
Tradizioa eta festa eskutik hartuta
Jaiak
Azoka berezian, atzo, bat egin zuten Beasainen usadio zaharrak eta festarako irrikak, adin guztietako jendeak parte hartu zuen ferian.
maider del olmo
Azoka eguna izan zen atzo Beasainen. Azoka bereziaren eguna, zehatzago. Ohiturari jarraituz, herriko jaien barruan, mota askotako erakustaldiak izan ziren, azken egunotako festa giroarekin jarraituz. Udal bandaren kalejirak eman zion hasiera urteroko azoka bereziari. Loinazko San Martin plazan barazkietan ohi baino aukera zabalagoa zegoen, ez alferrik, barazki lehiaketa jokatu baitzen. Joan Iturralde plazan azienda eta hegaztien-erakusketa zegoen eta Zubimuzu plazan talo-dastaketarako aukera izan zen atzokoan. Askok bertan zeuden postuei begiratuz egin zuten hamaiketakoa, era horretantxe, artisauek eta baserritarrek saltzen zituzten produktuei erreparatuz.
Bero egin zuen goizean, eta tenperatura altuei aurre egin behar izan zieten soka-dantzan parte hartu zuten umeek ere.
Umeen soka-dantza
Ordurako prest zeuden Beasaingo umeak, 25 haur inguru, zuriz dotore jantzita, aurreskuari ekiteko gertu. Udaletxeko ordulariak hamaikak jo eta orduantxe hasi zen aurreskua; lehenengo eta behin soka osatu eta plazara atera ziren, gero dantzara. Begira, berriz, jende ugari zegoen Loinazko San Martin plazan.
Sokadantzaren tradizioa sustraituta dago Beasainen, aspaldikoa da, ezagutzen den haren lehenengo aipamena 1900. urtekoa da, udalbatzarreko akta batekoa, alegia. Denborari ondo eutsi dion tradizioa da.
Behin aurreskua bukatutakoan umeek helduei pasa zieten txanda. Iñaki Azurmendi aizkolari arriarandarra izan zen plazara iristen lehenengoetarikoa, asmo argi batekin zetorren: kanako enborra ordu laurdeneko denboran baino gutxiagoan ebakitzea. Eta balentria ikustera inguratutakoak ez ziren gutxi. Azurmendik denbora baino lehen ebaki zuen enborra, helburua beteta.
Bertsolarien saioa
Azokan bertsolariek ez zuten hutsik egin. Egitarauan Andoni Egaña etortzekoa zela iragarrita zegoen arren, haren ordez Sustrai Colina izan zen azkenean. Colinarekin batera aritu ziren bertsotan Jesus Mari Irazu, Amets Arzallus eta Iñaki Apalategi beasaindarra. Apalategik agurreko bertsoan bota zuenez, bezperan, bere herriko festetan koadrila eguna izanik, etxera garaiz erretiratuta zegoen, eta horrenbestez atzo eguerdian kanturako prest agertu zen. Irazuk, bestalde, ahotan izan zuen Iñaki Azurmendiren lana eta aitortu zuen haren aizkorakadak adi-adi jarraitu zituela. Eta zergatik ere esan zuen: «Ez nuen uste zortzi aizkora behar zirenik enbor bakarra ebakitzeko», bota zuen bertsoa txantxa giroan.
Atsedenerako egun batzuk
Ostiralera bitartean atseden hartuko dute beasaindarrek. Gaur Gurea erretiratuen abesbatzaren kontzertua izango da arratsaldeko zazpietan Usurbe Antzokian.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Beti Argi Musika Bandaren kalejira
ORDIZIA, Ordiziako kaleetan - 2008-11-21
Musika
Yaw, Sus Scrofa eta Harrika taldeen kontzertua
ORMAIZTEGI, Txosna gunean - 2008-11-21
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.