Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

iñaki beldarrain ð- Enpresa profesionala

«Patrizio izandako pertsonarenganako hurbiltze lana da nirea»

Gizartea

Patrizio Etxeberriari buruzko liburu bat idazten ari da, hura izandako gizona ezagutzera eman nahi du Beldarrainek bere lanarekin.

miriam luki

Iñaki Beldarrain (Bilbo, 1947) Legazpira 1977. ean etorri zen Patrizio Etxeberriaren lantegirako lanerako iragarki bati erantzunez. Ingeniaria bera, ordurako osatua zuen familiarekin batera iritsi zen. Patrizio Etxeberriaren lantegian hamahiru urtetan mantenimendu arduradun gisa egin zuen lan eta ondoren Antzuolako enpresa batetako kudeatzailea izan da hamazazpi urtetan. Japoniarekin zerikusia duen guztia gustukoa du eta baita mendia ere. Erretiroa hartu zuen duela hamahiru hilabete eta bere lehenengoetako erabakia Patrizio Etxeberriari buruzko liburu bat idaztea izan zela dio.

Zergatik aukeratu duzu Patrizio Etxeberria zure lanaren protagonista bezala?

Nire ustez, gizon bezala nahiko ezezaguna da. Egia da gehienetan zaila dela gizona eta bere lana bereiztea. Nolanahi ere, ni ez naiz idazlea, ezta historiagilea ere, nire lana ez da biografia bat idaztea, nik Patriziorenganako hurbiltze bat egin nahi dut, ezagunagoa izan dadin.

Nola sortu zitzaizun liburua idazteko asmoa?

Patrizioren lantegian hamahiru urtez lan egin nuen. Urte haietan guztietan bere familia ezagutu nuen eta baita fabrika, negozioak eta produktuak ere. Hortik sortu zitzaidan hain zuzen Patriziori buruz idazteko asmoa. Gizon handia izan zen, niretzako herri honek eman duen gizonik handiena.

Zuzenean, ordea, ez zenuen ezagutu.

Ni Legazpira etorri nintzenerako bost urte ziren zendu zela, baina bera hurbiletik ezagutu zuten pertsonen bitartez ezagutu dut. Pertsona horiek, ordea, adinekoak dira oso eta horregatik lan honi lehentasuna eman diot .

Liburua osatzerakoan zeintzu informazio iturri erabiltzen ari zara?

Patrizio ezagutu zuten pertsonekin hirurogei bat elkarrizketa egin ditut. Haiek izan dira nire informazio iturririk garrantzitsuena. Gainera, Bellota Herramientas lantegiko eta Lenbur fundazioko artxibategietan izan naiz informazioa biltzen.

Elkarrizketak nolakoak izan dira?

Hirurogeita hiru urtetik larogeita hamahiru urte bitarteko elkarrizketatuekin aritu naiz. Batzutan oso elkarrizketa errazak izan dira, bestetan zailagoak. Taldeko elkarrizketak ere egin ditut. Niretzat oso aberasgarriak izan dira guztiak.

Orain zein fasetan dago zure liburua?

Informazioa biltzea lan amaigabea izan daiteke, baina une honetan informazio gehiena bilduta dagoela esan dezaket. Gauzak etortzen jarraituko duten arren, hutsuneak bete nahian nabil, lana borobiltzen, dena bat datorren edo ez ikuskatzen.

Aurten ehun urte betetzen dira Patriziok bere lehenengo lantegia sortu zuela, ezta?

Bai, Segura-Etxeberria y Cía. erreminta lantegia. Baina nire lan honek ez dauka urtemuga horrekin zerikusirik.

Historialaria ez izan arren, historiak rol garrantzitsua beteko du liburuan, ezta?

Hurbiltze bat da, Patrizio Etxeberria izan zen gizonarenganako hurbiltzea. Baina, noski, neurri batean liburu historikoa ere bada eta alde horretatik dokumentazio lan handia dauka atzean.

Zein da liburuaren egitura?

Liburuan Patrizio Etxeberriaren bizitzako alderdi desberdinak lantzen ditut: bizitza pertsonala eta enpresa gizonaren bizitza. Pasarte batzuk edozeinek irakurtzeko modukoak dira, beste batzuk teknikoagoak dira. Flash-ak dira, edozein orritik ireki daitekeen liburua. Noski, osotasun bat ere badu.

Zeintzuk izan ziren bere lehen urratsak enpresa munduan?

Errementaria zen. 1908. urtean Segura, Etxeberria y Cía. enpresa sortu zuen. Bere aitak lantegi bat zuen errentan baina berak errementaritzari heldu zion. Lehenengo tailerra handituz joan zen eta 1919. urtean beste bazkideei euren zatiak erosi zizkien. Beste bazkide haiek Pedro Regalado Segura, Romualdo Etxeberria eta Prudencio Gereta ziren. Orduan Patrizio bakarrik gelditu zen eta oztopoak eta arazoak bidaide aurrera egin zuen.

Nolako pertsona zela esango zenuke?

Anbizio handiko gizona zen, bazuen bultzada bat barruan, horrelako enpresa bat sortzeko beharrezkoa den bultzada.

Batzuk filantropoa zela esan ohi dute, beste batzuk Legazpiko jauntxoa izan zela esan dute. Zer uste duzu zuk?

Ez nuke esango filantropoa zenik. XIX. mendean jauntxo izenari ematen zitzaion esanahiarekin ere ez dut lotzen. Patrizio Etxeberria oso langilea zen, liderra. Noski, dirua irabazteko grina bazuen eta besteek berak egindakoa ikusi eta ontzat har zezaten ere. Edozein liderren ezaugarriak dira horiek.

Liburuaren egiturarekin jarraituz, kapitulu eta eranskinetan banatu duzu.

Patrizio gizon bezala agertzen dudan kapitulua da luzeena guztien artean. Gainera, eranskin ugari ere baditut: kontratuak, patenteak, salmenten estatistikak, elektrizitatea nola lortzen duen, gizarte-lana, auzoen eraikuntza, haborokinak...

Langileei ematen zizkien haborokinei buruz ari zara?

Bai. Adibidez, bere urrezko ezteiak ospatu zituenean haborokin garrantzitsua banatu zuen.

Legazpirekin izan zuen harremanaz ere hitz egingo duzu.

Harreman horretan une desberdinak izan ziren. Urruntze bat eman zen, elkarrenganakoa. Belaunaldi berrientzat ez zen euren gurasoentzat zen pertsonaia handia izan.

Sorpresaz hartu zaituen zerbait aurkitu al duzu?

Ramon Illarramendi laguna zuen, Errenterian lantegi bat zuen hark. Illarramendik finantza-jarduerak egin zituen alemaniar markoetan eta garaiaren egoeraren ondorioz dirua galdu zuen, gainera greba gogorren garaia ere izan zen. Lantegia itxi behar izan zuen. Orduan Patriziok parte hartu zuen eta abala eman zuen, ondoren abalak ordaindu behar izan zituen (850.000 pezeta) eta enpresaren enkantea egin zenean erosi egin zuen. Eraldatu eta gaur egun martxan dago. Bere bizitzako inbertsiorik handiena izan zen eta ausardiaz egin zuen bere enpresaren garapena begien bistatik galdu gabe.



 




Patrizio ezagutu zuten pertsonekin hirurogei bat elkarrizketa egin ditut, bakarka eta taldeka

Bazuen bultzada bat barruan, horrelako enpresa bat sortzeko beharrezkoa dena

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa