| « New-clear edo Old-dirty? | Probisionala, bizi guztirako (fotosalaketa) » |
Kito! Amaitu dira oporrak.
Buelta betiko martxara. Ezer gertatu ez balitz bezala.
Eta aurten ere, lanera pilak erabat kargatuta eta gabonak arte gutxienez iraungo zidaten irudipen sendoarekin hasi banaiz ere, 3 ordu exkaxetan agortu zaizkit denak. Goizeko 10.30etan leher-leher eginda nengoen jada, koma egoera mentalean. Ormako ordulariari ere, niri bezalaxe pilak orduantxe agortzen ari zitzaizkiola zirudien gainera, segundoak minutuen abiadan…
Baina 10.30etarako neka-neka eginda banengoen ere ez pentsa oporrak gaizki etorri zaizkidanik, behar-beharrezkoak nituen osasun mentala berreskuratzeko. Benetan.
-lavender-mist.jpg)
Kalean zaudela komunera joateko gogoa jarri eta etxera ozta-ozta, eutsi ezinik iristen zarenean bezala iritsi nintzen ni ere abuztura. Larri-larri.
Lehenik maiatza. Etxea gertu ikusten duzu eta pauso batzuk emanez hortxe zoaz komunera bidean. Ibiltzen joateak ere on egiten dizula pentsatu nahi duzu gainera, digestioa errazten duelako edo. Izerdi hotza hasten da.
Gero ekaina. Portaleko giltzak topatzen denbora pasa duzu laneko giltzekin nahastu duzulako baina bertan zaude azkenean. Barneko tenperatura freskoak ordea zure larritasuna handitzen du eta korrika abiatzen zara eskaileretan gora, ahal bezain azkar.
Ondoren uztaila. Korrika etxeko giltza topatzea ez da erraza izaten eta segundo batzuk pasa behar izan dituzu berau lokalizatu eta krisketean sartzeko. Denbora gehixeago ordea atea zabaltzeko: lehenik barnera bultza egin, ondoren kanpora beste ukitutxo bat… (noiz demontre deituko ote diozu sarraileroari atea behar bezala jartzeko!) eta segundo gutxi izan badira ere, nahikoak komuna urrunegi jarri zutela sentiarazteko.
Azkenik ordea abuztua. Helburua. Juxtu-juxtu izan bada ere iritxi zara, hau bai lasaitua.

2008a ez da nire urtea izaten ari. Ezta inondik ere.
Baina gaur, bazkaldu ondorengo arratsaldeko lan saioa arinago pasa zaidan bezala, urtearen bigarren zati hau ere errazagoa izango dela pentsatu beharko dut. Lasaiagoa izango dela, ez dudala horren momentu zailik bizi beharko, elizak kanpotik soilik ikusiko ditudala (edo arrazoi alaiagoengatik)… bizitzan badaudela une goxo askoak ere.
Esperantza horrekin geratu beharko dut.