Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Euskaraz? Bai, noski! Administrazioan?

Espainiako Konstituzioa (1978): «Euskara eta gaztelania dira Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak» (3. artikulua).

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa, EAEko Autonomia Estatutua: «Komunitate Autonomiko Erakunde Amankomunek bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, beroien ofizialtasuna erregulatuz, eta beroien ezagutza segurtatzeko behar diren medioak eta neurriak erabaki eta baliaraziko dituzte. Hizkuntza dela eta, ez da inor gutxietsiko». (6. artikulua).

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko legea, Euskararen legea : «Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokaturiko herri-aginteek esku hartzen duten egintza guztiak eta baita administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenak ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute». (8. atala).

86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, EAEko Herri-Administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena: «EAEn dauden Herri Administrazioekin euskaraz jarduteko eskubide osoa du herritarrak eta, beraz, eskubide hori bete dadin, herri-aginteek, nork bere esparruan, euskara zerbitzu zein lan-hizkuntza modura normaltasunez erabiltzeko hartu beharreko erabaki guztiak hartuko dituzte» (1. artikulua).

Eusko Jaurlaritzak 1998ko Uztailaren 28an onartu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.

Zenbat urte pasa dira lege hauek onartu zirenetik? Euskararen legeak, esate-baterako, 25 urte beteak ditu. Eta zein da euskararen erabilpena gaur egun Zumarragako Udalean?

Maiatzeko Udal Hauteskundeak izan zirenetik 7 hilabete igaro diren une honetan egiaztatu dezakegu erabat sinbolikoa dela, folklorikoa?

Batzordeetako deialdietan aztergaiak bi hizkuntzetan adierazita daude baina martxan dauden 14 (?) batzordeetatik, bitan bakarrik (Nekazaritza eta Euskara) egiten dira aktak bi hizkuntzetan, beste guztietan gaztelania hutsean. Eta, horrelako perlak entzun behar izan ditugu bi hizkuntzetan azaltzeko eskaera eginez gero: «Podeis estar contentos de que se os deje hablar en euskera (...)». Gure galdera hauxe da : batzorde guztietan dauden idazkariek beharrezkoa den perfila badute, zergatik ez da betetzen aipaturiko legeek diotena? Nork bermatu behar du hori?

Horrez gain, udalbatzak, hau da, plenoak (bertan egon ez arren UTBn ikusteko aukera badago) %90ean gaztelaniaz egiten dira. Jakina, ANVko ilegalak, betikoak, nabarmendu egin behar dira, euskaraz egin beharra daukate: uf! A ze txapa! Lehenengo euskaraz, gero itzulpena gaztelaniaz... «Esto se está alargando más de la cuenta . Total, si todos entendemos en castellano! Hori bai, itxura mantendu beharra dago: hasieran alkate jaunak, «arratsalde on denoi» (buenas tardes a todos)... Hau erabat normalizatuta dago ekitaldi publiko gehienetan, eta gure galdera hauxe da: Ba al da inor herrian hau itzuli gabe ulertzen ez duenik? Ondoren, aztergaiaren izenburua euskaraz, eta jarraian esaten den guzti-guztia gaztelaniaz. «Idazkaria, mesedez, botazioa» bukatzeko. Ohartxo pare bat: «Agurtzane jauna» entzuten dugunean euskaldunoi belarriak dardarka jartzen zaizkigu, Agurtzane anderea baita euskaraz. Konparatzeko, esango bagenu señora alcalde? Bigarrena: alkateak euskararekiko duen borondatea zalantzan jarri gabe, «bateonbat nahi du gauza bat esan» adierazteko hamaika modu daude eta bada garaia, dauden baliabideak erabilita, hori zuzentzeko. Euskaraz egiten den apurra, behintzat, zuzena izan dadila.

Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu. Aspertuta gaude beti eskale moduan ibiltzen gure herrian. Zer dela eta? Gure eskubideak betetzen ez direlako. Ez dugu azaleko kanpainarik nahi, ez dugu letra handitan ikusi nahi denok euskararen alde gaudela, praktikan euskaraz bizitzeko aukera gutxi ematen baitzaigu. Euskara gure herriaren ondare bat dela esaten dutenean, zer esan nahi da? Euskaldunontzat ondare bizi bat da, komunikatzeko tresna, beste edozein hizkuntzaren parekoa. Euskaraz ikasi, lan egin, aisialdiaz gozatu, haserretu, elkarbizi, maitatu... herriaren dinamikan parte hartu nahi dugu: Administrazioak edo herri-aginteak bere esku dagoen guztia egin beharko du euskararen erabilpena ziurtatzeko.

Bete dadila Anje Duhalderen abestian euskarak aldarrikatzen duena: «Maita nazazu gutxiago, goza nazazu gehiago».

Inma Albisua eta Arantza Iraeta (Zumarragako EAE-ANVren izenean). Zumarraga.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

XVI. mendeko jantzien erakusketa
SEGURA, Ardixarra etxean - 2009-06-15

Kirola

Futbol 7 txaplketako final eguna
LEGAZPI, Bikuņa futbol zelaian - 2009-07-04

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

Lege Informazioa