi jarri zutela sentiarazteko.
Azkenik ordea abuztua. Helburua. Juxtu-juxtu izan bada ere iritxi zara, hau bai lasaitua.

nekatuta

2008a ez da nire urtea izaten ari. Ezta inondik ere.

Baina gaur, bazkaldu ondorengo arratsaldeko lan saioa arinago pasa zaidan bezala, urtearen bigarren zati hau ere errazagoa izango dela pentsatu beharko dut. Lasaiagoa izango dela, ez dudala horren momentu zailik bizi beharko, elizak kanpotik soilik ikusiko ditudala (edo arrazoi alaiagoengatik)… bizitzan badaudela une goxo askoak ere.

Esperantza horrekin geratu beharko dut.

banksy SAKATU ARGAZKIA

Etiketak: oporrak
Iraila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30          

"ntik", azken batean ene kontutxoetaz mintzatuko naizelako. Eta "ngaiz", denetik aurkituko duzuela esatea ere gehiegitxo izango bada ere, buruz kontatzen hasita, 1, 2, 3, 4, 5... eta horrela 'n' gai behintzat bururatzen zaizkidalako. Kaixo, jon artola artano nauzue.

Bilaketa

XML jarioak

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software