
sarriegik jo du aldaba
Bertsolaritza
Aitor Sarriegi beasaindarrak, finalaurreko puntuaziorik altuena lortuta, azken atea gainditu du, Mendiluzerekin batera.
E. Gorrotxategi-A. maiz
Indartsu zebilela denek zioten arren, buruz ere argi dagoela erakutsi zuen atzo Aitor Sarriegik beasaindarrak Ordizian. Berak irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, orain arteko jokatu diren beste bien artean ere puntu gehien poltsikoratuz (508 puntu). Berekin batera, oso gertutik Aitor Mendiluzek ere (506,5) aurreikuspenak bete eta Illunberako txartela irabazi du. Final handian beste goierritar bat ere izango da: Iker Zubeldia zegamarra.
Puntual atera ziren sei bertsolariak aldagelatik plazara, eta puntu-puntuan daudela erakutsi zuten berehala. G puntuak horrenbeste eskatzen eta merezitzen dienez, goren puntuazioa lortu zuen Ordiziako bertso saioak atzo.
Unai Muñoa (Berrobi, 1982), Iñaki Gurrutxaga (Orio, 1981), Iñaki Zelaia (Hernani, 1973), Aitor Sarriegi (Beasain, 1976), Joxe Munduate (Ataun, 1972) eta Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) arratsaldeko seiak minutu gutxi pasatxoan igo ziren Majoriko oholtzara, harmailak oso-osorik eta kantxaren erdia betetzen zuten entzule ugarien txalo, animo eta oihu artean. Ordena horretantxe egokitu zitzaien kantatzea sei bertsolariei, Jon Zaldua billabonarrak jarritako gaietara.
Egin beharreko lana, hauxe: zortziko handian, zortziko txikian, puntutan, sei puntuko motzean eta kartzelako lana, bakarka.
Bertso egarria eta saio ona
Ikusmina bazegoen aurrez bertsozaleen artean, aurten kopuruetan marka guztiak puskatzen ari den txapelketa azkenera arrimatzen ari denean. Ordiziako saioa finalaurreko faseko hiruretan azkena zen, eta aurreikuspenak bete ziren. Majori kiroldegian 1.300 lagun inguru bildu ziren. Harmailak aldenik alde bete ziren, eta kantxan jarritako ia aulki guztiak. Ertzetako bi hegaletako apur batzuk kenduta, gainezka zegoen kiroldegia, bertso gosez.
Giroa ere, G Puntuari dagokiona: gori. Pankarta ugari ikus zitezkeen zintzilikatuta. Zorrak zor, apari earra in bar diau Aitor! zioen batek, Sarriegiri zuzenduta. Aupa Joxe!! Azken maniobra finaleako beste izara batean, Munduateri babesa emanez. Epaimahaiaren gainaldean 18/98 auziari erreferentzia egiten zion bat ere bazegoen, atxilotuak askatzeko eskatuz.
Sarriegi, seguru eta borobil
Goierritarrek hasierako agurretik utzi zituzten garbi euren intentzioak. Aitor Sarriegik azken egunetako atxiloketak aipatu zituen, «kartzelan geroz eta jende gehiago, eta txapelketan geroz eta gutxiago» daudela botaz. Munduatek, diosala fin-fin eginez, «arratsaldeon entzule jator» esanez errimatu zuen lehen puntua, eta «kiniela denak puskatzera nator» bukatu.
Epaimahaian zen atzo Jon Agirre lazkaotarra, eta lehen bi bertsolarien eta hurrengoen arteko tarte handia aipatu zuen saioaren bukaeran: «Finalerdia zen eta nabaritu da mailan, orekatua eta altua izan baita. Baxualdi aipagarririk ez da egon». Aldea, hala ere, bertsoz bertso handitzen joan zen: «Berez bertso bakoitzean puntu eta erdiko aldea besterik ez da egoten batzuen eta besteen artean, baina horrelako bertso sortan eta bost epaileren puntuak pilatuta, azkenean tartea antzeman da», esan du Agirre epaileak.
Sarriegi konstante aritu zen saio osoan, borobil hasieratik bukaerara, maila altuan. Neurri berean egin zuen kartzelako lana. Gaia hau zuten: «Oparia paperean bildu eta beregana zoaz». Moldeak hautsiz, amari oparia nola erosi zion kontatu zuen Sarriegik.
Munduatek gorabehera gehiago izan zuen saioaren joanean. Zortziko txikian, ateraldietan trebea den arren, ez zuen erabat asmatu, baina kartzelakoan poliki aritu zen.
Mendiluze, berriz, azkenerako iritsi zen benetako mailara, kartzelakoan oso-oso ondo arituta, epaileen iritziz. Aurretik, ordea, arrazoiak borobiltzerakoan ez zuen jardun puri-purian.
Finalisten laurdena, Goierrikoa
Azken finalaurrekoa izanik, zain-zain zeuden bertsolari eta zale guztiak, abenduaren 16ko Donostiako finalera zein pasatuko jakin nahirik. Eta kinielak ez ziren horren oker ibili.
Maia, Martin eta Sarriegi zuzenean sailkatuekin batera, Mendiluze, Irazu, Unai Agirre, Iker Zubeldia zegamarra eta Beñat Gaztelumendi ariko dira Illunben. Zortzitik bi goierritar, beraz, Gipuzkoako bertsoen festan.
antolaketa lan erraldoia saio handirako
sailkapenak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Altzari zaharberritze,egur taila eta egur pintaketa ikastaroak
GABIRIA, Gabirian,Amalur tailerrean - 2008-10-14
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.