Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Legazpin onartu dute EAJk sartutako ANVren kontrako mozioa, aldeko 9 boturekin

Legazpi

EAko eta EAJko hiruna zinegotzik, PSE-EEko bik eta adskribatu gabeko batek babestu dute ANVren kontrako mozioa.

miriam luki

Jendez gainezka zegoen herenegun Legazpiko udaletxeko areto nagusia. Komunikabide ugari bertaratu zen eta baita ezker abertzaleko jarraitzaile asko ere. Osoko bilkuran EAJk aurkeztutako «mozio etikoa» onartu zuten aldeko bederatzi boturekin, Gipuzkoan Legazpi, Soraluzerekin batera, bihurtuz onartu den lehen herria.

ANV-EAEren aurkako mozioaren alde bozkatu zuten Eusko ALderdi Jeltzaleko hiru zinegotziek, Eusko Alkartasunako hirurek, PSE-EEko biek eta atxikitu gabeko EBko zinegotzi ohiak. EB-Aralarreko zinegotzia abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten udal gobernuan diren ezker abertzaleko Xotero Plazaola alkateak eta Jon Erramun Uribetxeberria eta Mikel Altzelai zinegotziek ere.

EAJk aurkeztutako «mozio etikoak» hiru puntu ditu. Lehenengo puntuaren ardatzak oinarrizko eskubideen errespetua eta biolentziaren erabilpenaren gaitzespena dira. Bigarren puntuak ETAk oinarrizko eskubideak apurtzen dituela dio, eta azken puntuan, aurreko guztiarekin bat ez datozen udal ordezkarien dimisioa eskatzen dute. Mozioa EAJko bozeramaile Ane Urkiolak irakurri zuen, eta ondoren Iñaki Sanchezek hitza eskatu zuen.

Egindako adierazpenak

Sanchezek abstenitu egingo zela esan ondoren mozioekin «bide arriskutsua» ireki dela esan zuen. «Lehenengo bi puntuekin erabat ados banago ere, hirugarrenarekin ez nator bat», eta mozioak puntuka bozkatzea nahiago izango zuela gehitu zuen.

Jon Erramun Uribetxeberria hautestsi independentistak hitz egin zuen ondoren. Bere izenean ari zela argitu eta gero, EAJk hartutako bidea «kartzelara eraman gaitzakeen bidea» dela salatu zuen. «Horrelako egitasmoek gorrotoa bultzatuko dute, ondorio kaltegarriak izango dituzte gizartean. Alkatetza lortzeko dituzuen bideak hauek al dira? Mozio honekin zuek izango zarete gure borrero».

Mikel Altzelaik gogoratu zuen ezker abertzaleko hautetsiei herritarrek hauteskundeetan zilegitasuna eman zietela. «Horren aurka agertu daitezkeen zentsura mozio guztiak tresna errepresiboak dira. Ezker abertzalea isolatu eta kriminalizatzeko estrategiek porrot egin dute eta bide horretatik konponbiderik ez da etorriko». Konponbidea aurkitzeko «Euskal Herriko gatazka politiko eta armatuaren sustraietara» joan behar dela gehitu zuen eta «indarkeriaren espresio asko» dagoela adierazi.

Ane Urkiolak, erantzun modura, bozkatu beharrekoa ez zela zentsura mozioa argitu zuen, «mozio etikoa» bozkatu behar zutela eta «elkarrizketara deitu eta aldi berean borrokara deitzean kontraesanak» daudela ere adierazi zuen. «Biolentziak elkarrizketa oztopatzen du» esanez amaitu zuen jeltzaleak.

Xotero Plazaolak hitz egin zuen azkenekoz. «Demokrazia eta etika zer den ez diguzue esango», esan zuen bertaratutako ikusle gehienen txaloak jasoz.

Publikoak hartu zuen hitza

Bozketaren aurretik publikoan zeuden ezker abertzaleko bi jarraitzailek hitza hartu zuten. Batak PSE-EEko zinegotziei «oinarrizko eskubideak urratu eta besteei haiekiko errespetua eskatzeko legitimaziorik ez» dutela esan zien. EAJkoei «botuekin lortu ez duzutena beste bide batzuetatik lortzen saiatzen ari zarete». Beste ikusleak EAJko zinegotziei zuzendu zizkien bere hitzak: «Jose Egibarrek mozio hauek ezer positiborik ez dutela ekarriko esan zuen, horren gainean hausnarketa bat egin dezazuten eskatzen dizuet».

Ondoren bozkatu egin zuten, eta mozioa udalbatzaren gehiengoaren botuz onartua gelditu zen.

Beste gai batzuk

ANVren aurkako mozioa bozkatu aurretik, Gehitu elkartearen izenean maiatzaren 17a homofobia eta transfobiaren kontrako nazioarteko eguna izendatzeko proposamena eraman zuen osoko bilkurara Uribetxeberriak. Eusko Legebiltzarrean egindako proposamenarekin bat egitearen aldeko agertu ziren guztiak.

Ika-mika sortu zuen Mugikortasun Planaren hasierako onarpenak. EAk mahai gainean uztea proposatu zuen planaren aurrekontua aurkeztu bitartean. Alkateak plan ekonomikoa hamabost egunen buruan prest izango dela eta gaia mahai gainean uzteak atzerapena ekarriko duela esan zuen, erabaki horren kontra agertuz. Batzordean gaia osoko bilkurara eramateko diktamenik ez zutela bozkatu esan zuten EAkoek, eta udal idazkariak betidanik erabili ohi duten sistema erabiliz gaia bozkatutzat eman zutela erantzun zien. Azkenean, ez zen hasierako onarpenik onetsi EAJ, EA eta adskribatu gabeko zinegotziaren kontrako botuekin; PSE-EE abstenitu egin zen, eta EBk eta hautetsi independentistek alde bozkatu zuten.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa