
Nazioarteko erako
Sega Liga antolatu du Almitza taldeak aurreneko aldiz
Goierri
Gaur zortzi jokatuko da lehenengo jardunaldia Zerainen; guztira, sei saio izango ditu I. Sega Ligak.
arkaitz apalategi
Euskal Herriko 39 segalarik parte hartuko dute gaur zortzi hasiko den I. Sega Ligan. Almitza sega elkarteak aurten antolatu du liga hau aurreneko aldiz. Nazioarteko erako txapelketek duten arrakasta ikusita, eta sortzen ari diren segalariei lehiatzeko aukera berri bat emateko asmoarekin antolatu dute txapelketa berri hau.
Guztira, sei jardunaldi izango ditu, bakoitza herri batean. Aurreneko saioa igande honetan izango da Zerainen, arratsaldeko bostak eta erdietan hasita. Baina hiru hilabetetan, beste bost saio egingo dira Igorren, Tolosan, Asteasun, Artean eta Oiartzunen.
Nazioarteko eran
Almitza elkarteak azken aldian antolatu dituen hainbat ekitaldi eta saioren moduan, Sega Liga hau ere nazioarteko eran jokatuko da.
Egin beharreko lanari dagokionean, emakumezkoek 50 metro koadroko (7x7) saila ebaki beharko dute; gizonezkoek berriz, 100 metrokoa (10x10). Jardunaldi bakoitzean egindako lanaren arabera banatuko dituzte puntuak. Saioz saio, puntu hauek metatu egingo dituzte, eta azken saioaren ondoren, punturik gehien lortu duen segalariak irabaziko du liga.
Bestalde, nazioarteko eran ohikoa den moduan, belarra mozterakoan, txukuntasuna ere kontuan hartuko da.
Partehartze zabala
Liga berri honetan, 39 segalarik parte hartuko dute; 29 gizonezkoak dira eta 10 emakumezkoak. Eskualdeko ordezkaritza ere izango du txapelketak. Joxe Atin, Miel Mari Jauregi Altzo, Joan Mari Agirrezabala, Igor Esnaola, Jexux Mari Lasa eta Iñaki Izagirre Bianda arituko dira gizonen mailan. Emakumezkoetan berriz, Arrate Garinek eta Aloña Galarragak parte hartuko dute. Joan den urteko Gipuzkoako Txapela jantzi zuten Joxe eta Maria Luisa Gabirondo gazteluarrak ere han izango dira.
Ostiralean erakustaldia
Ligako aurreneko jardunaldia igandean jokatuko bada ere, ostiralean, sega erakustaldia egingo dute Zerainen.
I. Sega liga
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Garaiko produktuekin sukaldean aritzeko ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Itxaropena elkartean - 2008-11-11
Irteera
Ganbora irteera
ORDIZIA, Ordiziako Mendizaleak elkartetik abiatuta - 2008-11-23
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.