Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Badatoz Loinatz jaiak

Loinatz jaiak

Mariren jaitsierarekin hasiko diren Loinatz jaiek egitaraua bete-bete eginda dakarte, festa gogoz daudenek aprobetxa dezaten.

eneritz gorrotxategi

Lasai egon daitezke dagoeneko urte osoa herriko festen zain ematen dutenak, Beasaingo Loinatz jaien usaina nabari baita dagoeneko herriko kaleetan: txosnak jarrita daude, barrakak ere gerturatu dira, mozorroak armairuan daude, festarako grina aurpegietan nabari da eta Loinatz jaietako izarra den Mari ere jaisteko prest dago.

Luze egingo zitzaizkien aurten aurreratuta etorri diren Aste Santuen ondorengo berrogei egunak batzuei. Aurten Lazkao, Legorreta, Legazpi eta Beasain, guztiak ia parean ospatzea egokitu da egutegiak hala bideratuta. Aukera zabala beraz, festa giroa nahi duenarentzat Goierri eskualdean.

Marirekin hasi

Urtero bezala, Mariren jaitsierarekin emango zaie hasiera Loinatz jaiei, nahiz eta aurretik ere hainbat ekintza antolatuta dauden.

Bi asteburuetarako egitaraua prestatuta dago Beasainera inguratzen direnek zer ikusia izan dezaten. Gaurko ekitaldi nagusia Mariren jaitsiera izango bada ere, bihar izango denetatik zer aipatua ere bada; «Beasain Jaietan» urtekaria salgai jarriko dute. Baina horretaz gain, biharkoan burrunba hotsak nagusituko dira Beasaingo kaleetan. Goizean goiz umeen danborrada izango da. Iluntzean kalejiran ibili ondoren, gauerdian Loinazko San Martin plazan bilduko dira azken joaldia egiteko.

Etzi berriz, Sokadantza ikusteko aukera izango da; legealdi honetako udalbatzaren lehen sokadantza izango da gainera. Etxeko txikienentzat ere Poxpolo, Mokolo eta konpainiak eskainitako ikuskizuna izango da eta bertsozaleentzat berriz, triki-bertso poteoa. Gaueko ilunari argi puntua emateko su-festa ere ikusiko dugu etzi gauean.

Urtero legez, astelehena lagun talde edo kuadrilen eguna izango da. Ordurako indar guztiak xahutu ez dituenak, futbito txapelketa, giza-futbolina edota lagunarteko olinpiadak izango ditu aukerako hitzordu.

Lehenengo asteburuko azken eguna asteartean izango da eta bertan azoka berezia ikusteko aukera izango da. Barazki lehiaketa eta azienda eta hegaztien erakusketa izango dira, baita artisau azoka ere, eta tripa zorriak baretu nahi dituenarentzat talo dastaketa ere izango da.

Trafikoan eragina

Loinatz jaietako ospakizunak direla eta, Beasaingo herriguneko trafikoa etenda geldituko da zenbait egunetan. Osasun zentrotik herrirako sarbidea ere itxi egingo da maiatzaren bi eta bederatzian, iluntzeko 19:00etatik goizaldera arte. Maiatzaren 3, 4, 5 eta 10ean berriz, 24 orduz itxiko dute eta maiatzaren 6 eta 11n goizeko 6:00etatik 21:00etara bitartean izango da itxita aipatu sarbidea.

Datorren asteburuan segi

Loinatz jaietan bost egunez ibili eta festarako gogoz geratzen denak jarraipenerako aukerarik ere izango du Beasainen. Asteazken eta ostegunerako zenbait ekitaldi antolatuta badaude ere, datorren asteburuan izango da berriro festetarako eta parrandarako aukera.

 


Mariren jaitsierarekin bost egunetako egitaraua hasi eta datorren asteburuan jarraituko du

Osasun-zentrotik herrirako sarbidea itxi eta erdiguneko trafikoa eten egingo da zenbait egunez



 

egitaraua



Gaur

12:00. Loinatz jaien hasiera danbateko ofizialarekin.

12:00. Txistularien eta Musika eskolako banden irteera.

16:30. Aldibereko xakea. Loinazko San Martin plazan.

18.30. Eskulan-erakusketa. Erretiratuen etxean.

19:00. Txistorra-jana.

19:00. Iruñeko Alde zaharreko Erraldoien konpartsaren irteera.

22:30. Mariren jaitsiera. 23:00. Lisabo, Willis Deumond eta Zero taldeen kontzertuak. Txosna gunean.

23:30. Kea eta Dogma Proiekt taldeen kontzertuak. Bideluze plazan.

Bihar

09:00. Txistularien goiz-eresia.

09:00. 'Beasain Jaietan' aldizkariaren salmenta.

10:00. Meza. Loinazko ermitan.

12:00. Ume danborrada.

17:30. 'Zintzoaren Amtesa' Golokarekin. Loinazko San Martin plazan.

18:30. Danborradako konpainiak.

19:00. Argazki-lehiaketako eta jaietako kartelen erakusketa. 22:30. Danborradaren ibilaldia.

00:00. Danborrada-joaldia. Loinazko San Martin plazan.

00:00. The Uski's. Bideluze plazan.

00:00. Binilo festa. Txosna gunean.

00:30. Alboka orkestra. Loinazko San Martin plazan.

Etzi

10:00. Txistularien kalejira.

10:00. Xakea. CAF aretoetan.

11:30. Hernaniko Bandaren kalejira.

12:00. Marrazki-tailerra. Joan Iturralde plazan.

12:30. Udalbatzaren sokadantza. Loinazko San Martin plazan.

13:00. Hernaniko bandaren kontzertua.

17:30. Poxpolo, Mokolo eta konpainia.

19:00. Les Fotografiers kale animazioa.

20:00. Triki-bertso poteoa. 22:00. Oria Txarangarekin Igartza-Oletara igoera.

22:30. Su-festa Igartza Oletan.

22:45. Oria txarangaren jaitsiera.

23:15. Golden Apple Quartet. 00:00. Musika elektronikoa.

Astelehena

08:00. Txistularien goiz-eresia.

09:00. Prozesioa eta Meza nagusia San Martinen Baselizan.

10:30. Erromeria San Martinen Baselizan.

11:30. Lagun taldeen futbito txapelketako finala.

13:00. Lagun-taldeen irteera Oria eta Lagunak txarangekin. 16:00. Umeentzako parkea. 18:30. Giza-futbolina.

19:00. Egan taldea.

19:00. Lagunarteko Olinpiadak.

19:30. San-Inazioko lagunen igoera Erretiratuen etxera.

Asteartea

10:00. Txistularien kalejira.

10:00. Azoka berezia: barazki-lehiaketa, azienda eta hegaztien erakusketa, talo dastaketa eta Artisau-azoka.

11:00. Umeen sokadantza.

12:00. Trikitilariak.

12:45. Herri kirolak bertsolariek girotuta.

19:00. Helduen sokadantza.

19:30. Bertsolarien saioa.



 

Aurtengo 'Urrezko Barea' saria La Salletarrei eta Karitateko ahizpei

Urtekaria

Iaz baino mardulago dator 'Beasain jaietan', urtekari funtzioa betetzen duen argitalpena bihar jarriko da salgai.

e. gorrotxategi



Beasaingo Beti-Bizi Elkartea 1922an sortu zen eta hasiera-hasieratik Beasain Jaietan izeneko urtekaria argitaratzen hasi ziren. Lan hori eta gehiago ere egiten ditu, ordea: «Urrezko barea» deitzen zaion saria ematen dute. Urtero ematen hasi baziren ere, egun, bi urtean behin ematen dute. Kontu horiek eta gehiago biltzen ditu aurtengo aleak eta mamiaren inguruko xehetasun gehiago Juanjo Ruiz (Beasain, 1958) Beti-Bizi Kultur Elkarteko kide eta aldizkaria argitaratzeko laukoteko kideak eman ditu.

Urtekarian idazteko deialdia noraino zabaltzen duzue?

Edonork idatzi dezake, euskaraz nahiz gazteleraz. Izan, baditugu urteroko kolaboratzaileak baina ale bakanak ematen dizkigun jendea ere badago. Behin idazten duenak gainera gustua hartu eta beste urte batean ere bidaltzen dizkigu normalean.

Jendea idaztera animatzeko beharrik ba al da?

Jende gaztea euskaraz idaztera animatu nahiko genuke, bai. Asko kostatzen da.

Artikuluak zein hizkuntzatan datozen kontuan hartzen al duzue?

Datozen eran argitaratzen ditugu, baina artikulua euskarazkoa bada, sarreratxoa gazteleraz egiten diogu eta artikulua gazteleraz badago, sarreratxoa euskaraz egiten diogu.

Nola izaten zarete lanen epearekin?

Aurreneko egunetan eskuartean artikulu gutxi ditugula iruditzen zaigu, baina azkeneko egunetan jendea animatu eta uste baino lan gehiagorekin topo egiten dugu. Aurten lan polit bat kanpoan utzi behar izan dugu, bestela gehiegizkoa aterako zelako. Hala ere , datorren urterako gorde dugu.

Zer da jendeak alea eskuan hartu eta lehenengo begiratzen duena?

Karikaturen atal bat egin ohi dugu eta horrek tiradizo handia sortzen du. Herriko jende ezaguna sartzen dugu eta ikusmin handia eragiten du. Garai bateko eta oraingo argazkiak ere sartzen ditugu eta helduek asko erreparatzen diote horri. Hainbat anekdota ere sartzen dira eta horri ere begiratzen diote.

'Urrezko Barea' saria bi urtez behin ematen du Beti-Bizi Kultur Elkarteak. Aurten nori emango diozue?

La Salletarrei emango diegu saria, izan ere, datorren urtean mendea beteko dute herrira etorri zirenetik. Bestalde, Karitateko Ahizpei ere emango diegu, hauek 125 urte baitaramatzate Beasaingo jendearen alde lanean. Herriaren alde lan egin edo herriaren izena han eta hemen zabaldu duenari ematea bidezkoa dela deritzogu eta hauei tokatzen zaiela uste dugu.

Noiz izango da saria banatzeko ekitaldia?

Maiatzaren bederatzian, urtekaria egiten dugunok; bai artikulugile eta baita iragarleak ere, afaritarako biltzen gara elkartean. Afal ondoren, «Urrezko Barea» saria eskaintzen da; urrezko pina eta ohorezko aurresku eta guzti. Giro bikaina sortzen da elkartean.



 




 

urtekaria



Izena. 'Beasain Jaietan'

Herria. Beasain.

Argitaratzailea. Beti-Bizi Kultur Elkartea.

Data. 2008ko maiatza.

Noiztik. 1922tik.

Orrialdeak. 170.

Salneurria. 7 euro.

Noiz erosi. Maiatzaren 3an.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa