Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Goierri ðð Goierriko Hitzarekin hitz egin dute telefonoz Himalaia aldean dabiltzan Goierriko hiru mendizaleek. Haize zakarra baretzen bada, asteburuan saiatuko dira Makaluko tontorra zapaltzen.

Albiste 'freskoak' Makalupetik

a. maiz-i. gurrutxaga

Bai?». «Aupa, Pedro naiz, Ordiziakoa, Himalaiatik». Ezusteko galanta. Joan den asteleheneko 18:00ak aldera (han gauerdia) jo zuen telefonoak GOIERRIKO HITZAren erredakzioan. Makalu mendira (8.463 metro) igotzeko asmoz Himalaia aldera abiatu ziren Pedro Garcia, Koke Lasa eta Ander Goitia goierritarrek albiste freskoak dakartzate paraje urrun haietatik. Haize zakarra dabil Makalu tontorraren inguruan, eta huraxe zertxobait baretzen denean saiatuko dira gailurrari eraso egiten. Ostiralean edo larunbatean, seguru asko.

«Beheko kanpamenduan gaude, 5.600 metrora. Bigarren kanpamendua jarri dugu dagoeneko 6.400 metroan, eta 7.200 metroraino ere igo gara, aklimatatzeko. Sekulako hotza egiten du», azaldu du Garciak.

Goitia, sustoa pasatuta

Goitia beasaindarra martxoaren 31n abiatu zen Himalaia aldera Roberto Rojo Gorri eta Karlos Garcia arabarrekin. Haiekin dago Juanito Oiarzabal mendizale ezaguna. Lau horiek susto galanta hartu zuten apirilaren 19an. Lukla herritik Hillary Camp izeneko kanpamendura zeramatzan helikopteroak kontrola galdu zuen lurra hartzerakoan, eta lur-hartze arazotsua izan zuten. «Sustoa pasatu zait. Ikaragarria izan zen lur-hartzea. Kanpamendura gerturatzen ari ginen, gero eta gertuago ikusten genuen lurra, baina helikopteroa ez zen gelditzen. Hegazkin batek bezala lur hartu zuen. Helizeek ez zuten lurra jo, eta horrek salbatu gintuen. Gorrik belaunean min hartu zuen, baina gainerantzean denak onik atera ginen», azaldu du Goitiak.

Maiatzaren 2tik elkarrekin

Garcia eta Lasa, berriz, apirilaren 12an abiatu ziren Katmandura, Nepalgo hiriburura, Luis Kortabitarte elgoibartarrarekin. Aurreko ostiralean egin zuten bat hiru goierritarrek, Lasak zehaztu duenez. «Anderrek guk baino lau bost egun gehiago daramatza trekking-a egiten. Gaur [astelehena] hamaikagarren eguna pasa dugu Makaluren barrenean. Zortzigarrenean 7.200 metrora lo egin genuen Pedrok, Anderrek eta hirurok. Aklimatazioa ondo doa, eta gu ondo gaude».

Hirurak Makaluren tontorrari «eraso egiteko irrikitan» daude, baina haizea dute aurka. «Goietan haize dezente dabil. Aste honetan zehar haizea 60 kilometro orduko abiaduran ibiliko dela diote eguraldi aurreikuspenek, eta parteak dio 50 kilometro ordura jaitsiko dela larunbatean. Hotza ikaragarria da, 27 gradu zeropetik, baina haizearen eraginez sentsazio termikoa 30 gradu zeropekoa da».

Eskuminak goierritarrei

Eguraldia, hala ere, ona dagoela azaldu dute, eta haizea baretzen duenean egingo dute gora, baina ez dakite elkarrekin igoko diren ala ez. «Gaur [astelehena] mendizale alemaniar bat etorri da goitik. Meteo fidagarriak ditu, eta ikusiko dugu zer dioten», dio Goitiak. Goierritar guztiak agurtu dituzte Makalutik hirurek. «Gero arte!».



 




«Beheko kanpamenduan gaude, 5.600 metrora, eta 7.200era gau bat pasatu dugu hirurok»

pedro garcia

Mendizalea



«Hotz ikaragarria, 27 zeropetik, baina haizea dela-eta sentsazioa 30 gradu zeropekoa da»

koke lasa

Mendizalea



«Istripuaren sustoa pasa zait. Helikopteroak hegazkin batek bezala hartu zuen lur»

ander goitia

Mendizalea



 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Ikastaroa

Gizonezkoen sukaldaritza ikastaroa
ORDIZIA, Herriko elkarte batean - 2008-11-06

Erakusketa


ZUMARRAGA, Zelai Arizti kultur etxean - 2008-11-14

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa