Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Oianguko proiektua datorren urteko udaberrirako bukatzea espero dute

Azpiegiturak

Oianguko proiektua «eredugarria» dela nabarmendu dute agintariek, «turismoa eta kirola» uztartzen dituelako.

Iñaki Gurrutxaga

Lanak aurreikusita bezala badoaz, datorren urteko udaberrian bukatu ditu Ikengu enpresak Ordiziako Oianguko aisialdi guneko proiektuko obrak. Hala adierazi zuen atzo Iñaki Aierbe Ikenguko ordezkariak. Aurtengo martxorako golf praktikarako zelaia eta zerbitzuetako eraikinari dagozkion instalazioak bukatu nahi dituzte, eta urrirako eraiki nahi dute hotel-jatetxea eta haren urbanizazioa.

Jose Migel Santamaria Ordiziako alkatea, Koro Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordea eta Angel Arostegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintza eta Turismo zuzendaria izan zituen lagun Aierbek atzo Delikatuz zentroan egin zuten aurkezpenean. Udal, foru eta gobernu agintariek «eredugarritzat» jo zuten proiektua, «kirola eta turismoa» uztartzen dituelako.

Basquetour Euskal Turismo Agentziako zuzendari Mercedes Rodriguez, eta Goierriko hainbat alkate eta hautetsi ere izan ziren aurkezpenean.

Hotelaren premia

Oiangurengo lur-sailetan egiten ari diren proiektuak parke publiko horren «elementu naturalak balioan jartzea» du helburu, Santamariaren esanetan. «Guretzako mugak gainditzen dituen proiektua da, eta seguru nago eta gaude, onuragarria izango dela gure herriarentzat, Goierri, Gipuzkoa eta Euskal Herri guztiarentzat». Oianguko proiektuak «kirola eta turismoari loturiko jarduerak» hartuko ditu, eta eskualdean dagoen «eskaintza aberastuko» du. Parkeak «publikoa eta irekia» izaten segituko duela gogorazi zuen Santamariak, eta proiektu berriarekin udalerriak dituen «jatetxe eta ostatu eskaintzaren gabezia» beteko dituela. «Aspaldian faltan botatzen genuen hotel bat izango dugu».

Aierbek gaineratu zuen Ordizia dela Goierrin «hotel eta lotarako lekurik ez duen» herri bakarra, eta horrelako azpiegitura baten premia beti sumatu dutela. Hala ere, Oianguk «aukera gehiago» zeuzkalako, eta horiek «baliatu» behar zirela ikusita, aurkeztu zuten Oiangurako proiektua orain hiru urte. «Turismoarekin lotuko dugun kirola ez da golfa bakarrik izango. Krosak ere egin daitezke bertan, eta kultura aldetik musikarekin ere zerbait egin daiteke».

Publizitate iragarkia

Segundo eskas batzuk irauten duen Zure mundua zaintzen du izeneko publizitate iragarkia ere aurkeztu zuen Aierbek.



 


Ikenaren aurkako pintaketekin ez duela zerikusirik adierazi du Oiangu Bizirikek

Gizartea

ðð

Ordiziarrak «aurrez aurre» jarri dituen auziari irtenbidea emateko «obrak gelditzeko» eskatu dute.

i. gurrutxaga



Ordiziako Oianguren parkean «golf zelaia egiten ari den Ikena enpresa sustatzailearen aurka orain gutxi azaldu diren pintaketa mehatxugarriekin zerikusirik ez» duela adierazi du Oiangu Publikoa eta Bizirik ekimenak prentsa ohar bidez. «Ekintza horiekin zerikusirik ez dugu. Guk egiten ditugun ekintzen erantzule bakarrak gu gara, baina guk egin ditugun ekintzak baketsuak izan dira».

Urtearen hasieran Ordainduko duzue, Oiangu bizirik eta itu baten barruan Ikena izena azaltzen zen pintaketak agertu ziren Ikena enpresak Aita Urdaneta kalean duen bulegoan. Beste pintaketa batzuk ere izan ziren. «Gure plataformak ez duela bat egiten ekintza horiekin adierazi nahi dugu, ez datoz bat gure borroka espirituarekin», dio elkartearen oharrak.

Udalaren «presak»

Oianguko proiektuarekin zerikusia duten gertakariekin Ordiziako Udalak hartzen dituen zenbait jarrerarekin kritiko agertu dira plataformako kideak. «Zenbait ekintza salatzeko presaka aritzen da Ordiziako Udala. Gu oraindik zain gaude Oianguko obrak hasi zirenean Ordiziako bi bizilagunek aditu zituzten hitzezko mehatxuen inguruan zer iritzi duzuen jakiteko».

Oiangu Bizirik plataformak «parke publikoaren defentsan» segituko duela, eta bide horretan «herri honetako bizilagun askoren babesa» duela dio oharrak. Ordiziarrak «aurrez aurre» jarri dituen arazoari irtenbidea emateko «obrak gelditzeko, eta herritar guztien iritziak aintzat hartzeko» eskatu dute.





Hiru fase



2008ko martxoa. Golf praktikarako zelaia eta zerbitzuetako eraikinari dagozkion instalazioak bukatuko dituzte.

2008ko urria. Hotel-jatetxea eta horri dagokion urbanizazioa eraikiko dituzte ordurako.

2009ko udaberria. Golf zelaia eta aurreikusitako instalazio eta zerbitzuak osatzeko espazioak egindakoan bukatuko dira lanak.



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa