
Indarrek astelehenean lanean segiko du, suteak kalte handiak eragin arren
Beasain
Eolikoen eta ponpa hidraulikoen sekzioetako langileak ez dira hasiko, suak pabilioia erabat suntsitu duelako.
eneritz gorrotxategi
Indar enpresaren eskuin alderdiko pabilioi osoa kiskali bazen ere, astelehenean «% 75ean normaltasunera» itzultzeko ahaleginetan hasita daudela jakinarazi zuten Ingeteam Indarreko zuzendaritzatik atzo. Langileei «lasaitasunerako deia» zabaldu nahi zietela ere adierazi zuten prentsa aurrean agertu ziren Javier Madariaga, Ingeteam taldeko presidenteak, Goyo Rivas Ingeteam taldeko kontseilari delegatuak eta Iker Garmendia oinarrizko teknologietako dibisioetako zuzendariak.
Aurrera begirako asmo eta proiektuetara ezbehar horrek ez duela eragingo azpimarratu nahi izan zuten enpresaren arduradunek. «14.000 metro koadroko pabilioi berria abuztuan inauguratuko da, hori ez da aldatuko», argitu zuten. Bezeroei ahalik eta atzerapen txikienarekin erantzuteko konpromisoa ere hartu dute.
Indarren 10.000 metro koadroko pabilioia suak birrindu zuen atzo goizaldean. Ponpa hidraulikoak eta eolikoen motorrak egiten zituzten han.
Ordizia, Legazpi, Bidasoa eta Tolosatik joandako suhiltzaileek itzali zuten sua. Pintaketa kabinan sortu zen, lekukoek adierazi zutenez. Zebilen hego haize zakarrak eta pabilioian bilduta zeuden material suharberek berehala zabalarazi zuten.
Zuzendaritzakoak goizean batzartu ziren egoeraren larritasuna aztertu eta irtenbideak aurkitzeko. Berahala langileei dei egin zieten arratsaldeko lauretan batzarra izango zela Beasaingo Antzizar kiroldegian.
Langileak kezkatuta
Langileei «inpresio oso txarra» geratu zitzaien atzoko egun mugituaren ondoren. Suteak fabrikaren zati handia suntsitu ondoren kezka zegoen. «Goizean etorri eta sekulakoarekin topo egin dugu; gaueko erreleboan zeudenek esan digutenez 20 minutuan kanporaino atera da sua».
Goizaldeko 03:45ean gaueko txandako langileak ohartu ziren suaz, eta itzaltzen saiatu ziren su-itzalgailuekin. Baina egoera larriagoa zela ikusi eta suhiltzaileei deitu behar izan zieten. Suak eragindako kalte materialen kopurua aipagarria da. Oraindik dirutan zenbatekoa zehaztu ez bada ere, «milaka milioi euroko kopuruetan» koka daitekeela esan zuten enpresaren zuzendariek.
Indarren guztira 700 langile inguru dabiltz, eta suteak kaltetutako sekzioan 300dik gora. Sua hasi zen unean ehun langile inguru zeuden pabilioian lanean, baina guztiak onik atera ziren. Lantegi aurreko aparkalekura irten ziren eta suhiltzaileek baimendu bezain pronto langileak suak utzitako hondarrak ikustera gerturatu ziren goizean.
Agintariak ere gerturatu ziren
Indar lantegiaren aurreko aparkalekuan bildu ziren langileak, eta langileez gain agintariak ere bertaratu ziren suak eragindako triskantza bertatik bertara ikustera; besteak beste, Beasain, Lazkao, Ordizia eta Idiazabalgo alkateak eta zinegotziak, Markel Olano diputatu nagusia, Pello Gonzalez Foru Ogasuneko diputatua eta Ana Agirre Industria sailburua izan ziren atzo Indarren.
Inguruko zenbait enpresak eta Beasaingo Udalak pabilioiak eskaini zizkioten Indarri, lanean jarrai dezan.
langileekin batzarra arratsaldean
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Altzari zaharberritze,egur taila eta egur pintaketa ikastaroak
GABIRIA, Gabirian,Amalur tailerrean - 2008-10-14
Erakusketa
Gabonetako Postalen erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-12-19
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.