
jaione munarriz ð- Meteorologoa
«Jendeak uste baino konplexuagoa da, ez baita zientzia zehatza»
Gizartea
Munarriz meteorologoa da eta normalean bulegoan lan egiten du, baina azkenaldi honetan irratian ere entzun dezakegu eguraldiaren berri ematen.
estitxu imaz
Jaione Munarrizek (Idiazabal, 1981) ez zuen pentsatzen goi mailako ikasketak egiten hasi zenean gerora meteorologia gustatuko zitzaionik, baina halaxe da. Arlo horrekiko interesa piztuz joan zitzaion eta ikasketak ere egin zituen gehiago sakontzeko.
Zuk Ingurumen Zientziak ikasi zenituen Salamancan eta Bartzelonan. Zerk bultzatuta egin zenituen ikasketa horiek?
Txiki-txikitatik ingurunearekiko mirespena, kezka eta sentiberatasuna izan ditudalako aukeratu nituen Ingurumen Zientziak. Behar bada gaur egun gizarteak daraman bide horrekin kezkatuta edo arduratuta, zerbait aldatu nahian edo hasi nintzen. Azken batean, aldaketa horretan nire aletxoa jarri nezakeela amestuz.
Orain dena den meteorologia lanetan aritzen zara.
Karreran nenbilen bitartean ez zen meteorologia nire helburu. Ez nuen planteatu ere egiten. Pare bat ikasgai izan nituen ordea mundu hori ezagutzeko gogoa eman zidatenak. Ikasketak bukatzean azken proiektua meteorologia arlora bideratu nuen, hortik bizitzea gustatuko litzaidaken edo hobby hutsean geratzea nahiko nukeen jakiteko. Aldaketa klimatikoari buruzko proiektu bat egin nuen. Oso gustora aritu nintzen eta hori izan zen meteorologiari buruzko master bat egitera bultzatu ninduena. Ordutik gaur arte, hementxe ari naiz egunero gauza berriak ikasten.
Telebistan eguraldi iragarpenak ikusten ohituta gaude, baina zein da meteorologo batek egin beharreko lana?
Gure lana azken batean eguraldi iragarpenak egitea da. Hiruzpalau eguneko iragarpenak egiten ditugu. Izan ere, Euskal Herrian oso zaila da epe luzerako iragarpenak egitea. Gure kokapen geografikoak eguraldia aldakor bihurtzen du. Eguraldi iragarpenak egiteko alde batetik momentuko atmosferaren egoera aztertzen dugu. Horretarako satelitearen eta radarren irudiak erabiltzen ditugu, estazioetako datuak begiratzen ditugu eta sondeoak (altuera desberdinetan atmosferaren egoera zein den aztertzeko dira) begiratzen ditugu. Guzti horretatik abiatuz modelo matematikoak erabiltzen ditugu datozen orduetako edo egunetan atmosferaren joera zein izango den ikusteko. Horrez gainera zerura begiratzea ere beharrezkoa izaten da.
Jendeak uste duena baino konplexuagoa izango da lan hori ezta?
Bai, ez baita zientzia zehatz bat. Parametro asko dira, beraien artean erlazio asko daude eta horiek guztiak hartu behar dira kontutan.
Askok imajinatu dezaketen bezala, mendian edo aire librean aritzen al zarete lanean?
Lehen aipatu bezala zerura ere begiratu behar izaten dugu informazioa jasotzeko, baina ordenagailu bati lotuta lan egiten dugu. Aurrekaldean mota desberdineko panelak ditugu. Horietan sateliteko momentuko irudiak, radarreko irudiak eta estazio metereologikoetatik iristen zaizkigun uneoroko datuak errepresentatzen dituzten grafikoak dauzkagu. Guzti horren arabera joaten naiz ni iragarpena egiten. Nire lanak behaketa eta iragarpena egitea dira.
Jendeak dirudienez izugarrizko interesa jartzen du eguraldian. Zuek ere nabaritzen al duzue interes hori?
Bai, esan dezakegu Euskal Herrian eguraldiarekiko interesa oso handia dela. Komunikabideetan jarraipen handia egiten zaio gai horri eta kalera irtetzea besterik ez dago jendearen arteko gai nagusietako bat dela nabaritzeko. Niri ere sarritan galdetzen didate zein eguraldi egingo duen, hori bai, normalean nire ingurukoak izaten dira.
Iragarpena asmatu ez eta errietarik egin al dizute noizbait?
Bai, batek baino gehiagok. Batzuk umore kutsuan eta beste batzuk tonu serioa erabiltzendute. Denetik izaten dugu.
Euskal Herrian askok, tenporen araberako iragarpenetan sinesten dute.
Bai, Euskal Herriko kontua izango da, nik ez dut behintzat horrelakorik entzun hemendik kanpora. Tenporek ez dute oinarri fisikorik eta nik ez dut federik. Dena den ondo ikusten dut horretan sinestea. Azkenean tradizioa da eta norberak nahi duenean sinetsi dezala.
Orain irratian eguraldia iragartzen aritzen zara. Zer moduzko esperientzia da?
Bulegoan sartuta nagoela iragarpenak egitea da nire lana, baina iragarpen horiek ez ditugu egiten bulegoan geratzeko eta beraz momentuan eta zuzenean jendeari horren berri emateko aukera izatea esperientzi polita da.
Zure ametsa meteorologo bezala zein da, telebistan iragarpenak egitea?
Ez. Ateak ez dizkiot ezerri isten, ez telebistan iragarpenak egiteari ezta beste ezerri ere, azkenean ez baitakigu zertan bukatuko dugun, baina nire ametsa zehazki ez da hori. Momentuz nire ametsa meteorologiari dagokionean geroz eta gehiago ikastea eta beraz, geroz eta gehiago jakitea da.
Azken aldian hizpide dira klima aldaketa eta negutegi efektua. Egia al da klima aldatzen ari dela?
Azkeneko ikerketek eta IPCC-k (Panel Intergubernamental del Cambio Climático) urtero ateratzen dituen datuak aztertzen baditugu, hori dirudi. Gure planeta berotzen ari da, atmosferarako gasen kontzentrazioa (karbono dioxidoa, metanoa...) handitzen ari delako. Gas hauek lurrak berak duen negutegi efektua handitzen dute, eta ondorioz, tenperatura igoaraztea eragingo dute. Tenperatura igoarazteak prezipitazioan eragingo du, baita itsas mailan, glaziarretan... Kate bat da.
Euria, eguzkia, lainoak, elurra... Hitz horien artean pasatzen duzu eguna, baina zuk zein eguraldi duzu gustokoen?
Goiza freskoa izan arren gerora eguzkiaren goxotasuna nabaritzen den udaberriko egun urdin horietakoak ditut gustoko.
DI-da batean
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Irteera
Igande goizeko irteera
BEASAIN, Asmube egoitza - 2008-10-12
Txapelketa
I. Mendi lasterketa
URRETXU, Zumarraga-Urretxun - 2008-10-12
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.