
Burdinolaren 'Txinpartak' aldizkariak Patrizio Etxeberria hartu du ardatz
Legazpi
Pertsona bezala gutxi landu den figura izan dela iritzita, urteurrenaren harira monografikoa eskaini dio Burdinolak.
eneritz gorrotxategi
Burdinola elkarteak kaleratzen duen Txinpartak aldizkariak zenbaki berezia argitaratu du. Ostegun iluntzean Burdinola elkarteko lehendakari Jose Luis Ugarte, Pedro Vega idazkaria eta Txinpartak aldizkariko erredakzio taldeko Mertxe Urkiolak aurkeztu zuten aipatu ale berezia. Ez da ohikoa aldizkariaren aurkezpena egitea, baina «desberdin» jokatu dute, «laugarren mendeurrenaren batzordeak hala eskatu digulako» adierazi zuten. Helburua, «Legazpiko historiaren zati garrantzitsu bat gogoratzea» izan da; Patrizio Etxeberriarekin lotzen diren urteak, alegia.
Azlapenak eta esker onak
Ugartek aipatu zuenez hamabosgarren zenbakia berezia da eduki eta tirada aldetik.
Pedro Vegak, Manuel Salmeronen gutun bat irakurri zuen, hari, aurkezpen ekitaldira joatea ezinezko gertatu baitzitzaion. Bertan, eskerrak eman zizkien argitalpena posible egin duten guztiei.
Mertxe Urkiolak, bestalde, gaia zergatik aukeratu duten azaltzeaz gain, aldizkaria egiteko izan dituzten zuzeneko testigantza edo elkarrizketak nahiz jendeak izandako eskuzabaltasuna azpimarratu zituen. Dagoeneko tartean ez dauden eta aldizkari horretarako materiala eskaini dutenak ere gogoan izan zituzten.
Enpresa gizona bai, bestela ez
Patrizio Etxeberria lantegiak mendeurrena ospatzen duela aitzakiatzat hartuta, «enpresa gizon gisara bai baina pertsona gisara gutxi» ezagutzen den Patrizio Etxeberria ezagutarazteko aukera eskaini diete irakurleei. Bere nortasunaz lan gutxi topatu dituztenez, soslaia marrazteko ezinbestekoa izan zaie esparru desberdinetan ezagutu zutenekin harremanetan jartzea.
Bertaratutakoek aipatuak
Aurkezpen ekitaldian Ugarte, Vega eta Urkiolaren hitzei bideo batek eman zien jarraipena. Aldizkarian aurki daitezkeen hainbat argazki ikus zitezkeen bertan, eta baita toki faltagatik sartu ez dituzten beste hainbat ere. Argazkietan lantegiak, langileak eta Patrizio Etxeberriak eraikitako zenbait eraikuntza ere ikus zitezkeen. Enpresariaren argazkiak ere bazeuden tartean.
Ikusleek bideoaren amaieran hainbat galdera egin zituzten euren jakin-mina ase nahian. Bertaratutakoen artean, Patrizio Etxeberria gertutik ezagutu zuten zenbait lagun zeuden, eta bere inguruko zenbait bitxikeria, xehetasun eta bizipen kontatzeko eta ezagutzeko aukera izan zuten.
Erantzunak aldizkarian
Material asko eta asko «zintzilik» geratu zaie, 32 orritan ezin izan baitute gehiago sakontzen hasi, baina nahi duenak gehiago sakontzeko aukera baduela aipatu zuten Burdinolakoek. Aldizkaria eskuan hartu, ikusi eta irakurtzera animatu zuten jendea, «jakin-mina asetzea» izan baita egileen nahia.
Aurkezpenean adierazi zutenez, «denok arnastu ditugu Patrizioeneko keak, baina egun beste era batera gogoratzen ditugu».
Hala ere, zenbaki bereziaz gain, Burdinolakoek ekitaldi gehiago ere prestatu dituzte: maiatzaren 18an Legazpi-Segura mendi martxa, irailean bi libururen argitaratzea eta urrirako beste mendi ibilaldi bat iragarri dituzte.
zenbaki berezia
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
A Capella Portugesa taldearen kontzertua. Barroko Aire XXIII. zikloa
ORDIZIA, Ordiziako Andre Mari eliz parrokian - 2008-11-22
Irteera
Ganbora irteera
ORDIZIA, Ordiziako Mendizaleak elkartetik abiatuta - 2008-11-23
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.