Abiadan dator trena
Goierri
Abiadura Handiko Trenaren bidea eraikitzen «2008 hasieran» dira hastekoak Goierrin. Azpiegiturak handiak eskatuko ditu.
e. imaz-a. apalategi
Abiadura Handiko Trenaren bidea eraikitzen hasteko obrek atzerapenak izan dituzten arren, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 2008. urte hasieran Ordizia-Itsasondo zatiko obrei ekiteko asmoa dute. Euskal Y-ren bigarren fasea izango da Goierrikoa, Araban hasita baitaude Arratzua eta Legutio arteko zatia eraikitzeko lanak.
Ordizia eta Itsasondo lotuko dituen zatiak 2.859 metro luze hartzen ditu. Tarterik handiena lur azpian egingo du trenak, 2.814 metroko tunela eraikiko baitute. Lehiaketa publikora atera ondoren, abenduan erabaki zuten zein enpresak egingo dituen zati horretako obrak. Lau enpresak osatutako aldi baterako elkarteak hartuko du bere gain 50 milioi euroko lana, eta 27 hilabeteko epea izango dute egiteko. FCC Construcción, Construcciones Donosti, Guihor Estructuras de Hormigón eta Construcciones Donosti enpresek osatzen dute elkartea.
2,8 kilometroko tunela egiteko, 250.000 metro kubo haitz eta lur aterako dute; 100.000 metro kubo hormigoi eta 850 tona altzairu erabiliko dituzte. Tunelaz gain, Ordizia eta Itsasondo artean bi zubi egingo dituzte. Bat Mariarats ibaiaren gainetik igaroko da eta 111 metro izango ditu luzean. Besteak Zubina ibaia zeharkatuko du eta 144 metro luze izango da. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Itsasondo-Ordizia bidea egiteko «bi hektarea lur baino gutxiago» desjabetuko dituzte. Kaltetuak, berriz, 27 lagun izango dira.
Lanak hastearekin batera 2008an lizitatuko dituzte Gipuzkoako beste lau zati, tartean daude Beasaingo bi zatiak eta Legorretakoa.
Oraindik, ordea, asko dira erabat itxi gabe dauden puntuak. Zumarragatik Beasainera bitarteko zatiak noiz egingo dituzten aurrerago zehaztuko dute. Antzuola eta Ezkio-Itsaso arteko zatiaren proiektua idazketa fasean dago oraindik. Ezkio-Itsason geltokia egingo duten ala ez da argitu oraindik.
Bi heren lur azpian
Gipuzkoak duen orografia berezia kontuan hartuta tunel eta zubi gehien izango duen herrialdea da. Bertatik igaroko diren 94 kilometroetatik 21 egingo dituzte lur gainean (trazatuaren %23). Beste 61 kilometro lurpean egingo ditu trenak (trazatuaren % 66). Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak azaldu duenez herri askotan trena lur azpitik igaroko da. Ormaiztegi, Zumarraga eta Urretxuren kasuan esaterako.
Goierriri dagokionez, eta orain artean zehaztutakoaren arabera, 11 zubi eta biadukto eraikiko dituzte. Horien artean, handiena Beasaingo Ittola inguruan egingo duten biaduktoa izango da; 382 metroko luzera izango du.
Azpiegitura hori egiteko hainbat hondakindegi ere egin beharko dituzte mugituko den lur kopuruari irtenbidea emateko. Horietako bat Erauskingoa izango da, Beasainen. 300.000 metro kubo hondakin hartuko ditu. Horrez gain, Legorretan bi harrobi erabiliko dituzte, Alliri eta Aizpeakoak, hain zuzen ere.
Proiektuaren bultzatzaileek, ordea, Goierriko zatirik handienean trena «ikusezina» izango dela azpimarratu dute, gehiena lurpean egingo delako, eskualdea zeharkatuko duten hainbat tunelen bitartez. Trazatu guztia «ingurunera egokitzeko neurriak erabiliz eta naturarekiko errespetuan» egingo dutela azaldu dute. Gainera, proiektuaren oinarriak ez direla aldatuko esan dute.
Talde ekologistak ez daude horrekin ados, euren ustez azpiegiturak «onurak baino kalte gehiago» ekarriko dituelako. AHT Gelditu elkarlanak salatu duenez, ingurumenari egingo zaizkion kalteak «atzera bueltarik gabekoak» izango dira, azpiegiturak «barrera efektua, soinu eta ikusmen inpaktu ikaragarria eta lurren gehiegizko okupazioa» eragingo baititu.
Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak azaldu dutenez, Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuko dituen abiadura handiko trena 2012rako martxan egotea da asmoa.
Desjabetuak eta Lurranek
Ordiziako eta Itsasondoko zatia egiteko 27 jaberen lursailak desjabetuko ditu Jaurlaritzak, eta harremanetan jarri direla azaldu dute. Abuztuan lurjabe bakoitzari gutun bana bidali zietela eta «Euskal Y-ren eraikuntzak izango duen eraginaz jakitun» direla diote.
Zati horretan kaltetutako lurjabeentzat informazio bulegoa jartzeko asmoa ere bada. Nuria Lopez de Gereñu sailburuak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik Lurranek informazio bulegoak egoitza izango du Goierrin.
Ezkio-Itsasoko geltokiari buruz «informazio gutxi» dagoela diote
Ezkio-Itsaso
AHTren geltokia eta Nafarroako korridorearen lotura Ezkio-Itsason egitea begi onez ikusten du Jaurlaritzak.
e. imaz - a. apalategi
Euskal Y-ren proiektuak, hiriburuetako geltokiez gainera, beste hainbat geltoki egitea aurreikusten du. Horietan aukera bat, azken aldian indarra hartzen ari dena, Ezkio-Itsasokoa da. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak kokaleku horren aldeko apustua egin du, eta hala proposatu dio Espainiako Sustapen Ministerioari. Iazko abuztuan ministerioak Euskal Autononomi Erkidegoko tren sare berriaren ikerketa eskatu zuen, geltokia Ezkio-Itsason jartzeko aukera aztertzeko.
Hala ere, geltokiaren inguruko informazio gutxi dutela dio Joseba Etxezarreta Ezkio-Itsasoko alkateak. «Urtebete izango da jada informazio ofizialik ez dugula, ez zentzu batean, eta ez bestean». Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri badira ere, «proiektuak egiten ari direla eta bere garaian informazioa helaraziko zaigula esan digute».
Ezkio-Itsasoko Udalak oraindik ez du gaiaren inguruko iritzi ofizialik hartu. «Momentu honetan eztabaidatzen ari gara. Era guztietako iritziak daude eta behin betiko erabakia hartzen dugunean publiko egingo dugu; baina oraindik ez dago erabaki zehatzik». Erabakiak hartzerako orduan «gauzak jakitea beharrezkoa» dela azpimarratu du Etxezarretak.
Nafarroarekin lotura
Ezkio-Itsaso gune estrategikoa izango da abiadura handiko trenbide sarean. Izan ere, balizko geltokiaz gain, Nafarroako korridorearekin lotura ere han egitea aztertzen ari dira.
Euskal Y-ren eta Nafarroako korridorearen arteko lotura, askotan aipatu arren, sekula zehaztu ez den kontua da. Espainiako Sustapen Ministerioak lotura hori egiteko bi aukera aztertu zituen. Batean, Zuaztitik (Nafarroa) Tolosara lotuko litzateke; bestean, Ordizian. Kasu batean zein bestean, Aralarko parke naturala zeharkatuko luke AHTk. 2006. urtean, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, trena Aralar parke naturaletik igarotzeko aukera baztertu egin zuen. Horren ordez, Aralar eta Aizkorri-Aratz parkeen arteko pasabide naturaletik pasatzearen alde agertu ziren, Zumarraga eta Altsasu arteko trena pasatzen den leku beretik. Horrenbestez, konexioa Altsasu eta Ezkio-Itsaso artean egingo litzateke.
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko garraio kontseilariek, Nuria Lopez de Gereñuk eta Laura Albak, begi onez ikusten dute lotura Ezkio-Itsasoren eta Altsasuren artean egitea. Horregatik, «ahalik eta azkarren» erabaki bat hartzeko eskatu zioten Espainiako Sustapen Ministerioari. Lotura horren «onurak» azpimarratu zituzten biek.
Eztabaida eta iritzi kontrajarri ugari sortu duen proiektua
Goierri
ATHren proiektuak aldeko eta kontrako iritzi ugari sorrarazi ditu inguruko eragileen artean.
e. imaz - a. apalategi
Eztabaida eta iritzi kontrajarri asko sortu ditu AHTren proiektuak, bai Euskal Herrian eta baita Goierrin ere. Eusko Jaurlaritzatik, proiektuak «Euskadiren garapenerako izango duen garrantzia» azpimarratzen duten bitartean, AHTren kontrako taldeek eta alderdiek «proiektu faraonikoa» dela eta pasatzen den herrietan «txikizioa» eragingo duela salatzen dute.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, AHT eraikitzeak «eragin handia izango du Euskadiko ekonomian, eta hazkunde ekonomikoa lortzeko bide garrantzitsua izango da». Proiektu «jasangarria» dela deritzo; «Euskal Y-k errepideek baino kalte gutxiago eragingo du».
Jaurlaritzaren ustez, «ondorio positiboak ekarriko dizkio herrialde osoari. Ez bakarrik bidaiatzeko eta merkantziak garraiatzeko zuzenean erabiliko duten pertsona eta enpresei». Hirien arteko bidaiak «denbora gutxiagoan» egin ahal izango dira eta garraio publikoa sendotzen lagunduko du.
AHTk egunean 1.100 kamioi kenduko lituzke errepideetatik. Gipuzkoan, N-1 errepidetik 100.000 kamioi igarotzen dira egunero.
