
Izan ere, orri honetako Afrodita hauen atzean dagoen eredua denetan berdina da, modelo berbera, emakume berbera:
Μνησαρετή
![]()
Μνησαρετή edo Mnêsaretế, Tespis hirian K.a. 328. urtean jaio, baina grezia osoan Φρύνη edo Frine izenez ezagunagoa egin zen hetaira bat zen.
Garaiko emakumerik ederrena askoren ustez, eta Afrodita guzti hauen eredu.
Frine hitzaren esanahia ‘zapoa’ da, eta dirudienez goititzen hori ipini zioten Mnêsaretế-ri bere azalaren kolore horixka zela eta.
Esan bezala, Frine hetaira bat zen, hau da, geishen antzeko luxuzko prostituta edo ‘konpainiako dama’ bat: dantza eta musikan abila, hezkuntza handikoa (emakume arruntek ez zuten bezalako hezkuntza, esan nahi da)… Sinposiumetan hetairen hitz eta iritziak gizonek oso errespetatuak izaten omen ziren gainera.
Horrenbesterakoa omen zen Frine-ren edertasuna, ezen garaiko Afrodita ugari inspiratu zirela beragan.
Egun batetan, Apeles margolariak Poseidon jainkoari eskeiniriko festa batetan Frine biluzik uretara sartzen ikusi omen zuen, eta ondorengo ‘Afrodita Anadyomene’ margolana inspiratu. Frine bera izango zen margolanerako modelo.

Praxiteles eskulturgilearen maitale eta musa ere izan zen, bere Afrodita guztien eredu. Hots, maitasun, emankortasun eta emakumearen edertasunaren jainkosaren eredu. (Puff! Ia ezer! :-) Ondorengo ‘Knidos -ko Venusaren’ eredu esate baterako, historian zehar gehien kopiatu den eskulturetako bat hain zuzen.
![]()
Praxiteles-en Afroditaren kopietako bat, originalaren berririk ez baita.
Baina ez zen dena zorion izan Frine-ren bizitzan. Behin batean Frine-ren maitaleetako batek, jeloskortasunak eraginda, Frine asebeia edo inpietateaz akusatu zuen, hau da, bere edertasuna Afrodita jainkosarenarekin konparatu izanaz. Gogoratu behar da, ateniarrek egin zezaketen deliturik larrienetakoa zela inpietatearena. Sokrates bera ere antzeko akusazio batengatik hil zen.
Frineren defentsa abokatua, Platon-en ikasle zen Hiperides hospetsua zen Praxiteles beraren eskariz, baina epaileek Frine kondenatu behar zutela argi zirudien, epaiketa ez zihoan Hiperides-ek nahi bezala…
Eta orduan, Hiperides-ek, epaileak konbentzitzeko gai ez zela ikusi eta gauzak gaizki zioazela antzemanda, azken metodo bat erabili zuen:
FRINERI BERE ARROPA GUZTIAK KENDU ZIZKION BAT-BATEAN EPAILE AGUREEN AURREAN ERABAT BILUZIK UTZIZ,

Jean-Léon Gérôme-ren ‘Phryné devant l’Areopage’
eta benetako krimena, horrelako edertasun bat munduari ukatzea izango zela esan zien, Frine-ren edertasuna Afroditari eskainiriko tributu bat zela bere horretan.
Argudio horren aurrean noski, epaileek ez zuten Frine aske uztea beste aukerarik izan.
EDERTASUNA = ONGIA
![]()
P.D.: 3000 hiztegiaren arabera, hetaira hitza euskal hitza da, grekera klasikoan bezalaxe.
Dirudienez Jebediah Springfield euskaldunik unibertsalena aukeratua izateko nik aurkezturiko frogek ez dute Ibarretxe konbentzitu, eta Juan Mari Arzak aukeratu berri dute aurtengo euskaldun unibertsal sarirako.
Zer egingo diogu ba!
Euskal sukaldaritza klasikoa modernotu eta munduan zabaldu duenak merezi du eta horrelakorik!

