Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

dioni galparsoro ð- Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Ihesaldietan sartzen eta etaparen bat lortzen saiatuko gara»

Txirrindularitza

Dioni Galparsoro ataundarra Italian da, Palermon, lasterketa entzutetsuenean parte hartzeko prest; bigarren Giroa izango da goierritarrarentzat.

eneritz gorrotxategi

Gaur hasiko da txirrindularitzan oihartzun handia duen lasterketetako bat; Italiako Giroa. Goren mailako taldeek, UCI ProTourrekoek parte hartuko dute, eta horien artean Euskaltel-Euskadi izango da. Dioni Galparsoro (Ataun, 1978) ere bertan da. Iaz ezin izan zuen Giroa bukatu, eroriko batek behartuta.

Zer moduz Italiarekin lehen kontaktua?

Ongi. Bi egun daramatzagu hemen eta entrenatzen aritu gara.

Zein da une honetan Euskaltel-Euskadiko taldekideon sentimendu orokorra?

Lasaitasuna esango nuke. Beste lasterketa bat bezalakoxea da. Hasteko nagi pixka bat dugu; eta betikoa, etxekoak utzi berri ditugu eta pena pixka bat ere sentitzen dugu. Baina lasterketa hasten denean errutina gisara hartuko dugu eta aurrera egingo dugu.

Iaz hasi bai, baina eroriko batek bukatzea galarazi zizun. Aurten zein helbururekin joan zara?

Aurten iaz bezalaxe; Koldo Fernandezi esprintetan laguntzeko asmoaz etorri gara, eta etapen bila ibiliko gara.

Etapa horiek zehaztuta al dauzkazue dagoeneko?

Horrek berdin dio. Ni neu une honetan ez nabil oso gustura, ez naiz oso sentipen onekin iritsi baina ea erritmoa hartzen dugun. Oraindik zain nago pixka bat.

Iñigo Landaluze eta Koldo Fernandez dituzue talde buru. Zuk zuzendaritzatik zein agindu jaso duzu?

Taldean ez dago lider bakar bat. Buru batzuk izendatzeko eskatzen zaigu eta izen horiek eman ditugu. Koldo Fernandez garbi dago esprintetan saiatzekotan dela eta gu hor berari laguntzeko gaude. Eta besteek sailkapen orokorra ez dugunez borrokatuko, ihesaldietan izaten, etaparen bat lortzen eta bestelako lanetan saiatuko gara.

Taldeburu horientzako lana egitea erraza izaten da, edo aparteko esfortzu edo ahalegin bat egin behar izaten duzue?

Beno, nola sailkapen orokorrean inork ez dugun ezer jokatzen, orduan ez da inorentzako bereziki lanik egiten. Esku bat botako diogu Koldori etapako azken bost minutuetako esprintetan, haizeak eman ez diezaion... Etapak ateratzen dira tarteka eta ihesaldiak ere hor daude. Baina amaierako bost minutu horietan bere lana da aukerak bilatzea. Guk aurretik haizea kentzen diogu baina aukera bilatzea bere kontua da. Taldeko asko igotzaileak gara eta aldamenean izaten gaitu. Ez da lan zaila, esateko.

Igotzaile lanetan fin jarduten duzu. Aurtengo Giroak baditu mendiko zenbait etapa. Nola ikusten dituzu?

Urte batzuk badaramatzagu hemen, txirrindularitza munduan eta beldurrik ez du ematen. Ikara gehien ematen duena erritmoa da, txirrindulariek hartzen duten abiadura. Azkenean etapak gogorrak izango dira baina ongi bazoaz iraun dezakezu; ahal duzuna besterik ezin denez eman, ahal dena eman beharko dugu. Berdin du, agian etapa lau batean gehiago sufri daiteke aldapa batean baino. Hankek adierazten dute zein sasoi puntutan zauden.

Guztira 3.423 kilometro dira aurten Giroan, iazkoa baino lasaiagoa dela aipatu da. Iaz bezainbeste entrenatu duzue edo lasaiagoa dela jakinda arinagoa izan da prestaketa?

Kilometroek ez dute zerikusirik entrenamenduekin. Azkenean lana antzekoa izaten da. Batzuek hilabete daramate, nik bezala, lasterketetan parte hartu gabe. Baina beti antzekoa izaten da prestakuntza. Lasterketetan azkenean, lehen esan bezala, hankek adierazten dute sasoi puntua eta baita zenbat entrenatu behar duzun ere. Nekatuta bazaude gutxiago entrenatuko duzu... Horrelako lasterketa bat prestatzerakoan ordu asko sartu behar dira. Ordu askoko entrenamenduak izaten dira, ez dago beste sekreturik. Askotan aipatzen da era bateko edo besteko prestakuntza, baina ez da hain konplikatua, ongi bazaude aurrera eta gaizki bazaude, atzera.

Zein sasoi puntutan zaudela esango zenuke?

Ni ez nago oso ongi, orain artean behintzat ez naiz oso eroso sentitu baina esperantza daukat lasterketa barruan hobeto sentitzeko eta ea behintzat garaipenen bat lortzen dudan.

Giroko etapa bat lortzea, ametsetik baino errealitatetik gertuago dago?

Hori ametsa da! Iaz ez nintzen oso urruti ibili, bi etapatan oso gertu ibili nintzen, bosgarren geratuz eta ihesaldietan parte hartuz. Ikusiko dugu aurten, izan ere azkenean zorte puntua ere bada. Zortearen momentua izatea eta azkeneko zure saiakera hori ona izatea da kontua. Zorte asko behar da baina aurrean bazabiltza azkenean aukera gehiago daude.

Zortea aipatu duzu. Iaz Giroa hasi bai baina eroriko batek galarazi egin zizun amaitzea. Beldurrik ematen al dizu esperientziak?

Erorikoek beti ematen dute beldurra, baina ez du zertan gertatu beharrik. Espero dut behintzat iaz bezala lesionatuta ez joatea etxera.

Etaparen bat begiz jota al duzu dagoeneko?

Ez, ez. Egia esan ez dut begiratu ere egin daukagun ibilbideae. Oraingoz etorri eta lasai egotea egin dugu, eta orain ikusiko dugu. Berdin zait; zortea dudan egun batean bada, ez zait axola aurreneko edo azkeneko eguna den, aprobetxatzeko berdin balioko du.

 

Italiako Giroa gaur hasiko da Palermon, taldeka erlojupean

Italiako Giroaren 91. edizioa gaur hasiko da Siziliako Palermo hirian. Lau erlojupeko etapa izango ditu, eta mendikoak hiru. Hogeita bat etapa izango dituzte txirrindulariek lanerako, eta tartean atsedenerako bi egun. 3.423 kilometro osatuko dituzte Italiako txoko askotatik igaroko den Giroa burututa. Ekainaren lehen egunean emango zaio lasterketari amaiera Milano hirian. Gaur taldekako erlojupekoa dute, eta azken etapa indibiduala izango da. Etaparik luzeena maiatzaren 15ekoa izango dute; Ibilbide laua bada ere 247 kilometro egin behar izango dituzte txirrindulariek.





 


Hankak adierazten dute norbera zein sasoi puntutan dagoen, espero dut lasterketa barruan erosoago sentitzea.

Etxekoak uzteak pena pixkat ematen du baina lasterketa hasitakoan aurrera egingo dugu.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Ikus-entzunezkoa

ikusentzunezkoa
ZUMARRAGA, Zelai Aristi aretoa - 2008-11-21

Mahai-ingurua

Txirrindularitza aztergai
ATAUN, Aizkoate elkartean - 2008-11-21

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa