
Gazta Egunaren barruan artzain izandako Luziano Aranburu omenduko dute
Idiazabal
Igande goizeko hamarretan irekiko dituzte artzainek postuak; gazta doan dastatzeko aukera izango dute bisitariek.
estitxu imaz
Idiazabalgo Gazta Eguean protagonismoa artzainek hartuko dute igandean, urteroko legean. Eurak izango dira lanbideak izan dituen aldaketen berri emango dutenak. Goizeko hamarretan zabalduko dituzte postuak. Eguerdian urteroko ohituran artzain bat omenduko dute. Aurten artzain izandako Luziano Aranburuk jasoko du herrikideen omenaldi xumea.
Goizeko hamarretatik aurrera egongo dira irekita artzainen postuak. Bertan txukun-txukun jarrita gaztak izango dituzte, eta jendeak nahi adina dastatu ahal izango ditu, doan.
Gazta aurtengo denboraldikoa izango da, egin berria beraz. Iazko Artzain Egunean 500 kilo gazta jan zen gutxi gorabehera Idiazabalen. Idiazabalen egongo den gaztandegi bat baino gehiago saritua izan da, eta, beraz, antolatzaileen hitzetan «kalitatea ziurtatuta» dago.
Artzai Gazta elkarteko kideez gain, Mahongo (Menorca) gaztagile bat eta Ossau-Irati izendapeneko Iparraldeko beste gaztandegi bat izango dira Idiazabalen gonbidatuta; horien gaztak ere probatu ahal izango dira.
Goizeko hamaiketatik aurrera gazta egiten hasiko dira artzainak. «Askorentzat sekula ikusi gabeko eginkizuna eta ikuskizuna da hori. Gazta egiteko modua ere aldatuta dago lehendik. Teknika eta tresneria aldetik aurrerapen handiak egin dira», azaldu dute antolatzaileek. Horregatik, jendeak era zaharrean zein modernoan gazta nola egiten den ikusteko aukera izango du. Bi moduetan idiazabaldarrak ariko dira.
Gazta behin eginda dagoela, nola ketzen den ere erakutsiko dute pausoz pauso. Aldamenean ardi mozten ariko dira, eskuz zein guraizez.
Bestalde, herritarrek eta bisitariek dastaketa lanetan aritu eta gaztarik onena zein den aukeratu ahal izango dute. Txapelketa herrikoia izango da. Artzainek txukun-txukun jarritako postuak ere baloratuko dituzte, eta ondoren saria emango diete.
Artzainek euren lana burutzen laguntzeko txakurrak ezinbestekoak dituzte. Idiazabalen euskal artzain txakurrak eta Mastin arrazakoak izango dituzte erakusgai.
Giroa berotzen laguntzeko ez dira faltako txistulariak, trikitilariak, jaki eta edari postuak eta artisauak.
Arratsaldean, berriz, Urrezko Aizkolari txapelketako kanporaketa jokatuko da pilotalekuan.
Mami txapelketa nork irabazi duen ostiralean jakingo da
Gazta Eguna igandean izan arren, aldez aurretik hainbat ekitaldi antolatu dute Idiazabalen. Horietako bat Mami Txapelketa da, bederatzigarren aldian. Hamar lagunek eman dute izena. Bihar 18:00etarako Jubilatuen Elkartera eramango dute mamia, bina ontzitan.
Mamiak dastatzen eta epaitzen Juli Imaz, Iker Markinez, Jose Mari Ustarroz eta Onofre Cuadrado ariko dira. Gero jakingo da irabazlearen izena, eta sariak ere orduan banatuko dizkiete.
egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Kalejira
LEGAZPI, Kaleetan zehar - 2008-11-20
Hitzaldia
Mari Karmen Garmendiaren 'Gizartea eta hezkuntza' hitzaldia
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-11-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.