
Badator Zegama-Aizkorri mendi maratoia (II). Iurgi Ezkiaga argazkilaria Aizkorriko gailurrerian egongo da maiatzaren 25ean, argazki kamera prest, maratoiaren ertz guztiak argazki bihurtzeko.
Lasterkarien ahalegina argazkian
gorka azkarate
Sarritan esan izan dugu lasterkariak direla Zegama-Aizkorri mendi maratoiko protagonista nagusiak, eta hala da berez, agian. Alabaina, ikuskizuna kolorez jantzi ohi duten bestelako protagonista asko dago ibilbidean zehar barreiaturik. Antolakuntzako hainbat alorretan buru-belarri lan egiten duten ehunka lagunak, ikusleak, sorospen zerbitzuak... Eta baita argazkilariak ere. Gaurkoan Zegamako maratoiaren talaia honetan aurkezten dugun Iurgi Ezkiaga argazkilari beasaindarra, esaterako.
Aizkorriko azkeneko malda da Ezkiagak lasterkariei argazkiak ateratzeko urtero aukeratzen duen txokoa. Txoko ikusgarria, ikusgarririk bada. Txoko egokiena, agian, berak landu ohi duen argazkigintza mota praktikan jartzeko. Izan ere, duela bi urte lasterkarien aurpegikera eta muturrera eramandako ahalegin espresioei ateratako argazkiek, oihartzun berezia sorrarazi zuten maratoia gertutik bizi dugunon artean. Mendiko foro batean argitaratu zituen argazki ikusgarri haiek Ezkiagak, eta ez ziren, oharkabean pasa. Benetan baiziren ederrak argazki haiek, berezko indar handiaren jabe zirenak. Ez da Iurgi, argazki kameraz tiroak alferrik botatzen dituen ehiztarietakoa. Orduan ateratako argazkietako bat, Kirolgik antolatzen duen lehiaketa batera bidali eta saria lortu zuen, txuri-beltzezko argazkien sailean.
Iaz, aurpegikerak soilik erretratatu ordez, gorputz osoko argazkiak eta bestelakoak ateratzen aritu zen Aizkorriko azken maldako bere behatokitik, baina ez omen zen orain bi urte bezain gustura geratu lanarekin (iazko argazkiek ere txarretik gutxi duten arren...). Aisialdiko denboraren zati handia igaro ohi du argazki kamera esku artean. Beasaingo Loinatz jaiak hastekotan zirela izan genuen berarekin solasalditxoa, eta furgonetan azken trasteak sartzen ari zela harrapatu genuen, maiatzeko zubia probestuz Belagoa aldera abiatzekotan zela, jaietako zalapartatik ihesi, bertako txoko ezkutuenetan ahalik eta argazki ederrenak ateratzeko asmoz. Belagoa baita, izatekotan, Iurgiren txokorik maiteena ziurrenik, edo bai, gutxienez, gehienetan bisitatzen duena, urteko lau urtaroetan.
Maiatzaren 25erako plana, aspalditik du egina: bezperan San Adrian inguruan furgoneta eroso aparkatu, bertan lo egin eta, egun handiko lehen eguzki izpiekin, Aizkorrira igo, goiz-goizetik argazkiak ateratzeko gogokoen duen txokoa beste inork ken ez diezaion. Eta bertan egongo da, harik eta azkeneko lasterkaria paretik igaro arte. Kiroletako argazkigintzaz maitemindurik dagoen norbaitentzat, sekulako pagotxa da lasterkariak ia banan-banan paretik igarotzen ikustea (Aizkorrira iristerako tropela dexente luzatua egon ohi da normalean, bi ordu pasatxoko aldea lehenengoaren eta azkenaren artean). Tourrean eta bestelako zenbait kirol probatan izana da argazkiak ateratzen, baina halakoetan presaka egin behar izaten da, Aizkorriko proban ohikoa den patxada hori gabe.
Solasaldi atsegina bukaera aldera ailegatu ahala, ezinbestekoa da, Iurgi argazkilaria izateaz gain kirolaria eta mendizalea izaki, inoiz Aizkorriko lasterketan parte hartuko duen galdetzea. Irribarrez, hesiaren bestaldean, argazki kamera esku artean duela, eroso dagoela dio maisuak. Adi, aurten ere, berak eta ibilbidean zehar sakabanaturik egongo diren beste hainbat argazkilarik aterako dituzten argazkiei. Ba ote, maratoiaren testigantza gordetzeko argazki ederrak baino gauza ederragorik?
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Argazki erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-11-07
Ikastaroa
Garaiko produktuekin sukaldean aritzeko ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Itxaropena elkartean - 2008-11-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.