

Gorka Elustondo
Realeko jokalaria
2008-01-18 - 16:00
G. Aupa Gorka! Zorionak larunbateko golagatik. Harrobiko jokalariei beti eskatzen zaizue zuen lana frogatzea. Poza emango zizun gol hark, ezta? Iņigo
E. Noski baietz, gure lana taldeari laguntzea da eta harrobikoa edo kanpokoa izan, azkenean denok bat gara. Astero frogatzen saiatzen gara eta golak sartuz bada hobe.
G. Zer moduz konpontzen zara Colemanekin? Eta Badiolarekin? Xorro1
E. Egia esan Colemanekin oso ondo moldatu naiz. Berak beti konfidantza eskaini dit eta horrek lasaitasuna eman dit.Badiolarekin oraindik ez naiz egon, beraz ezin dizut ezer esan.
G. Aupa Gorka! Nahiz eta Reala bigarren mailan egon, aurtengoa zure urtea dela esan daiteke. Lehen taldera igo eta gainera ondo jokatzen eta golak egiten ari zara. Nola bizi izan duzu urte hau? Forofo
E. Urteari ilusio askorekin ekin nion, izan ere denon esperantza berriro ere lehen mailara igotzea da. Pertsonalki gustura nago jolasten ari naizen minutuekin eta taldeari laguntzen jarraitzea espero dut.
G. Babestuagoak sentitzen al zineten, ustezko lehengo entrenatzaile zen Colemanekin (gaur 17:00 hitzaurrekoa du eta karguari uko egingo diola zabaldu da) eta zuzendaritza zaharrarekin? Ayestaranek eta Badiolak egindako adierazpenen inguruan zer diozu?
E. Babestuago ez dakit baina konfidantza ematen zigutela egia da. Beraiek proiektu bat zuten eta proiektu horrekin joan dira amaiera arte. Badiolak eta Ayestaranek esandakoei buruz ba ez diegu kasu handirik egiten. Beste filosofia bat dute eta nahi dutena da erantzunkizuna zaharragoek hartzea eta gazteei ez horrenbeste presio sartu. Nire izena erabaili izanagatik ez dut ezer pertsonala bezala hartzen, adibide huts bat bezela baizik.
G. Futbol munduan, jokatzeko moduagatik edo ibilbideagatik, zein dituzu eredu? Txikitan zein jokalari gustatzen zitzaizun gehien? Potti
E. Jokalari asko ditut gustoko, izan ere, jokalari on asko baitaude. Batzuk esatearren: Cesc, Xabi Alonso, Gerrard...Txikitan berriz jokalari gustokoena Ronaldo nuen.
G. Zure herriko futbol taldeari, Beasaini, jarraipenik egiten al diozu? Ez dabil sailkapenean oso ondo. Zer aspirazio izan beharko luke herriko futbol taldeak? Ikerne
E. Egia esan ez dut partidu gehiegirik ikusi baina argi dagoena da Beasain bezalako herri batek aspirazio handiagoak izan behar lituzkeela eta gutxienez hirugarren mailan goiko postuetan ibili.
G. Orain Realeko jokalaria izanda, gazte askoren idolo bihurtuko zara. Zer esango zenieke zure bidea jarraitu nahi duten gaztetxoei? Iker
E. Futbolaz gozatzeko eta inoiz ez etxitzeko. Azkenean zerbait nahi baduzu, lana egin eta lortu arte ez zarelako gelditzen iristen da saria. Baina gehien bat gazteetan disfrutatu eta etorri beharrekoak etorriko direla.
G. Colemanek utzi egin du ala bota egin dute? Jokalariek bere alde hitz egin zenuten, konpartitzen al zenuen bere filosofia? Kodro
E. Colemanek utzi egin du. Bai jokalariok oso gustora ginen berarekin, izan ere berak gure egoerak ulertzen zituen eta momentu guztietan gure alde egiten zuen. Hori oso garrantzitsua da jokalari batentzat konfidantza aldetik eta baita talde giroari dagokionez.
G. Colemanek utzi egin du, eta badirudi Oliva dela ordezkoa. Zer iruditu zaizu aldaketa? Harri
E. Beno, momentuz Ramon Eizmendi dugu entrenatzaile eta berri bat etortzen ez den bitartean Ramonekin jarraituko dugu.
G. Pako Aiestaranek futbolean izan duen bilakaera ikusita, eta ibili den taldeetan ibilita, zer ekarpen egin diezazkioke Realari? Hoidekgola
E. Esperientzia asko duen gizona da eta horrek bere alde onak ditu. Berari libreki lan egiten uzten badiote nik uste lan ona egin dezakeela Errealarentzat.
G. Zein dedikatu diozu zure lehenego gola Errealarekin Maite
E. Nire neskari
G. ba al da dopinik errealen eta futbolean? bestela esanda ba al da errealeko jokalaririk medikuen hainbat produktu hartzen dituztenak entrenamenduak jasateko?
E. Nik behintzat ez dut horrelako ezer ikusi. Astero gogor entrenatzen dugu partiduak ongi jasateko eta inork ez du ezer hartzen. Badakit buelta asko ematen ari zaizkion kontu bat dela baina futbolean behintzat ez dut uste horrelakorik ematen denik.
G. apa i? zer iruditzen zaik parrandan gehiago aguantatzeko jendeak hartzen diken hauts magikoa eta gero kirolari bat kritikatzea dopatzeagatik? ez al dek hoi gure gizarteko kanzerra
E. Beno, azkenean pertsonak bere bizitzan nahi duena egin dezake baina hau lan profesionala da eta gauz asko dago jokoan. Denak dopatuko balira, ez zen kirola izango.
G. hire ingurun ez al zeok dopatu asko? barkaiak ola galdetzea baino nei esate ziek dopau ingo neokela ez dek ala eta bitarten laun asko juergan gehio aguantatzeatik doipatzen
E. Nere inguruan ez da horrelakorik lehen aipatu dudan bezela. Ez dugu horren beharrik eta beharra izanez gero ere esan beharrik ere ez dago ez genukeela ezer hartuko.
G. Zer iruditzen zaizu hainbat jokalarik ala eskatuta, gure selekzioari Euskal Herriko selekzioa deitzea? Noiz ikusiko zaitugu elastiko berdearekin? Patxi
E. Ideia ona iruditzen zait. Azkenean gehiengo batek nahi duen zerbait bada, denentzat hobe. Eta elastiko berdearena, ba oraindik pixka bat itxaron beharko da behintzat gaztea bainaiz eta oraindik ez baitut ezer egin nire karrera futbolistikoan.
G. Bulegoetako gorabeherek eragiten al dute taldearen animoan, jokoan, gogoan...?
E. Egia esan ez gehiegi. Zelaira irtetzen garen momentuan dena ahazten zaigu eta partiduan zentratzen gara. Hala ere, entrenatzaile aldaketak eta abar ikusi egin behar onik egiten dion taldeari edo ez.
G. Reala aurten "primeran" bai? Zenbateko aukera ikusten duzu lehenengo mailara igotzeko?
E. Aukerak badira. Hor goian gaude baina ikusten ari garen bezala ez da erraza, beste taldeak ere indartsu baitaude. Ikusiko dugu ea zer gertatzen den hurrengo partiduetan, garrantzi handikoak izango dira eta.
G. atsaldeon Gorka, zuen entrenamentuetan urtean zeharreko media bat ateratze aldera gutxigorabehera zein portzentai dedikatzen dezue lan fisikora eta zein teknikoa lantzera iņaki
E. Ba fisikoa astean behin edo bitan egin izan ohi dugu. Baina azkenean futbola praktikatzeko zenbait ariketetan fisikoa eta teknikoa biak lantzen dira askotan.
G. Umea zinenean ze jokalari miresten zenuen? Realzale
E. Lehen esan dudan bezela txikitako jokalari gustokoena Ronaldo zen.
G. Zuzendaritza aldatu berritan, eta orain entrenatzaile aldaketa. Denboraldia bukatzerako egoera normalduko dela uste al duzu? Goio
E. Ez dakit zer gertatuko den. Espero dut dena normaltzea. Hala ere egoera hori dena emaitzei lotuta joango da. Emaitza onak lortzen baditugu, dena normalizatuko da. Aldiz, aurkakoa gertatzen bada, ez dakit zer izango den.
G. Realean ari zara orain, Espainiako Ligan, nolabait esateko. Europako zein ligak erakartzen zaitu gehien? Eta zergatik? Moxo
E. Ingalaterrakoak. Jokatzeko era, azkartasuna, bertikalitatea... gauz asko ditu onak.
G. Nork irabaziko du aurten Europako Txapeldunen Liga? Faboritorik bai? Inaxio
E. Galdera zaila da. Baina nik uste hor ibiliko direla Bartzelona, Milan, Chelsea...
G. Ba al dakizu Realeko beheko mailetan Goierriko gazteren bat ba ote dabilen? Izenik esaterik bai? Harrobi
E. Bai noski. Jubeniletan hiru beasaindar ditugu. Alain eta Eneko Eizmendi eta Aritz Imaz. Gero gazteago bat ere badabil.
G. Mikel Aranbururen jarrera nabarmendu du Colemanek bere agurrean. Zer moduzkoa da Aranburu? Satrus
E. Oso jatorra eta profesionala da. Denekin ondo eramaten den horietakoa eta taldearentzat oso garrantzitsua.
G. Zer egiten duzu denbora librea duzunean? Neska
E. Askotan etxean deskantsatu, neskarekin egon eta etxean nagoen bitartean batzuetan ordenagailuan ibili.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.