
Gabonetan aurkeztu zuten Zumarragako kultur etxean 'Zumarragako baserriak' liburua. Aintxiñe Mendizabalek idatzi du eta Koldo Cadiernoren marrazkiek janzten dute liburua.
Baserriak mosaikoan
miriam luki
Unamunok barneko historia historiarik gabeko jendeak idazten duela zioen. Aintxiñe Mendizabalek Zumarragako mendiren baten gailurretik bailarari begiratu eta bertako baserriak hizpide hartuta Urretxu, Zumarraga eta Euskal Herriko historiaren azken bostehun urteei errepasoa egin die, mosaiko bat osatuz. Guztia idatzi duen azken liburuan bildu du, Zumarragako baserriak, irudizko historia bat. Lana burutzeko Koldo Cadierno izan du bidelagun. Cadiernok Mendizabalen hitzak marrazki bihurtu ditu, edo alderantziz.
«Gurea ez da historia liburu bat, are gutxiago historia liburu zientifiko bat, datu bakoitzaren atzean zehaztasun handiko lana badago ere», dio idazleak hitzaurrean. Atzealde horretan Jose Luis Ugarte legazpiarraren Urretxu eta Zumarragako toponimia liburua, Antonio Prada Zumarragako artxibozainak bildutako dokumentazioa eta batez ere, 1970eko hamarkadan Paseando por todos los caseríos solares de Zumarraga Anjel Kruz Jakaren landa-lana dago.
Haritik tiraka
Historiaren hamaika leiho desberdin irekitzen ditu Mendizabalek «bildu nuen informazio horrekin guztiarekin zer egin ez nuen jakin hasiera batean». Baina irtenbidea aurkitu zuen eta baserri bakoitza harilko bilakatzen du.
Harilko bakoitzetik tira egiten du idazleak, eta baserri bakoitza historiako hizpide bihurtzen du. Gerra karlistak, gaztainak, abelgorriak, artoa, Norteko trenbidea, etorkinen etorrera, Lepantoko bataila edota kolera.
«Irakurle gisa baserri bakoitza hartu eta ikertzen jarraitzeko gogoa pizten dit liburuak», dio Koldo Cadiernok. Historiari suposatzen zaion zehaztasunari erantzun baino gehiago, liburuak idazlearen zein marrazkilariaren interpretazio eta intuizioari erantzuten die; beti ere datuen xehetasuna errespetatuz. Horren adibide dira Nekolalde dorretxearen marrazkia eta Legazpi burdinolarena. Bi etxeen ezaugarri guztiak ez zituzten, eta Cadiernok interpretazioa egin behar izan du liburuan agertzen diren bi marrazki horietan.
Mugimenduaz
«Baserriaren argazkia egitean mugikortasuna, eboluzioa erakutsi nahi izan dut, euskalduntasunaren izaera inmobilista eta existentzialista aldarrikatu duten kronikariengandik urrunduz eta, era berean, nekazaritza mundua eta kalea hurbilduz», dio Mendizabalek. Cadierno bat dator «hiria eta landa-eremua gauza berdinaren atalak» direla esaterakoan.
Baserriengan eman den eta ematen den mugimenduaz gain, Mendizabalek dioenez «erakutsi nahi izan dut geure buruari askotan aitortzen diogun historia, nortasuna eta kultura, garaiko baldintza ekonomikoek, politikoek eta sozialek baldintzatuta etorri dela».
Marrazkiak bidaide
Mendizabalek liburuan osatu duen telareari kolorea eman diote Cadiernoren marrazkiek. «2002-2003 urteetan Zumarragako Nekazaritza Batzordeak baserrien marrazkiak eskatu zizkidan. Orduan, ordea, ez zegoen ezer ikertzeko helbururik, marrazki soil bezala jaio ziren».
Cadiernoren marrazkiak aurkitu zituen Mendizabalek, liburua sortzeko lehenengo urratsetan zebilela. Liburuaren proiektuak idazlea eta artista bide berean ipiniko zituen beranduago.
«Liburua idazterakoan Koldok laguntza handia eskaini dit. Berekin izandako solasaldiak oso baliagarriak izan dira niretzat». Cadiernok, bere aldetik, «opari handia» izan dela aitortu du Zumarragako baserrien inguruko liburuan parte hartzea. Liburua salgai dago. Irakurtzeko erraza, historiarik gabekoek egiten duten baserrien historiaren mosaikoa da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Gabonetako Postalen erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-12-19
Antzerkia
Haurrentzako antzerki emanaldia
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2009-01-10
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.