Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Igandean Alcobendasi irabazten badio mailari eutsiko dio Ampo Ordiziak

Ordizia

FC Bartzelona hartu du mendean Ampo Ordiziak (11-24), eta igandean jokatuko du ligako azken partida.

iñaki gurrutxaga

Irabaztea beste erremediorik ez zuen Ampo Ordiziak herenegun Bartzelonako La Foixarda zelaian jokatutako partidan, eta hala egin zuen. Ez ziren goierritarrak oso fin hasi, baina bigarren zatian talde sendoagoa dutela erakutsi zuten, eta mendean hartu zuten FC Bartzelona (11-24). Etxetik kanpo irabazitako aurreneko partida ere izan zen igandekoa, eta horrek ere badu garrantzia. Garrantzitsuena, hala ere, datorren igandean Jeep Alcobendasi irabaztea da. Hala eginez gero, Ohorezko Mailan segituko du Ampo Ordiziak, eta Alcobendas jaitsi egingo da. Emozio handiko partida izango da, duda izpirik gabe.

Ampo Ordiziako jokalariak uzkurtuta atera ziren FC Bartzelonaren zelaira, urduri, ondotxo baitzekiten zer zuten jokoan. Kataluniarrak hasi ziren irabazten, Zorrok eta Piazentinik hagetara egindako bi jaurtiketari esker (6-0). Presiorik gabe zelairatu ziren kataluniarrak. Ez zuten ezer galtzekorik, eta ausart jokatu zuten, izkin guztietatik erasoan, eta baloi lapurtzeko eginahal batean. Ampokoak joko horretan kateatu ziren aurreneko hogei minutuetan, harik eta Tarraguelek entsegua lortu zuen arte 25. minutuan, eta Catchpolek transformazioa (6-7).

Atsedenaldiko hitzak

Aurreneko zatiaren bukaeran Ampo Ordizia izan zen nagusi, baina ez zuen beste entsegurik lortu. Atsedenaldian Axio Araña entrenatzaileak estu hartu zituen jokalariak, eta bigarren zatiari gogor ekiteko eskatu zien. Madrilen Alcobendas irabazten ari zen, eta derrigorrean irabazi behar zuten Arañaren mutilek.

Amorratuta ekin zioten bigarren zatiari, eta berehala sumatu zen partida txikitu nahi zutela. White hiru laurdenekoak eta Rosser aurrelariak entsegu bana lortu zuten (tartean kataluniarrek beste bat), eta partida esku-eskura zuten (11-21). Catchpolek zigor-kolpe bat sartu zuen partidaren hondarrean, eta partida erabakita utzi. Bikain aritu zen Catchpole joko zabaltzailea.

Datorren asteburuan bukatuko da liga. Partida zirraragarria izango da Jeep Alcobendasen aurkakoa, eta Trebijano zaharra lekuko.



 




FC Bartzelona 11

Ampo Ordizia 24

FC Bartzelona. Gonzalez, Sueldo, Nadal, Etxebarria, Bernasconi, Sanchez, Aceña, Lopez, Chamouton, Riu, Pena, Rodriguez, Fages, Saladich eta Zorro. Arpe, Piacentini, Borlle eta Deveni ere aritu ziren.

Ampo Ordizia. Abalantzategi, Aierbe, Hunter, Isasi, Rosser, Mattaruco, Braidwood, Astarloa, Ugarte, Catchpole, Tarraguel, Puyadena, Otazua, Elorza eta West. Luloaga, Argaiz, Lerma, Mate, Ruiz, White eta Oiarbide ere aritu ziren.

Estadioa. La Foixarda. Kataluniarrak baino gehiago euskaldunak zeuden harmailetan.

Markagailua

10. min. 3-0, Zorroren zigor-kolpea; 15. min. 6-0, Piazentiniren zigor-kolpea; 25. min. 6-7, Tarraguelen entsegua, eta Catchpoleren transformazioa; 47. min. 6-14, Whiten entsegua, eta Catchpoleren transformazioa; 58. min. 11-14, Tenaren entsegua; 64. min. 11-21, Rosseren entsegua, eta Catchpoleren transformazioa; 72. min. 11-24, Catchpoleren zigor-kolpea.





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa