Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

«Benetako delitua AHT» dela salatu dute auzipetutako gazteek

Azpiegiturak

Abiada azkarreko trenaren kontrako jarrera «ETArekin lotzeko eta kriminalizatzeko» asmoa ikusi dute bi auzipetuek Tolosako epaitegiaren erabakian.

arkaitz apalategi

AHTren kontrako ekintza batean parte hartzeagatik auzipetutako bi gazteek jendaurreko agerraldia egin zuten atzo Beasainen. Bertan, «benetako delitua AHT» dela salatu zuten. Euren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratu nahi izatea «erokeria politiko-judiziala» dela esan zuten.

Ehun eta berrogeita hamar lagunek eman zieten babesa atzo auzipetu goierritarrei, AHTren kontrako kartelekin. Bi gazteak aurpegia estalita agertu ziren. «Amorrua eta indignazioa» sentitzen zutela azaldu zuten. «Gaur egungo justizia ustel honetako arduradun nagusientzat, mundu kapitalista honetako inposizioen aurka eta amalurraren alde borrokatzea terrorismoa izan daiteke». Horren aurrean «errepresio modu zikin honen bitartez» ezingo dutela «herriaren ahotsa isildu» gogorarazi zuten.

«Kriminalizatzeko asmoa»

Bi auzipetuek AHTren kontrako protesta ekintza batean parte hartu zuten Beasainen, joan zen azaroaren 3an. Goierriko AHT Gelditu Elkarlanak deituta, Zaldizurreta kaleko zebra-bidean aurrera eta atzera ibili ziren hainbat lagun, trafikoa oztopatuz eta handik pasatzen zirenei AHTren obrak hasi zirela jakinaraziz eta proiektuaren inguruko informazioa banatuz. Elkarlanak azaldu duenez «protesta baketsua» izan zen eta iraun zuen bitartean ez zuten inor identifikatu eta atxilotu.

Egun batzuen buruan jakin zuten bi gaztek auzipetu egingo zituztela, Ertzaintzaren «begizko identifikazio» batean oinarrituta. Desordena publikoa sortzeagatik falta delitu bat leporatuta, aste honetan hastekoa zen epaiketa Tolosako epaitegian.

Epaitegi horrek, ordea, kasua Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku uztea eskatu zuen bi egun geroago, «terrorismo» zantzuak daudela argudiatuz eta «AHTren aurka borrokatzea ETAren estrategia barruan» dagoela azalduz. Tolosako epaitegiko autoak dioenez, «ETAk egindako azken adierazpen publikoan AHTren obrak gelditzea bere helburu nagusietako bat dela azaltzen du»; horregatik, gaiaren inguruan erabaki bat hartzea Auzitegi Nazionalari dagokiola dio.

Hala ere, euren kontrako epaiketa Madrileko Auzitegi Nazionalera iristen bada, «kontzientzia lasai eta burua tinko» izango dutela adierazi dute, «jakin badakigulako AHT dela benetako delitua». Azkenik, «borrokan jarraitzeko deia» egin zuten bi auzipetuek, «gure bihotzean sentitzen duguna beraiek sortu nahi diguten beldurra baino handiagoa baita».

Erabakiaren atzean tren azkarraren kontrako mugimendua «ETArekin lotzeko eta kriminalizatzeko» asmoa dagoela salatu du AHT Gelditu elkarlanak.

Zundaketak hasi dira

Atzo eman zuten prentsaurrekoaren ondoren, Beasainen dagoeneko zundaketak egiten hasi direla ere salatu nahi izan zuten Goierriko AHT Gelditu plataformako kideek.

Prentsaurrekoaren ondoren, zundaketen kontra protesta egiteko elkarretaratzea egin zuten Beasaingo kiroldegian, Sondeoak Gelditu, AHTrik ez lelopean. Ondoren, ehun lagunetik gora joan ziren oinez zundaketak egiten ari diren lekuraino.

 

AHT gelditzeko eskatu du LABek



goierri Goierriko eta Tolosaldeko LABek egindako deialdiari erantzunez, ehunka lagunek parte hartu zuten atzo AHTren aurkako manifestazioan. Abiadura Handiko Trena «Euskal Herrian inoiz eraiki den azpiegitura antiekologiko eta antisozialena» dela salatu zuten. Goizean zehar LAB sindikatuko ordezkariek batzarra egin zuten Itsasondoko frontoian. Eguerdiko 12:30ean atera zen manifestazioa Itsasondoko plazatik Ordiziarantz. Langileok ere AHTri ez leloa zeukan kartelaren atzean, ehun langiletik gora bildu ziren, ikurrinak bizkarrean hartuta. Bidean «AHTrik ez» edota «inposaketarik ez» leloak oihukatu zituzten. Behin Ordiziara iritsita, hainbat langile eta ikasle gehiago batu zitzaizkion manifestazioari. Herriko plazara iritsi zirenean, hamar bat minutuko elkarretaratzea egin zuten, AHTren lanak geldi ditzatela eskatuz.



 

Aurten negoziatuko dute 'Euskal y'-a non lotu nafarroarekin



Euskal Y-aren eta Nafarroako korridorearen arteko lotura zein tokitan egingo den zehazteko dago oraindik. Magdalena Alvarez Espainiako Sustapen ministroak atzo jakinarazi zuenez, ekainetik aurrera hasiko dira lotura non egin erabakitzeko negoziazioak.

Ezkio-Itsaso eta Altsasu arteko lotura da aukera gehien duena. Izan ere, bai Eusko Jaurlaritzako eta bai Nafarroako Gobernuko arduradunek lotura-gune aldeko jarrera erakutsi dute publikoki. Espainiako Gobernuak, ordea, oraindik ez du jarrera garbirik agertu. Hala ere, Sustapen ministroak orain artean Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarlana eta kolaborazioa azpimarratu ditu, eta aurrerantzean ere bide horretatik jarraitzeko asmoa agertu du.

Sustapen ministroak Espainiako Senatuan eman zituen atzo azalpen horiek, EAJko Ramon Azurza senatariak hala eskatuta. «Euskal Y-a, Madril-Paris ardatz historikoaren parte» dela azaldu zuen, eta «Europako Batzordeak lehentasunezko izaera» eman diola gogorarazi zuen Azurzak. Hori dela eta, «bultzada politikoa» behar duela esan zuen Espainiako Senatuan.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa