
'Martxoan Bertsoa' bukatuta jardunak aurrera jarraituko du Bertso Eskolan
Goierri
Larunbat gauean bertso musikatuekin agurtu zuten luzea eta anitza izan den bertsolaritzaren zikloa.
idoia luzuriaga
Otsailean hasi eta ia bi hilabetez luzatu den Martxoan bertsoa zikloaren seigarren ekinaldiari aurreko larunbatean eman zitzaion amaiera, Gaztelekun ospatutako bertso musikatuen emanaldiarekin. Hitzaldiak, ikastaroak, herriko bertsolari txapelketa, bertso afaria, Gu ta Gutarrak taldearen ikuskizuna, Hitzen lapurra izeneko bertsotxongiloak, emakumezkoen bertso eta pilota saioa, eta beste hainbat ekintza izan dira aurtengo ziklo emankorreko protagonistak.
Baina zikloa amaitu izanak ez du esan nahi Bertso Eskolako jarduna gutxituko denik. «Herrian ez da bertsozaletasunaren presentzia murriztuko hemendik udako oporretara bitartean. Datozen hilabeteotan, Gipuzkoako eta inguruetako herri arteko txapelketan parte hartuko dugu, GR-16 deritzan ekimenean, hain zuzen. Aurten Orio, Orereta eta Lesakarekin lehiatuko dira gure ordezkariak hurrengo faserako txartelaren bila», diote eskolako arduradunek. Bestetik, gaztetxoen bertso eskolan ere ekitaldi dezente izango dituzte ikasturtea amaitu bitartean.
Txapelketak abian
Apirilean Gipuzkoako bertso eskolen egunean parte hartuko dute Urretxu-Zumarragakoek, eta maiatzean eskolarteko txapelketan parte hartzeko ordua helduko zaie, urtero bezala.
Bestalde, herriko hainbat jaitan eta ospakizunetan bertso eskolako kideen bertsoak izango dira entzungai.
Zikloari dagokionez, zer egin den ikusteko eta gogoratzeko aukera dago bertso eskolaren webgunean, www.zubertsotan.net helbidean.
Larunbateko agur ekitaldian, bertso eskolako kideez gain, herriko musikariak aritu ziren, eta antolatzaileek eskerrik beroenak eman nahi dizkie emanaldian aritutako musikari eta teknikariei: «Jon Goenaga, Aitor Areizaga, Gorka Lasa, Asier Alkorta, Asier Ormazabal eta Amaia Aranaga, besteak beste, baita Gaztelekuko lagunei ere, bertso eskolari emandako laguntzagatik eta prestaturiko afari goxoagatik».
Emanaldian denetariko sortak izan ziren entzungai, zenbaitzuk doinu klasikoak oinarri hartuta sortuak, eta beste hainbat kantari ezagunen abestiei letra aldatuz moldatuak. Zumarragako eta Urretxuko udalek eta udal langileek emandako laguntza ere eskertu nahi izan dute antolatzaileek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Antzerkia
Haurrentzako antzerki emanaldia
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2009-01-10
Zinema
'Los girasoles ciegos' filma
ATAUN, Herri antzokian - 2009-01-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.