
Gaur ospatuko da Santikutz jaietako egun nagusia ekitaldi ugarirekin
Legazpi
Eguraldia lagun izaten ari direlarik jai giroan murgilduta daude legazpiar eta bertara hurbiltzen direnak.
idoia luzuriaga
Festetako egun handia ospatzen da gaur, Santikutz eguna, eta horren baitan gaur izango dira ekitaldirik ospetsuenak, besteak beste, Mirandaolako Gurutze Santuaren prozesioa, ondorengo meza eta Legazpiko Ezpata dantza.
Era berean gaur izango da Olaria Sariaren ematea. Aurten 50. urteurren borobila ospatzen ari den Santikutz abesbatzak jasoko du.
Baina egunak izango du beste pizgarririk, besteak beste profesional mailako partidetan Goñiren itzulera sei hilabetetan jokatu gabe egon eta gero. Partidak bostetan izango dira eta puntako jokalariak izango dira. Sarrerak goizeko hamarretan jarriko dira salgai pilotalekuko tabernan, eseritakoak 25 eurotan eta zutikakoak 15ean.
Atzokoari dagokionez, Herriko ganadu eta baserriko produtuen lehen feria ospatu zen Latxartegin eta oso arrakastatsua izan zela esan daiteke.
Ganadu eta produktuak
Legazpiko baserrietako ganadua txukun ageri zen eta Mendiaraz Goiko baserrikoen arabera, «gureak behintzat urduri. Gu ere hala izan gara egunotan, baina orain gustora gaude» zioten. Ganaduaz gain baserriko produktuak, artisautza eta taloak zeuden eguraldi onaz gain.
Eguerdian Erraldoien Alardearekin bat egin zuen feriak inguruko herrietatik etorritako erraldoiekin. Doinua Musika Eskolako kideek ere tartetxoa izan zuten atzo. Doinuarentzat ez da hau festatako ekitaldi bakarra izango, izan ere, bihar eguerdian Musika Bandarekin batera kontzertua emango du Latxartegi aretoan eguerdiko ordubatean
Bereziki jendetsua izan zen beste ekitaldietako bat haurren bizikleta festa izan zen. Telleriarteko Txirrindulari Elkartea eta Sorgintxuloren laguntzarekin antolatutako ekitaldian helduek bazkaloste luzean jarraitzen zuten bitartean, kale nagusia kolorez bete zuten. Asko zeudenez adinaren arabera sailkatu zituzten irteera hiru txandatan egiteko.
Bihar barrakak merkeago
Gauean danborrada, su ikuskizuna eta kontzertuek itxi zuten egitarau ofiziala, ez ordea, jaietarako gogoa.
Gaurkoaren ostean bihar esango diete agur Santikutzen lehenengo atalari, izan ere oraindik Mirandaolako eguna geratzen baita. Bihar, ekitaldi ugariez gain, azpimarragarria da barraketan ibiltzeko txartelak merkeago jarriko dituztela.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Gabonetako Postalen erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-12-19
Zinema
'Los girasoles ciegos' filma
ATAUN, Herri antzokian - 2009-01-09
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.