
Luis mari de Juan 'pintx0' ETA edurne huesa ð- Oiangu Bizirik
«Guk ez dugu etsiko, eta lege urratze guztiak salatzen segituko dugu»
Gizartea
Duela ia hiru urte hasitako bideari «tinko» eusten diote Huesak eta De Juanek. Hil honen bukaeran Ikenari emandako kontzesioaren aurkako bista dute epaitegian.
iñaki gurrutxaga
Ingurumenari aparteko garrantzia ematen diote Luis Mari de Juan Pintxo-k (Ordizia, 1957) eta Edurne Huesak (Donostia, 1959). Oianguko proiektua «hasieratik irregularra» dela diote, eta garbi esan dute inguru hartan gerta daitezkeen era guztietako urratzeak salatzen segiko dutela.
Datorren urteko udaberrirako Oianguko lanak bukatuta egongo direla esan zuten aurreko astean. Zer balorazio egiten duzue?
Luis Mari De Juan: Oiangurekin hartu beharreko erabakiak aspaldi hartuta daude. Azkenean hor dagoena ez da golfaren proiektua, horren atzean gauza gehiago daude. Orain bost urte inguru egin zen ikerketa batek esaten du golf zelaiak errentagarriak izateko etxebizitzak behar direla inguruan. Ikenak ez du proiektu hori egin golf zelai baterako, ez du egin lau pezeta irabazteko. Nik garbi daukat, proiektu hori errentagarria izateko espekulazioa egongo da.
Edurne Huesa: Faseak ahal den azkarren egiten ari dira. Urtarrilaren 29an Ikenari emandako 40 urteko kontzesioaren inguruko bista dugu epaitegian, baina aurkezpenean ez zuten ezer esan horren inguruan. Golf zelaiak ingurumen inpaktuaren azterketa behar du, baina egin gabe dago. Onartu behar dugu administrazioak nahi duenean gauzak egiten dituela. Hala ere, guk ez dugu etsiko, eta jendeari hori adierazi nahi diogu, egiten ari diren irregularitate guztiak salatuko ditugu. Aurkezpen horretara ere ez gintuzten gonbidatu.
Kirola eta turismoa uztartzen dituela eta, proiektu eredugarria dela esan zuten aurkezpenean.
Huesa: Gu ez gaude turismoaren kontra, baina esan behar dena da turismo proiektu hori parke publiko batean egin behar dela, ingurune libre izendatutako ingurune batean. Ez dute gaur egun Oiangun dagoenaren inbentariorik egin.
De Juan: Eta gainera, nahita, beste azterketa ezkutatu egin dute, eta hori salatu egin beharra dago. Bertako karramarroaren errepoblazio bat egin zen orain urte batzuk Diputazioaren baimenarekin, eta neronek egin nuen ikerketa. Nahita egin dute hori, eta guk ez daukagu tresnarik hori salatzeko.
Huesa: Parke baten ardura eta gestioa eraikuntza enpresa bati ematea oso larria da, otsoa oilategian sartzea bezala.
De Juan: Astakeria egin dute, eta ni kezkatzen nauena da Udala ez dela horretaz konturatzen. Jendeak Oiangura joan behar du egiten ari direna ikusteko, eta gero bakoitzak kontuak atera ditzala.
Oianguk izaera publikoa galduko duela salatu izan duzue, baina alkateak behin eta berriz esan du Oianguk publikoa izaten segiko duela. Mezua bera da. Ikuspuntua da desberdina?
Huesa: Publikoa izango da, baina ez orain arte bezalakoa. Edonor sartuko da Oiangun, baina espazio batzuk itxita egongo dira.
De Juan: Eta golf pilotekin arriskua egongo da. Sare oso altuak jarri beharko dituzte.
Huesa: Azken batean parke publiko bat pribatizatzea da. Golf zelaia mantentzea bera ere arriskutsua izan daiteke, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzen badituzte. Massachusetts-eko Unibertsitateak egindako azterketa baten arabera, golf jokalarien azalean eta txisean pestizidak aurkitu dituzte. Eta ondorio bezala esaten dute kontuan hartzeko gaia dela, gero eta ume gehiago dabiltzalako golf zelaien inguruetan.
Hori kontuan izan beharko dute.
Huesa: Proiektuarekin segitu behar badute, erregistro liburu batean apuntatu behar dituzte noiz botatzen dituzten ongarriak, noiz pestizidak, zer motatakoak diren... Proiektua gelditzeko eginahal guztiak egingo ditugu, eta edozein lege urratze salatuko dugu, eta ez lege urratzeak bakarrik, baizik eta jendearen osasunaren eta naturaten aurka egiten diren urratze guztiak.
Martxoan beteko dira hiru urte plataforma sortu zenutenetik. Zuen lanak zerbaiterako balio izan duela uste duzue?
Huesa: Bat behintzat mugimendu sozial berri bat sortu dela herrian. Proiektua hiru urtez atzeratzea lortu dugu, paint-ball-a ere ez da egingo. Hori lorpen bat da. Arartekoak ere hartu gintuen, eta Ikenari emandako kontzesioa irregularra dela esan zuen. Aldaketa batzuk izan dira, baina oinarrizko aldaketaz ez. Hala ere, egiten dutena egiten dutela, ikusiko da jende asko proiektu honen aurka egon dela eta dagoela, eta hori ezingo dute ezkutatu. Eta gehiago esango dut. Gaur egun Euskal Herriko udalerri askotan egoera politiko irregularra dago, eta hori nozitzen ari gara Ordizian. EAE-ANVk lau zinegotzi atera zituen, baina ez daude Udalean Alderdien Legeak agintzen duelako. Horiek Udalean baleude, 13tik 6 proiektuaren kontra leudeke. Nola liteke udal batek hori onartzea ikusita bere konposizioan ia erdia kontra dagoela?
De Juan: 2.700 sinadura ere bildu ditugu. Gehiengo absolutua gara.
Huesa: Kontsulta egin ahal izateko mila eta gehiago sinadura lortu genituen.
Baina kontsultarik ez da egin. Orain obrak gelditzeko eskatzen ari zarete, baina obrak aurrera doaz. Zuen eskaerak bideragarriak dira?
Huesa: Eskaerak berdinak dira. Bideragarriak diren? Obrak geldi ditzaketela uste dut. Udalari eta Ikenari interesatzen zaie, ordiziarrentzat onena nahi dutela esaten dute, eta irabazten badute, obra egiteko legitimatuta sentituko dira. Galduko bagenu isildu egingo ginateke, eta orduan esango genuke proiektua hobetzeko zer egin daitekeen.
De Juan: Ikena Ordiziakoa da bai, baina proiektu hori herrian aurkeztu aurretik Goierri osoan ibili zen golfa egiteko leku bila. Arriarango zuloa eskaini zieten Beasainen, eta ezetz esan zuten. Olaberriko Udalak ere ezezkoa esan zien.
Asteazkenero biltzen zarete oraindik. Urte hasieran Oianguko jatetxeko isuri-hodia estali zenuten, ekintza baketsu modura. Zer darabilzue orain esku artean?
Huesa: Azken gertaerak baloratzen ari gara. Asmo batzuk baditugu, baina ezin ditugu publiko egin.
De Juan: Aurreratu nahi nuke guk gure ideia badugula Oiangurako, proiektu moduko bat.
Herrian zer moduzko giroa sumatzen duzue? Salaketak egon dira, mehatxuak, pintaketak...
Huesa: Koadriletan eta familietan gai honek enfrentamenduak sortu dituela entzun dut, eta nirekiko indeferentzia ere sentitu dut.
De Juan: Luzerako joango da hau. Martxan jartzen denean konturatuko da jendea.
edurne huesa
Oiangu Bizirik
Luis mari de Juan 'pintxo'
Oiangu Bizirik
Kontzesioaren aurkako bista, hilaren 29an
ordiziarra | 2008-01-19
Oianguren inguruan gertatzen dena ikusirik galdera batzu egiten dizkiot neure buruari eta ez dut erantzunik aurkitzen. Nola da posible eusko jaurlaritza behin eta berriz herritarren borondatea errespetatzeko eskatzen aritzea eta aldi berean ordizian beraiek herritarren borondatea ez errespetatzea???Herrietatik hasi beharko da borondatea errespetatzen ala????gainera beste galdera bat ere egiten diot neure buruari IU-ARALAR zer egiten ari da???ongi dago esaten dute oianguko proiektuaren aurka daudela. Baina orduan zertarako ematen diote santa mariari beraien botoa honek kargua hartzeko orduan???galdera batzuk erantzun ezinak direla uste dut.Eta amaitzeko ze aukera gelditzen da orain???manifestaldiak, firma bilketak...egin dira eta udalak eta ikenak bereari eusten diote. Zein da hurrengo pausoa????
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Altzari zaharberritze,egur taila eta egur pintaketa ikastaroak
GABIRIA, Gabirian,Amalur tailerrean - 2008-10-14
Antzerkia
Haurrentzako antzerki emanaldia
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2009-01-10
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.