«Proiektu txikitzailea»
AHTren inguruan talde ugari sortu dira Euskal Herrian eta eskualdean. Goierriko AHT Gelditu! elkarlanak, egitasmo horren inguruan dagoen «manipulazioa» salatu izan du. «Proiektu txikitzailea» eta «gure herriaren aurkako eraso larria» dela diote, kalte ekologikoak eragiteaz gain, «inposatutako proiektua» dela argudiatuz. Horren aurrean, egitasmoa gelditu eta «benetako informazio objektiboa zabaltzeko eta eztabaida sozial sakona» irekitzeko eskatu izan dute maiz. Mobilizazio eta protesta ekintza ugari ere burutu dituzte azken urteetan eskualdean.
Zenbait alderdi ere proiektu honen kontra agertu izan dira. Itsasondoko Udalak herri galdeketa egin zuen 2006ko abenduan, eta herritarren gehiengoak ezezkoa eman zion proiektuari. Azken hauteskundeen ondoren osatu diren Udalen artean ere, AHTren kontrako iritziak gehitu egin dira. EAE-ANV alderdiko hainbat alkatek proiektuarekiko desadostasuna azaldu dute. Hala, Itsasondokoari, Legorreta, Urretxu eta Legazpiko udalak batu zaizkio.
Bi gazte epaituko dituzte
AHTren kontrako ekintza batean parte hartu zuten Goierriko bi gazte epaituko dituzte datorren astean. Protesta ekintza bat egin zuten Beasainen 2006an. Asteartean hasiko da beraien kontrako epaiketa, Tolosako epaitegian.
Ibilbidea goierrin
Urretxu-Zumarraga. Bergaratik Ezkio-Itsasorako zatian, trena Urretxu eta Zumarragako lurretatik pasako da, baina bide zati horren proiektua idazkera fasean dago oraindik. Zatirik handiena lurpean egingo du, horretarako eraikiko diren tunelen bidez.
Ezkio-Itsaso. Zumarraga aldetik datorren zatia oraindik zehazteko badago ere, erdialdetik Ormaiztegira bidean honako lanak egingo dituzte: lau zubi (Santa Lutzi, Zabalegi, Errezti eta Jauregi), Atsusaingo tunela (500 m) eta 2,1 kilometroko ageriko ibilbidea. Bestalde, Ezkio-Itsason geltoki bat jartzeko aukera aztertzen ari dira.
Ormaiztegi. Trenbide azpiegitura berriak lurpean igaroko du Ormaiztegi, sustatzaileen arabera. Bertan egingo dute Sorozarretako tunelaren (1,2 km) hasierako zatia.
Beasain. Ibilbidearen %80 baino gehiago lur azpian egingo dute, %15 zubietatik eta 300 metroko zati bat lurgainean. Beasaindik igaroko den zatiak bost tunel eta lau zubi izango ditu. Nagusienak Arriarango tunela (467 m), Ittolako biaduktoa (382 m) eta Beasain tunela (2 km) izango dira.
Ordizia. Mariarats izeneko zubitik sartu eta Ordizia eta Itsasondo lotuko dituen tunelean sartuko litzateke trena. Zati hori guztia lurpean izango da. Tunelaren lehen 850 metroak dagozkio Ordiziari.
Itsasondo. Ordiziatik datorren tunelak 1,9 kilometro egingo ditu Itsasondon, harik eta Zubina ibaiaren gaineko zubira iritsi arte. Zubi hori pasata Legorretara pasako da.
Legorreta. Trenbideak 3,2 kilometro egingo ditu Legorretan, 2,9 lurpetik joango dira. Zubina ibaia pasatu ondoren sartuko da tunelean; behin handik aterata, Ugaran ibaiaren gainetik pasatuko da, zubi batean. Trenbidea egiteko Alliri eta Aizpea harrobiak erabiliko dituzte.
aht datutan
Kilometroak. Euskal Herri osoan 426 kilometro egingo ditu.
Euskal Y: 194 km.
Nafarroako korridorea: 190 km.
TGV linea Lapurdin: 42 km.
Tunelak. 121 tunel izango ditu, 144 kilometrotan. Horietatik 80 tunel (104 km) dagozkio Euskal Y-ri.
Biaduktuak. 113 biaduktu izango ditu, 30 kilometrotan. Euskal Yak 71 izango ditu (17 km); Nafarroako zatiak 36 eta Lapurdikoak 6.
Eraikuntza kostea. 10.000 milioi euro Euskal Herrian.
Euskal Y: 6.000 milioi euro.
Nafarroa: 3.150 milioi euro.
Lapurdi: 900-1.150 milioi euro.
Ukituko dituen herriak. 112 herri Euskal Herri osoan. Euskal Y-k 47, Nafarroako korridoreak 48 eta beste lau Gipuzkoarekiko loturak.
Lur okupazioa. 1.500 hektareatik gora hartuko ditu; hondakindegiek beste 650 hektareatik gora.
Euskal Y: 671 hektarea.
Nafarroa: 750 hektarea.
Lapurdi: 319,5 hektarea.
Lur mugimendua. 68 milioi m
3 Hego Euskal Herrian. Euskal Y-k 33 milioi
eta Nafarroakoak 35.