Balio handiko izendapena dudarik gabe, eta are garrantzia handiagokoa sukaldaritza garaikidearen inguruko orain gutxiko eztabaidek erdienbenenatzaile bihurtu baitituzte gure inguruko zein kanpoko sukaldari ospetsu asko.
Arzak-en arraultza ‘arriskutsuak’
Izan ere, hautsak asko harrotu ziren duela hilabeteren bat sukaldaritza munduan, gaur egungo sukaldaritza modernoaren nondik norakoak direla eta.
Betiko sukaldaritza klasikoa osasuntsuagoa dela batzuk, ‘elikatzeko sukaldaritza’ taberna arruntetan badela eta esperientzia bereziak eman behar zaizkiola berezorari besteek… hor zebiltzan elkarren aurka bi bandotan banatuta.
Baina klasiko vs. moderno auzi hau ez da batere berria gure mundu honetan. jende helduak beti esango baitu “ai, ai, ai… gazte hauek…” edozein arlo dela ere.
Ni ziur nago greziarren garaitik hona gutxienez beti horrela izan dela, eta aizue! Ez gara horren gaizki bizi gaur egun, ezta?
Beno, agian bai…
Baina bueno! Ni ez naiz gaur bi jarrera hauen arteko ezinbesteko bizikidetzaren beharraz eta abar mintzatuko. Gehienbat, sukaldaritzaren kasuan behinik behin, zaharra eta modernoa elkarrekin bizi daitezkeela argi eta garbi dagoelako, oraintsurarte hala izan baita besteak beste.
Nik gaur esan nahi dudana da, zaharra ere modernoa izan litekeela, eta honetan ere, badakit, ez naiz batere originala. Baina egia da. Zaharra ere, izan liteke modernoa.
Zer, ezetz?
Begira Bittor Arginzoniz.

Arginzoniz-ek, orain 18 urterarte zelulosa fabrika batetan egiten zuen lan. Denetik egiten omen zuen, kamioilari ere ibili omen zen… eta egun batetan, Atxondo-ko Etxebarri jatetxearen kargu egitea erabaki zuen. Horrelaxe egin du aurrera, pixkanaka-pixkanaka, era autodidakta batetan
aurten munduko 50 jatetxerik onenen zerrendan sartzera iritsi arte!
44. postura zehatzago. Bai, bai! Ferran Adriá-ren El Bulli lehen postuan dagoen zerrenda famatu horretan bertan!
Hemen duzue informazio zehatza.
Arginzoniz-en arrakasta, eta hasierako kontuekin lotuz, elikagai guztiak parrillan egitean datza, era “klasiko” batetan beraz. Eta guztiak diodanean, guztiak dira. Bai angulak, kabiarra, ostrak… dena prestatzen du parrillan.
Sukaldaritza primitibo huts-hutsa, ikusten duzuenez, horrenbeste sukaldaritza teknoemozionalen artean.

Parrillan du beraz sekretua. Baina ez nolanahiko parrilla!
Zeren eta arginzoniz-ek, mota guztietako elikagaiak prestatzeko espresuki erreminta berriak diseinatu ditu, eta ez du parrillarako ikatza erabiltzen, egurrak baizik, prestatu beharreko elikagaiaren arabera aldatuko dituen egurrak, umetan aiton-amonei ikasi bezala. Arrainarentzako arte egurra, okelentzako mahatsonadoarena adibidez…
Izan ere, egurrek usain eta zapore berezia ematen diote elikagaiei, eta hori omen da bere sekretua.
Eta badu bere meritua egia esan, aizue! ez dut uste eta orainarte inork ‘kea saltzerekin’ horrenbeste lortu duenik, ezta? :-)
Bittor, erremintak eskuan


Ni musika dezente entzundakoa naiz. Estilo askotarikoak (klasikotik makarradetara), eta zenbait diskek “bizitza aldatu” didatela esateko arazorik ere ez dut.
Baina ni, tipo “bisuala” naiz gehienbat.
Hau da, gustagarriagoak zaizkit begietatik sartzen diren gauzak (pelikulak, margolanak…), ez dakit, errazago ’sartzen’ zaizkit. Esan liteke, Howard Gardner-ek bereizten zituen inteligentzia desberdinen artean, nire kasuan inteligentzia edo adimen musikala baino garatuagoak baditudala beste batzuk.
Nire lehen katarsi musikaletako bat. dut-en lehen diska
Eta nire konfesatoki pribatua bihurtu dudan interneteko txoko baztertu honetan nire pekatu guztiak aitortzen jarraitu behar izan ezkero, onartu behar dut argazkilaritza izan dela lehen aipaturiko aktibitate bisualen artean grazia gutxien egin izan didana. Beraz, ez dut inoiz gaian gehiegi sakondu eta ez dut ideiarik ere.
Noizbait agian (aspaldidanik argazkilaritzaren inguruan buruan dudan korapiloa askatzean eta diskurtso koherente samar bat osatzean) idatziko dizuet hontaz. Baina lasai, oraindik ez da egun hori iritsi eta :-)
Kontua da, azkenaldi honetan argazkilaritzaren inguruko zenbait kontuekin gustora topatu dudala nire burua :-)
Asko gustatu zaidala Light-Painting-aren ideia.
Kamarako obturagailua irekita utzi, eta linterna baten laguntzaz negatiboan margotzearen ideia.

Esan liteke ez dela ez argazkilaritza, ezta pintura ere, tarteko kontu bat baizik.
Airean marraztea, negatiboaren gainean marraztea, denbora tarte baten (segundo batzuen) joana irudi oso batetan islatzea, amaierarte emaitza ez jakitea… baditu elementu interesgarriak, bai jauna.
Jendeak gauza kurioso askoak egiten ditu horrela.

Asko gustatu zait baita ere Edward Burtynsky argazkilariaren inguruan egindako Manufactured Landscapes film dokumentala. Erabat-erabat-erabat gomendagarria. Flipatzeko modukoa.

Eta azkenik, asko gustatu zaizkit baita ere LAPIZ aldizkariari esker ezagutu dudan Gregory Crewdson-en argazkiak.


Badute zera misteriotsu bat.
Zerbait kritikoa, traszendentala gertatu dela, edo gertatu behar dela dirudi beti.
Badute Sarrionandiaren Kaleko Kronika poesiaren giroa…
Egunsentian erlojuak besterik
ez du bihotza.
Nortzu dira solasean doazen bi mutilok?
Nortzu dira auto blindatuko gizon
uniformatuok?
Nor da leihotik begira dagoen anderea?
Haizeak bere sekretu motelak darabiltza.
Zeozer gertatu behar da, udaberriko
Badira New York-eko MoMA-n (Museum Of Modern Art) eta London-go Tate Modern museoetan Emak bakia izeneko artelan bana.
Baina ez, izen erabat euskalduna eduki arren ez dira euskal artista batek eginak, Man Ray artista estatubatuarrak baizik.
Man Ray (1890-1976)
Izan ere, Dadaismo eta Surrealismoaren izen nagusienetakoa den Man Ray-k, 1926 urtean euskal lurretan denboraldi bat eman zuen, lagun aberats baten Miarritzeko etxean hain xuxen, eta tarte hartan Emak Bakia eskultura sortu. Gaur egun lehen aipaturiko museoetan dauden aleak, lan originalaren erreplikak omen dira.
Emak Bakia
Ez naiz ni arte kontuetan aditua, baina lan hau bere adierazgarrenetakoa izango dela pentsatzekoa da, museo garrantzitsu horietan egoteaz gain, Taschen argitaletxearen Arte del Siglo XX liburu mardulean ere aipatzen baita artelan hau.
Honako hau ipintzen du bertan:
“… En cambio, su Emak Bakia consta de una cola de caballo rubia que emerge del brazo serpentino de un contrabajo: una cabellera sedosa y vaporosa en la que la sugerencia antropomórfica de las cuerdas remite a una metáfora visual y táctil de los suaves sonidos que emite el instrumento…”
Niri, instrumentuaren lehuntasunaren metafora bisual zein ukimenezko aipu horrek, ziurrenik ezagutuko duzuen Man Ray-ren ondorengo lan hau ekartzen ditu burura. Ez dakit zuei…

“Baina beno- pentsatzen ariko zarete onezkero- zer dela eta Emak Bakia izena?”
Ba dirudienez, Miarritzen egon zeneko etxearen izena berau zelako. Hala diote behintzat google-eko jakintsuek :-)
Baina eskultura horretaz gain, Emak Bakia izeneko beste lan bat egiteko beta ere eman zion Man Ray-ri euskal herrian izan zenean. Laburmetrai bat hain zuzen, edo artista berak definitu zuen bezala, zinepoema bat.
Orain egun batzuk topatu nuen berau intereneten, eta horregatik erabaki post hau idaztea. 1926-ko laburmetrai honek, eta beraz lehen film euskalduna izan litekeen honek (bromaaaa… ;-) merezi duelakoan. Laburmetraiean bertan ikus dezakezue aipatu dugun eskulturaren originala.
On dagizuela!
1.- Bart gauean bete ziren 28 urte Laura Palmer neska gaztea hil zutela.
Ez, horrela esanda ziurrenik ez zaizue aparteko ezer burura etorriko, baina Laura Palmer non, eta Twin Peaks-en bizi zela esaten badizuet? Orduan bai ezta? :-)
Ba 28 urte bete ziren bart estatu batuetan David Lynch-ek zuzenduriko Twin Peaks seriea hasi zela.
28 urte berandu iritxi naiz hortaz. Izan ere, aurten hego haizeak jota hasi naiz seriea ikusten, eta oraindik dena amaitu ez dudan arren, argitu da jadanik nork hil zuen herriko neskarik eder eta ospetsuena zen Laura.
Zer, zuek ere jakin nahi duzuela?
Ondorengo bideo honetan dator ba esplikatuta “gutxi-gora-behera” :-)
2.- Bestalde, gaur Apirilak 9, 5 urte betetzen dira Jorge Oteiza hil zela.
Ondorengoa, orain gutxi aurkitu nuen Oteizaren inguruko bideo oso interesgarri eta oso bat.
GOIAN BEUDE