Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Bakoitza bere gurdiari tiraka

Zaldibia

Aralarrek bosgarren zinegotzia hartu ondorengo aurreneko plenoa protesta artean egin dute Zaldibian.

Arkaitz apalategi

Asko gaiztotu da egoera duela urtebete udala osatzeko herriko bi alderdien arteko akordioa aurkeztu zutenetik hona. Duela hilabete inguru, Zaldibiako Aralarrek bosgarren zinegotzia hartzea erabaki zuen, etxebizitzen inguruko proiektu bat onartzeko. Orduz geroztik egiten zen aurreneko osoko bilkura deituta zegoen asteazken iluntzerako. Ezker Abertzaleak protestak iragarri zituen, eta batzar aretoan agerian gelditu zen Zaldibian bizi den egoera.

Osoko bilkura hasterako Amaia Etxabe hautetsi baliogabetuak hartu zuen hitza, eta «udaletxe honen osaketa salatzeko» testua irakurri zuen. Bertan azaldu zuenez, «ez dugu onartzen Aralarrek, alderdien legearen kontra omen dagoenak, lege hauetaz baliatuz eta egoera aprobetxatuz Zaldibiako Udalaren osaketa herriari bizkarra emanez aurrera eramatea». Etxabek, emandako hitza ez duela errespetatu leporatu zion Aralarri. «Inoiz ez omen zenuten hartuko herriak eman ez zizuen kargurik. Non gelditu da Aralarren hitza?».

Patxi Aierbek, berriz, «eztabaida antzua» zela erantzun zion, «herriari ezer aportatzen ez diona». Bere hitzetan, «Aralarren jarrera argia eta tinkoa da, eta hala erakusten ari da herriz herri. Baina konflikto gogor honen inguruko eztabaida gure artera ekartzea, suari egurra botatzea da, eta hori ez da ez gure eta ez zuen onerako», adierazi du Aierbek.

Konponbiderik ba ote

Egoera konpontzeko bidean, «oraindik ere garaian» daudela berretsi zuen Etxabek. «Gure proposamena mahai gainean duzue. Ez da berandu, gauzak txukun egite aldera urratsak emango badira».

Aralarreko ordezkarien ustez, ordea, «lehen adostu genituen baldintzak hankaz gora jarri dituzte». Aierbek dioenez, «gu prest gaude hasiera batean adostu genuen horretara itzultzeko. Hau da, bi alderdien artean adostutako herritar bati bosgarren zinegotzi kargua eman eta biok adostutako gaietan bakarrik erabiltzeko. Gainontzean lau eta lau ordezkarirekin funtzionatuko genuke». Aierbek zehaztu duenez, «eurek egin zuten proposamen hura, eta gu erronka horri eusteko prest gaude».

Hautetsi baliogabetuek «herriaren erabakia ukatu eta bere borondatea bahitu» izana leporatu zieten. Etxaberen ustez, «posible da herriaren bozkak errespetatuz udala osatzea. Hori da herriaren eskaera eta Aralarren betebeharra». Horrela gertatuko ez balitz «tinko eta irmo» borrokatuko dutela azaldu zuten. «Ezker abertzaleak herriaren borondateari eusteko konpromisoa du», berretsi zuen, eta horretarako, «herritarrei eskura dituzten bitarteko guztiekin tinko jarraitzeko» deia egin zieten.

 


«Posible da herriaren bozkak errespetatuz udala osatzea. Hori da herriaren eskaera eta Aralarren betebeharra»

amaia etxabe

Hautetsi independentista





 


«Gu prest gaude lau eta lau funtzionatu eta biok izendatutako bosgarren zinegotzi bat adostutako gaietan erabiltzeko»

patxi aierbe

Aralar



 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa