Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Eurokopa jokatzera Suitzara joango da Beasaingo Zuma GH futbol taldea

Kirola

Futbol 7ko jokalariak hurrengo astean egingo den txapelketan izango dira, beste zazpi selekziorekin lehian.

maider del olmo

Europako zazpiko futboleko talde onenak elkartuko dira datorren astean Suitzan, UEFAk antolatutako Eurokopa jokatzeko. Eta tartean Beasaingo Zuma GH taldea izango da, Espainiako taldearekin, beste zazpi selekziorekin batera: Suitza, Italia, Herbehereak, Suedia, Austria, Alemania eta Frantzia. Taldeko kideen esanetan gainerako taldeak ezagutzen ez dituztenez, «aterik ixten ez duten arren», zaila egiten zaie helbururik jartzea, ez bada ondo jokatzea eta hobeto pasatzea.

Sei urteko ibilbidea

Zuma GH futbol taldea 2002. urtean sortu zuten. Beasaingo areto futboleko txapelketan urtetan eta urtetan parte hartu ondoren, ordura arte Zumazuritze taldea izandakoari jarraipena emanez sortu zuten talde berria: Zuma GH. Gipuzkoako txapelketako hirugarren mailan hasi zuten euren ibilbidea, eta lehenengo urtean jada maila horretako txapeldun geratu ziren. Bigarren mailara pasatu ziren gero, eta bertan hiru urte egin zituzten. 2004. urtean 2. Mailako txapelketa irabazita 1. Mailarako txartela lortu zuten.

Handik aurrera ere gora eta gora jarraitu zuten . Gorengo mailan iaz Gipuzkoako txapeldun gelditu ziren, eta garaipen hark Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela eman zien, Santanderren jokatu zena. Santanderrera joan eta irabazi. Handik Portugalera ondoren, Final Four Iberica jokatzera. Espainiako txapelketako bi finalistak eta Portugaleko bi finalistak izan ziren aurrez aurre. Eta han ere irabazi.

Urtebete lehenago inork gutxik uste zuen, taldekideen esanetan, eurena bezalako «talde xume» batek halako garaipenak lor zitzakeenik, jolakari onak izanagatik ere (futbol profesionalean lehenengo mailan ibilitakoak asko, denak Beasain futbol taldean ibilitakoak). Zuma GH 16 jokalarik osatzen dute, belaunaldi desberdinetakoak, 25-45 urte bitarteko kirolariak dira. Taldea 16 lagunek osatzen duten arren futbol 7an, izenak dioen bezala, zazpi jokalarik jokatzen dute, eta 25 minutuko bi zatiko partida da.

 

«Ondo jokatu, eta gero ikusiko dugu»

Luis garmendiað- Zuma GH taldeko jokalaria

Ahalik eta ondoen aritzea eta «toki onean geratzea» dute helburu taldekideek, Luis Garmendia jokalariaren esanetan.

m. del olmo



Suitzako bidaia dela-eta ilusioz daudela dio Luis Garmendiak (Segura, 1971). Jokalariak ez doaz bakarrik, gainera. Bidaialagun izango dituzte euren bikotekideak, lagunak, eta trikitilariak. Azken horiek, Garmendiaren hitzetan, «hemengo kultura ezagutzera emateko». «Guztira, 37 lagun goaz, kopuru polita», erantsi du. Datorren asteazkenean abiatuko dira.

Astebete eskas falta da txapelketarako. Entrenamenduak nola joan dira?

Egia esan orain arte ez dugu gauza handirik egin eta azkeneko momentuan ezin da miraririk egin. Horrela dira gauzak. Hala ere, azken egunotan astean behin behintzat elkartu gara elkarrekin saio bat egiteko, fisiko ona mantentzeko helburuarekin behintzat. Gero bakoitza bere kabuz entrenatu da, korrika, ariketak eginez... Gertatzen dena da etxean nahikoa lan badugula, familia dela, lana dela, denbora askorik ez zaigula geratzen gero futbolean aritzeko, entrenatzeko; baina ahal dugun neurrian egiten dugu, oso gustukoa dugulako eta ondo pasatzen dugulako joaktzen, batez ere. Horregatik egiten dugu batik bat.

Suitzara zein helbururekin zoazte?

Ahalik eta ondoen jokatzea da gure asmoa, eta ahal den toki onenean geratzea. Hortik aurrera zaila zaigu imajinatzea, lehenengo aldia izanda ez dakigulako han zerekin topo egingo dugun, zer maila egongo den. Ondo jokatu eta gero ikusiko da. Guk, hala ere, ez dugu aterik ixten, baina han ikusiko dugu noraino ahalko dugun, besteek zer moduz jokatzen duten. Txapelketa ostiralean hasiko da. Gure aldetik txapelketaren hasieraren egun berean bi partida jokatu beharko ditugu, eta biak irabaziko bagenitu final erdietara pasatuko ginateke. Galduko bagenitu, bada, seguruena aukera askorik ez genuke izango txapelketan aurrera egiteko. Baina kasu horretan ere ondo pasatzen badugu, nahikoa da.

Lagun talde handia zoazte, ezta?

Bai. Gainera Goierri ezagutzera ematea da gure asmoa bidaia honetan. Nolabait esateko Goierriko puska bat eramango dugu Suitzara. Trikitilariekin joango gara, hemengo kultura erakusteko eta hemengo jakiak eta produktuak ere eramango ditugu han ezagutu ditzaten. Emazteak ere etorriko dira gurekin.

Finantzazioa nola lortu duzue?

Hori izan da alderik zailena. Laguntza ekonomikoa beharrezkoa zaigu, bestela gure poltsikotik jarri beharko bagenu diru guztia oso garestia aterako litzaigukeelako. Azken egunotan atez ate jo dugu laguntzaren bila udaletara, Aldundira... Enpresa eta denda batzuek lagundu digute, eta lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiet taldekide guztien izenean laguntza eman diguten guztiei. Suitzan ere gogoan izango ditugu denak.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa