Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Goierriko Alkartasunako hainbat akzionistak «iruzur» egitea leporatu dio EAJri

Politika

Batzokiaren eskriturak 1997an aldatu eta EAJren ondare izatera pasatu zen, elkarteko kide batzuei «ezer» esan gabe.

erredakzioa

1935. urtean Beasaingo Batzokia sortu zuen Goierriko Alkartasuna erakundeko hainbat akziodunek salatu dute EAJk Beasaingo Batzokiarekin «iruzurra eta lapurreta» egin duela. «Goierriko Alkartasunako akzionistei jakinarazi gabe, Beasaingo Batzokia EAJren izenean jarri zuten 1997. urtean, eta horrekin batera, etxeak egiteko Batzokia bota zenean, akzionistek zegozkigun irabaziak ez ditugu kobratu, jabetza EAJrena dela esanez», salatu dute ia 500 akzioren jabe diren Francisca Sarriegi, Ramona Alustiza, Migel Aranzegi, Arantxa Aiestaran, Jose Luis Zubizarreta, Dorotea Goiburu, Jose Luis Lasa, Jose Maria Gonzalez de Galdeano eta Paulino Aranburu akziodunen ondorengoek. «Iruzur egin digutela sentitzen dugunez, arazoa herritarrei jakitera ematera behartuta gaude», azaldu du Jose Luis Zubizarretak, aipaturiko akziodunen izenean.

Duela hamabi urte akzioen jabe ziren kide batzuei «ezer esan gabe» eskriturak aldatu zituen EAJk, orain salaketa egin duten Alkartasuneko zenbait bazkidek jakinarazi dutenez.

Sorrera

Goierriko Alkartasuna SA erakundea 1935. urteko urriaren 11n sortu zuten Beasainen, «euskal gaiak indartzeko helburuarekin». 40 lagunek sortu zuten erakundea, bakoitzak bere kapital soziala jarriz. Beasaingo Kale Nagusiko 21. zenbakiko lau solairuko eraikina eta pilotalekua ziren bere jabetzakoak, duela bi urte arte Batzokia egon zena.

Gerra aurreko hasiera hartan EAJ alderdiak 1.000 pezetako urteko errenta ordaintzen zion Goierriko Alkartasunari. 1936ko gerraren ondoren Altxamendu Nazionalaren esku gelditu zen Batzokia, 1976-1977. urteetara arte.

1978an Batzokiaren eskritura berriak egin ziren. Kapitala gehitzea onartu zen; 85.000 pezetatik kopuru handiena hasierako fundatzaileek bazuten ere, 25 akzionista berri ere sartu ziren, eta 740 akzio hartu zituzten kide berriek. Jose Luis Zubizarreta Goierriko Alkartasuna SAko akziodunak zehaztu duenez, 1978an EAJk 740 akzio ordezkatzen zituen, kapital sozialaren %33,6.

«Daturik ez daukagu, baina 1935. urtean elkartea sortu zuten pertsona gehienak, eta 1978an kapitalaren handitzean parte hartu zuten gehienak, EAJko kideak ziren edo dira. Baina salaketa hau egiten dugunon iritziz, akzionista bakoitzaren izaera, partaide den heinean, ezin da desagertzeraino indargabetu. Izan ere, alderdi horrek aurrera eramandako jarrera, batez ere 1980ko hamarkadatik aurrera, bazkide akzionista bakoitzaren pertsonalitate fisikoa eta juridikoa EAJren izenean ordezkatzea izan da», adierazi du Zubizarretak.

Hainbat akzionistak EAJri beraien akzioak eman zizkienean Elias Arresek sinatutako idatzian zehazten denez etorkizun batean ere izan zezakeen beste operazioren baten ondorioz zegokiona jasotzeko eskubidea. «1986an eta 1987an bi lokal saldu ziren, eta akzionisten artean banatu ziren irabaziak. Goierriko Alkartasunaren batzorde berriak ez zuen inongo batzarrik deitu».

Jose Luis Zubizarretak HITZAri adierazi dionez, «onerako edo txarrerako, hauxe da garai hartan gertatu zena: batzuek txekeak kobratu zituzten, beste batzuek ez, batzuek akzioak eman egin zituzten, beste batzuek ez, baina garai hartan guztiok ziur zeuden, geunden, EAJk titularrei beraien eskubideak beti onartuko zizkiela, elkarteko akzionista bezala». Orain EAJk adierazi du «Goierriko Alkartasuna EAJren estalgarri» zela.

EAJren esku

Beasaingo Batzokia 2006. urtean bota zuten, eraikina eta pilotalekua zegoen orubean etxebizitza berriak egiteko. «Goierriko Alkartasuna elkarteko akzionistek orduan [2006an] jakin genuen epaiketak izan zirela, eta EAJren izenean jarria zutela Batzokia 1997. urtean. Goierriko Alkartasuneko akzionistei ez zitzaigun epaiketaren eta epaiaren berri eman».

Hori ikusita, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrekin jarri ziren harremanetan. «Baina udal hauteskundeak zirenez bilera atzeratu egin genuen. Horrela, Egibarrek Elias Arreserekin jarri gintuen harremanetan, bera baita EAJren Gipuzkoako ondarearen arduraduna. 2007ko irailaren 24an eta 26an bi bilera egin genituen. Gure jarrerak gerturatu egin ziren, Goierriko Alkartasunako akzionistei zegokien gaia zela eta, akzioen proportzioan diruaren banaketa egiteko. Beasaingo EAJren batzarrean hitz egingo zela esan zigun».

Batzar haren ondoren, iazko urriaren 29an beste bilera bat egin zuten EAJren Beasaingo arduradunek auzia salatu duten akzionisten ordezkariekin. «Orduan esan zigutenez Beasaingo batzarrak erabaki du onura guztiak EAJ alderdiarenak direla, inoiz bere jabetzakoa izan ez zenean». «Lapurreta» egin dietela salatu dute.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa