Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Musika ðð Etxeetan musika eskola partikularrak ematen zituzten bost irakasleren ekimenez sortu zen orain mende laurden Ordiziako Musika Eskola. Bilakaera oparoa izango du harrezkero.

25 urte musikariak sortzen

iñaki gurrutxaga

Sortze eta antolatze garaiak ziren haiek. Ordura arte, etxeak eta etxabeak ziren musika irakasleen eta ikasleen bilguneak, bakoitza bere kasa. Musika eskola partikularrak ematen zituzten bost irakasleek bat egin eta indarra egiteko unea ailegatu zela ikusi zuten. «Bostok bildu ginen, eta musika arloan aritzen ziren beste taldeengana (musika banda, errondaila...) jo genuen. Udaletxera joan ginen denok, eta esan genien musikaren arloan zerbait antolatua nahi genuela. Ondo iruditu zitzaien gure proposamena, eta Barrena jauregiaren azken solairua utzi ziguten».

Ordiziako Musika Eskolaren egungo zuzendari Mertxe Munduatek (Ordizia, 1958) hala gogoratzen ditu hasiera haiek. Pixkanaka gero eta irakasle gehiago biltzen hasi ziren Musika Eskolara, baita ikasleak ere. «Gero eta gehiago etortzen ziren, eta matrikula zabaltzea erabaki genuen. Dena hazten hasi zen. Pentsa, bost hasi ginen, eta gaur egun, administraria sartuta, hogei irakasle gaude».

Hainbat musikariren harrobi

Hasiera haietako matrikulazio datuak esku artean ditu Munduatek. 1984-85 ikasturtean 409 matrikula egin ziren Ordiziako Musika Eskolan, eta hamalau diziplina irakasten zituzten. Harrezkero, beti, goranzko joera izan du. 2007-08 ikasturtean, esaterako, 670 matrikula egin dira, eta 23 diziplina irakasten dituzte. Guztira 468 ikasle daude.

Gizaldi laurden horretan ehunka izan dira Barrenako ganbaratik igaro diren ikasleak, Ordiziakoak izan ala ez. Batzuk kantuan dabiltza munduan barrena, beste batzuk musikari profesionalak bihurtu dira, eta badaude beste leku batzuetan irakasle moduan ari direnak. «Musikaren mundua Ordizian sustraitzea lortu dugula uste dut, eta gazteak ilusio handiarekin etortzen dira. Harrobia egin dugu eta egiten segiko dugu», zehaztu du Munduatek.

Ez Ordizian bakarrik

Orain urte batzuk Musika Eskola Goierriko beste zenbait herritara hedatu zuten. Idiazabalen, Zaldibian eta Legorretan eskolak ematen dituzte, eta aurten Itsasondon hasi dira. Urte horietan guztietan egindako lanaren ordaina jasotzen ari dira orain, eta musika doinuak adituz ospatuko dute.



 

Urteurrena ospatzeko beste kontzertu bat egingo dute larunbatean

Musika

ðð

Txistularien Alardea hasiko da 19:30ean, eta 20:00etan kontzertua izango da Ordiziako Plaza Nagusian.

i. gurrutxaga



Iazko irailean ikasturtea hasi zenetik hainbat emanaldi eta kontzertu egin dituzte Ordiziako Musika Eskolako ikasleek 25. urteurrena ospatzeko. Datorren larunbatean, hilak 10, izango da hurrengo saioa, Plaza Nagusian. Txistua izango da larunbatean ohorezko musika tresna. Horixe izan zen gainera Ordiziako Musika Eskolak irakasleek irakatsi eta ikasleek jotzen ikasi zuten aurreneko musika tresna. Txistularien Alardea ez ezik, bestelako kantuak eta dantzak egongo dira larunbatean.

Ordiziako Txistularien Bandak antolatu duen alardean Goierriko eta Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako txistulariek hartuko dute parte. 19:30ean aterako dira kalera, eta herriguneko kaleak zeharkatuko dituzte kalejiran. Plazara 20:00etan ailegatuko dira. Han, Musika Eskolako ikasleak, Gorobel metal boskotea, Erramun Amundarain eta Jose Jabier Gomez abeslariak, eta Jakintza eta Urdaneta dantza taldeko kideak izango dituzte zain.

Musika, bertsoak eta dantza

Aitor Furundarena musikari eta Musika Eskolako ikasle ohiak aurkeztuko du plazako saioa. Agur jaunak abestuz hasiko dute emanaldia korukoek, eta ondoren Artzain Kantak zortzikoaren txanda izango da. Gero, Juana Bixenta Olabe eta Bertso Doinua bertsotarako doinuak joko dituzte. Azken hori Amundarainek eta Gomezek kantatuko dute.

Inauterietako bi dantza ezagun dantzatuko dituzte gero Jakintza eta Urdaneta dantza taldeetakoek: Lantzeko inauteriak eta Luzaideko dantzak. Silviano Cervantesen La Pilindros jota ere dantzako dute. Andoni Egañaren Saioarena bertsoa kantatuko dute segidan bi abeslarik, Musika Eskolako ikasleei txanda eman aurretik. Hiru pieza ezagun interpretatuko dituzte: Artillero dale fuego, Pierre Bordazarren Goizean Argi Hastean eta Iturengo Arotza. Kaxkaroten doinua lagun dutela parte-hartzaile guztiak oholtzara igoko dira, eta bukatzeko Alberroren Ordiziarrak Gera interpretatuko dute.

Azkenekoa, ekainaren 27an

Ekainaren 13an beste kontzertu bat egingo dute. Bereziena, hala ere, ekainaren 27koa izango da. Sorpresaren bat edo beste badute ikasturteko azken kontzerturako.

zenbakia



670

Matrikula. 2007-2008 ikasturtean Ordiziako Musika Eskolan egin den matrikula kopurua. Guztira 468 ikasle ari dira aurten kantua edota musika tresnaren bat jotzen ikasten.

 

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Musika

Kalejira
LEGAZPI, Kaleetan zehar - 2008-11-20

Musika

Ordiziako Musika Eskolaren kalejira
ORDIZIA, Ordiziako kaleetan - 2008-11-20

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa