Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

;2007-09-20;UDALA . Arau Subsidiarioen prozesua bertan behera gelditu da

urretxu » udala

Arau Subsidiarioen prozesua bertan behera gelditu da

Premiazko osoko bilkura deitu zuen astearte goizean Udalak arratsalderako

miriam luki

Urretxuko udaletxeko areto nagusia jendez gainezka zegoen astearte iluntzeko bilkura hasi zenean. Aparteko eta presazko bilkura deitu zuen Udalak. Helburu nagusia herriaren etorkizuneko garapena baldintzatuko duten planeamenduko Arau Subsidiarioen berrikuspen espedientea Foru Aldundiari eskatzeko eskaera onartzea zen, eta onartu zen, EAE-ANVk, PSE-EEk eta EB-Aralar-Berdeek alde bozkatuta.

Udaletxera joan zen jendearen artean Urretxu-Zumarraga Ikastolako ordezkariak ziren gehiengoa Šlangileak eta gurasoakŠ. Izan ere, arauak bertan behera utzita ikastola berriaren proiektua ere ezerezean gelditu baita. Bi ordu baino gehiago iraun zuen osoko bilkuraren amaieran hartu zuten erabakia. Ondoren, ikastolako zuzendari Aitor Zubizarretak hitza hartu eta ikastetxearen «izaera herrikoia» nabarmendu zuen: «Herritik sortu eta herriarentzat da, ikastolak ez du sekula ere ezer eskatu, eta barnean gure azpiegiturei buruzko hausnarketa egiten ari ginela proposamen bat iritsi zitzaigun aurreko Udaletik. Baina argi gelditu dadila nahi dugu: guk espazio berria behar dugu eta edonon eta edonorekin hitz egiteko prest gaude». Alkatea hitz egiteko prest agertu zen.

Osoko bilkurak luze jo zuen, eta alderdien arteko ika-mikak ugariak izan ziren. EAE-ANV, PSE-EE eta EB-Aralar-Berdeak bat eginik agertu ziren. Udaleko buru den EAE-ANVk, Arau Subsidiarioen gaian, ikastolaz gain beste gai ugari daudela aldarrikatu zuen. EA erabakiaren kontra agertu zen lehenengo unetik, eta EAJk «informazio eta eztabaida falta» salatu zituen. Osoko bilkuraren premia bera ere ezbaian ipini zuten EAk eta EAJk. Iñaki Zabala alkatearen arabera etzi Lurralde Antolaketako osoko bilkuran aztertu behar dituzte arauak, «gure aldetik, onena prozesua gelditu eta guk berriro aztertzea dela uste dugu».

Osoko bilkura amaituta, une honetan arauekin lanean hasteko abiapuntua zein izango den ez zuen inork azaldu. Eusko Alkartasunakoek «akats historikotzat» jo zuten udalbatzarrean hartu zen erabakia. Aldekoek zioten atzerapena Arau Subsidiarioak hobetzeko nahitaezkoa dela, zenbat denborakoa izango den astearteko osoko bilkuran argitu ez zuten arren.




 

Alkatearen soldataz

Astearteko osoko bilkuran Iñaki Zabalak izango duen soldata jakinarazi eta onartu zuten EAE-ANV, PSE-EE eta EB-Berdeak alderdien botuekin. EAk kontra bozkatu zuen, eta EAJ abstenitu egin zen.

Zabalak 4.186 euroko soldata jasoko du hilean, urtean 14 ordainsarirekin. Gainera, Lagun Aro aseguru etxearekin duen segurua gehituz, urtean 75.000 euro inguru ordainduko dizkio Udalak. EAko Lete zinegotziak Eudelen irizpideak jarraitzea nahiago zutela esan zuen Šsoldata txikiagoa izango zatekeen, neurri bateanŠ.

Alkateak ondokoa esan zuen: «Gure taldeak udal guztietan norberak aurreko lanpostuan zuen soldata jasotzea erabaki du. Nire kasuan, zoritxarrez, Urretxurako nahikoa altua zen».




© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa