
Asier osinaldE ð- Nekazaria
«EHNEren ildoari eutsi nahi diogu, lurrari lotutako baserria nahi dugu»
Gabiria
Bihar burutuko du Gipuzkoako EHNEk bere V. Kongresua; oraingoan Hernanin izango da, izaera «berria, batua eta alternatiboa» lortu nahi dute sindikatuan.
eneritz gorrotxategi
Asier Osinalde (Zumarraga, 1974) baserritarra da. Gabiriako Baztarrika baserrian egiten du lan, nekazaritzan eta artzaintzan. Bihar goizean Hernanin izango den Gipuzkoako EHNEren V. Kongresua prestatzeko lanean aritu den lan-taldeko kide da, Goierri Garaiko ordezkari gisa. Nekazaritzaren sektorearen egoera aztertzen aritu dira orain arte, eta EHNE elkartearen egoera neurtzen. Hausnarketa horiek plazaratzeko eta aztertzeko bihar Hernanin egingo dute kongresua.
Lehen sektoreak bizi duen egoera ez da orain arteko gozoena.
Hala da bai. Guk nahi duguna mantentzea da, zail ikusten dugu baina saiatuko gara. Lan ildoak urtean urtekoak finkatu ditugu, eta horien artean hauxe da bat: dauden lanpostuak mantentzea. Oztopoak alde batetik eta bestetik datoz, gizartetik, administrazio aldetik...
Aurten Gipuzkoako EHNEn lehendakaria eta antolaketa taldea berritzea tokatzen da, ezta?
Bai. Jende berria sartu nahi zen eta lortu da behetik goraino aldatzea. Aurreko astean bota ziren izenak eta baieztatu dira. Oraingoan etxeko lanak albo batera utzi eta sindikatuko lana egiteko jende egokia bilatu behar zen; batzuek ezin dute ardura hori euren gain hartu. Gurea ez da zortzi orduko lan hutsa, etenik gabekoa da. Geroago, baina norberak egin behar du etxekoa, orduan sindikalgintzan murgilduko denak baserria alde batera ez uztea aurreikusi da, ordezkoren bat jartzeko aukerarekin.
«Berria» hitzarekin gazteak aipatu dituzue; nola ikusten duzu gazte batek nekazaritzan lanean hasteko eman behar duen pausoa?
Egun baserrira gerturatzen den gazte gehienak baratzagintzara mugatzen dira; lur gutxi behar du eta etekin handiagoak atera daitezke momentu puntualetan. Animaliek inbertsio handia eskatzen dute: ikuiluak, zelaiak, makinaria, animaliak... Laguntzak egon badaude, baina ez denentzako adina.
Zaila da, orduan, gazteak nekazaritzara gerturatzea?
Baserriak enpresa txikiak direla esaten da, baina inbertsio handia, oso handia eskatzen duten enpresa txikiak dira. Urte bat hala-moduzkoa ateratzen bada, galera askokoak gainera.
Gipuzkoako EHNE «batua» eta «alternatiboa» izatea nahi duzue. Zer aldatu behar da?
EHNEk defenditzen duen ildoari eutsi nahi diogu; lurrari lotutako baserria izateari. Bestelako eredua nahi duenari ere aukera eman behar zaio baina gure alternatiba horixe da. Lotura handia da baina gustukoa baduzu, heldu egiten diozu.
Une honetan gai asko daude pil-pilean nekazaritzari zuzenean eragiten diotenak: AHT, zerealen prezioa igoera, errauskailua...
Gai horiek asko aipatzen dira, baina okerrago ikusten dudan beste zerbait ere bada. Herri txikietan industriak eta dirudunek egiten duten kaltea: baserritarrei diru erraza eskaintzen dieten kontratista handiak daude. Esfortzu hutsaren truke jasoko luketen dirua litzateke, baina atzetik gatozenontzat traba da. Gu ezin gara prezio horietan sartu. Normalean lurrik onenak hartzen dituzte, gainera. Kontua ez da etxeak eraikitzen ari direla, baizik eta lurrak nola lortzen dituzten. Baserritarrak alokatu nahi dituen lurrak eskuragarri ez badaude, ezin gara sartu. Niretzako garrantzia handia duen gaia da.
Zer esango zenieke baserritarrei?
EHNEko kideei, kongresura joan daitezela.
Eta herritarrei?
Aukera bat eman diezagutela baserritik bizi nahi dugunoi. Beraien produktuak eros ditzatela. Badakigu poltsikoa puskatu samar dagoela baina prezioen handitasunak ez ditzala izutu. Gertutasunean eta kalitatean irabaziko dute. Guk badakigu zer egiten dugun eta nola eskaintzen dugun.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Irteera
Mendi irteera Ataungo Txutiturrietara
BEASAIN, Aitzgorri Mendizale Elkartea - 2008-10-12
Ikastaroa
Ogi ekologikoa egiteko ikastaroa
EZKIO-ITSASO, Ezkio-Itsasoko Haristizabal baserrian - 2008-10-18
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.