
Zegamako eskolako patioa urte osoan zabalik egongo da, uztailetik aurrera
Zegama
Herritar guztiek erabili ahal izango dute astebukaeretan eta eskola ordutik kanpo; lanak ekain bukaeran egingo dituzte.
estitxu imaz
Zegamako Aitxuri herri eskolako jolastokia uztailetik aurrera urte osoan zehar irekita edukitzeko erabakia hartu zuten apirilaren 28ko udal Gobernu Batzarrean. Lan batzuk egin beharko dituzte horretarako, baina behin lan horiek eginda, patiorako sarbidea irekita egongo da edonorentzat, bai eskola ordutik kanpo, baita asteburuetan ere.
Gaur egun herri eskolako patioa eskola orduetan soilik irekitzen dute, baita eskola kirol orduetan ere. Baina hortik kanpora itxita egoten da, bai astean zehar eta baita astebukaeratan ere. Edurne Albizu Zegamako alkateak aditzera eman du pilotalekua momentu honetan motz gelditzen dela haur, gaztetxo eta heldu guztiei zerbitzua emateari begira. «Jarduera desberdinak bertan egiteko aukerarik ez dago. Esate baterako larunbat goizetan eskolakoak kirola egitera pilotalekura joaten badira ezin zaio beste erabilerarik eman». Hori, batez ere, neguan gertatzen da.
Lanek 9.192 euroko kostua izango dute
Arazo horri konponbidea eman nahian hartu zuten apirilaren 28an patioa urte osoan zehar irekita edukitzeko erabakia, gobernu batzarrean. Horretarako hainbat lan egingo ditu Itsasgama SL enpresak, guztira 9.192,24 euroko aurrekontuarekin.
Eskolako eraikuntzaren beheko leihoetan burdin-hesiak jarriko dituzte, baloiekin kristalak ez puskatzeko. Dena den, barra horiek barrutik ireki ahal izango dira, alkatearen hitzetan «suteren baten kasuan edo larrialdi kasuren batean oztoporik egon ez dadin».
Herri eskolako gimnasio azpia ere itxi egingo dute, modu horretan erabilgarria izango den eremua bistan utziz. Herritarrek kasu berezietan izan ezik (bertan egiten diren ekitaldiak ikusterakoan, adibidiez) ezingo dute gimnasiora sartu. Itxiturako giltza Aitxuri eskolari emango diote gimnasioa erabili behar dutenean irekitzeko.
Obrak ekainaren azken astean egingo dituzte. Ikasleak jada ez dira bertan ibiliko, baina irakasleak bai. Zegamako alkateak adierazi duenez nahita egin dute hori, obrek ahalik eta enbarazu gutxien suposa dezaten alde batetik, eta bestetik lanak irakasleekin adostasuna bilatuz burutu daitezen.
Obrak astebeteko epean bukatuta egongo direla aurreikusten dute Zegamako Udalean, eta, beraz, uztailetik aurrera azpiegitura hori erabilgarri egongo da zegamar guztientzat. Edurne Albizuren hitzetan «inbertsio minimo batekin herritarrei aisirako eta kirolerako eremu garrantsitzua eskainiko diegu».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Argazki erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-11-07
Musika
Santa Zezilia zikloa
ZUMARRAGA, - - 2008-11-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.