| « Zerk kezkatzen zaitu? |
Hariztizabal Baserria
Gaur goizean baserri bat ikustera joan gara. Baserri hau Hariztizabal da eta Ezkio-Itsason dago. Lekua oso ederra da eta baserriak 400 bat urte dauzka.
Baserri honetan Xabi, Marilu, bi semeak, pottokak, katuak…eta Argi txakurra bizi dira.
Baserria natur eskola bizia da eta marmelada, ogia, pastak … egiten dituzte.
Guk sagar-marmelada egin dugu. Xabik osagaiak ekarri dizkigu:
- 10 kilo sagar
- 6 kilo azukre
- litro bat ur
Nola egiten da marmelada?
Lehenengo sagarrak zapaldu egin ditugu egurrezko makila batekin. Gero litro bat ur bota eta egosi ordu betean, nahastuz .
Hamaiketakoa egin dugu ogitartekoa urdai azpiko egosiarekin eta Araba Errioxako ardoarekin (Mabiren oparia).
Hamaiketakoa egin ondoren, lanera itzuli gara. Birringaluan sagarrak pasa eta azukre gehitu diogu eta berriz egosten jarri dugu ordu erdi bat. Bitartean gu ganbarako laberintuan galdu gara . Oso dibertigarria izan da.
Xabik kristalezko ontziak ekarri ditu eta burruntzali batekin ontziak bete ditugu .Marmelada bero-bero dagoela tapa ipini eta ahozpez jarri haizea kentzeko.
Etiketak egin ditugu ontzietan ipintzeko. Kaxa barruan sartu eta Maizpidera itzuli gara.
Izugarrizko eguna pasatu dugu eta eskerrak eman behar dizkiegu Xabiri eta Nekane irakasleari.