
'Urdaneta 500' urtea ofizialki inauguratu dute, segurtasun neurri handien artean
Gizartea
Egundoko ikusmina piztu du Gloria Macapagal Filipinetako presidenteak eta Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak egin duten bisitak.
iñaki gurrutxaga
Andres Urdaneta itsasgizonaren jaiotzaren bosgarren mendeurreneko ekitaldiak atzo inauguratu zituen ofizialki Gloria Macapagal Filipinetako presidenteak. Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria eta Jose Migel Santamaria Ordiziako alkatea alde banatan zituela, ospakizunari hasiera ematen zion plaka erakutsi zuen Barrena jauregiko areto nagusian. «Ohore bat da niretzat hemen egotea» esanez hasi eta bukatu zuen Macapagalek bere hitzaldia. Gaztelaniaz hitz egin zuen Macapagalek.
Ertzaina ugari bazterretan
Herenegundik sumatzen zen Barrena jauregiaren inguruan kalez jantzitako polizien presentzia. Atzo goizeko azokan Andres Urdanetaren estatuaren inguruan ere ertzainak zeuden, eta Gudarien Etorbideko aparkaleku guztiak hesituta zituzten.
Arratsaldeko aurreneko ordurako estatuaren eta Barrena jauregiaren ingurumarietan ertzaina ugari zegoen. Autoak kanpotik bideratzen zituzten. 15:30a aldera jendea estatua ingurura gerturatzen hasi zen. Segurtasun hesia ezin zuen inork gainditu, ez herritarrek, ezta kazetariek ere. Eskola umeak izan ziren ailegatzen aurrenekoak.
Handik gutxira, AHTren aurkako taldeko kideak Zuhaiztian bildu ziren, eta AHTrik ez! zioen pankarta zabaldu zuten. Oihuak ere egin zituzten tren azkarraren proiektuaren aurka, eta segituan ertzainak hurbildu zitzaizkien, eta Joxemiel Barandiaran plazara joateko agindu zieten. Euskal presoen senideek ere kartelak erakutsi zituzten, eta oihurik egiten ez bazuten bertan egon zitezkeela esan zieten. Tentsioa nabari zen.
Hogei minutu beranduago
Pixkanaka-pixkanaka agintari instituzional ugari hasi ziren Ordiziara ailegatzen. Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea izan zen iristen lehena. Gero, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, eta minutu eskasera Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria. 16:15 ziren, eta artean Gloria Macapagal ailegatzea falta zen. 16:20 inguruan heldu zen Filipinetako presidentea, segurtasun neurri handien artean. Helikoptero bat zebilen airean, eta Barrenako leihoetan poliziak zeuden.
Agurra, sinadura eta senidetza
Santanazaleetako hiru bikote zain zituzten. Horietako batek agurra dantzatu zien. Handik Delikatuz zentrora joan ziren, eta udal korporazioko gainerako kideak agurtu zituzten Ibarretxek eta Macapagalek. Filipinetako presidenteak Ordiziako Ohorezko Liburua sinatu zuen, eta Jose Migel Santamariak Koldobika Jauregiren egurrezko eskultura bat oparitu zion. Barrenako erakusketa ikusi ondoren, ofizialki inauguratu zuten Urdaneta 500 urtea. 19:00etan Filipinetako Urdaneta herria eta Ordizia senidetzeko ekitaldia egin zen.
Ertzaintzak indarrez bidali ditu protesta egileak
Protestak
AHTren eta Oianguko egitasmoaren aurka bildutakoen eta Ertzaintzaren artean tentsio handia bizi izan zen.
M. del olmo
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Kalejira
LEGAZPI, Kaleetan zehar - 2008-11-20
Musika
Pisontxis eta Bertsiok taldeen kontzertua
ORDIZIA, Ordiziako Gaztetxean - 2008-11-22
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.