Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko abuztuak 21, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeak Gipuzkoako Eskola Txikien Festa guztietarako abesti bakarra izatearen beharra ikusi zuen; astelehenean grabatu zuten Pirritx, Porrotx eta zeraindarrek.

Eskola Txikiak geroaren bila

estitxu imaz

Gipuzkoako Eskola txikiek badute jada abesti propioa. Ekainaren 8an Zerainen ospatuko den XXI. Gipuzkoako Eskola Txikien Festa aitzakia hartuta, Gipuzkoako Eskola Txiki guztien ereserkia bilakatuko den abestia grabatzera joan ziren astelehenean Zeraingo haur, gaztetxo eta zenbait guraso.

Amasako IZ estudioetan zuten hitzordua, Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunekin. Eurek goizean grabatu zuten abestia eta arratsaldean haur eta gurasoen txanda izan zen.

Pirritx eta Porrotxek ohiko pailazokeriekin, goxo hartu zituzten zeraindarrak. Eurak horrelako lanetan ohituta daudela garbi utzi zuten. Zeraindarrak, orain arte behintzat ez zuten eskarmenturik grabaketa lanetan, baina gogo biziz hasi ziren abesten: eskola txikiak/herri eta auzo,/ geroaren bila/ pausorikan pauso... Batzuen ahots goxoak besteen lodixeagoekin nahastuta, konbinaketa polita egin zuten. Guztien gainetik azpimarragarria, jarritako ilusioa.

Abesti bakarra izatea helburu

Gipuzkoako Eskola Txikien festa egiteko ideia 1987an sortu zen. Orduan Eskola Txikiak oso ahul zeuden. Arazoei aurre egiteko eta egoera hobetzeko asmoz, irakasle talde batek elkarlana bultzatu zuen asmo garbi batekin: Eskola Txikien lanan aldarrikatzea eta irakasleen formazioa eta koordinatzea bultzatzea.

Hurrengo urtean ospatu zuten Bidegoianen lehen festa. Festak segida izan zuen hurrengo urteetan, Berastegin, Gaztelun, Gabirian, Aian eta Aizarnazabalen.

Orain arte urtero abesti berri bat sortu izan da. Gipuzkoako Eskola Txikien koordinakundetik betirako balioko duen abesti bat izateko beharra ikusi zuten. Hori dela eta Asteasuko eta Igeldoko jaietan erabilitako abestia egokitu dute. Pailazoek eta zeraindarrek egindako lanaren emaitza ekainaren 8an Zerainen ospatuko den Eskola Txikien Festan entzun ahal izango da, orduan aurkeztuko baitute Pirritx eta Porrotxek abestia. Euren hurrengo diskoan sartuko dute gainera eta bideo klip bat egiteko asmoa ere agertu dute.



 




Txikitasunean handi

Zerain

Eskola Txikien koordinakundean sartuta daudenetatik txikiena da Zeraingoa, baina besteen antzeko ezaugarriak ditu.

e. imaz



Zeraingo eskola, Eskola Txikien koordinadoran sartuta dauden eskoletatik txikiena da; bederatzi ikasle dauzka aurten.

25 urteko ibilbidea du Zeraingo eskolak. «80ko hamarkada hasieran Zerain biziberritzeko herritarrek egindako lan handiaren fruituetako bat da» zeraindarrek eurek adierazi dutenez. Herriak bizia izan zezan, herrian eskola izatea beharrezkoa zela konturatu ziren herritarrak eta halaxe sortu zuten.

Gaur egun Zeraingo eskolak gainerako Eskola Txikiek dituzten antzeko ezaugarriak ditu. Neurriz txiki izateak eta adin askotako ikasleek gela berean ikasteak desberdintzen ditu. Baina ezaugarri hori «onura» bihurtu dute bertako ikasle, irakasle eta gurasoek. «Gaur egun Eskola Txikiak modernoak dira, kalitatezkoak eta aurrerakoiak metodologikoki».

Eskolak haurren hezkuntzan eta herriko bizitzan du eragina

Eskola Txikiak komunitate bat du atzean. Eskolako gurasoen hitzetan «ikaslea bere ikasketen protagonista izaten da eta besteekin hartu-emanean ikasten du: berak baino gehiago dakitenekin zein gutxiago dakitenekin. Irakasleak proposatutakoaren gainean, haur bakoitzak bere mailan ikaste prozesua eraikitzen du».

Eskola herrian bertan izateak haurren hezkuntzan eta herriko bizitzan du eragina. «Herri baten altxorra bertan bizi diren pertsonak dira, eta horien artean zer esanik ez, haurrak». Haurtzaroan eraikitzen dira jakintza, hezkuntza eta elkarbizitza zoriontsu eta orekatua lortzeko oinarriak. «Gure haurrak herrian nahi ditugu, gure hizkuntzan haziz eta heziz, herrikoak izateaz harro senti daitezen».

Eskolak atzean duen komunitate horretan, irakasle eta ikasleez gainera, gurasoak egoten dira. Haien parte hartzerik gabe zaila izango litzateke eskolaren proiektua aurrera ateratzea, haur, irakasle eta gurasoen inguruan herri-dinamika interesgarriak sortzen baitira.

Horiek dira eskola komunitatearen eragile nagusiak, baina ez bakarrak. Gurasoen ustez «Udalak ere oso paper garrantzitsua jokatzen du, eskola babesten».

«Inoiz baino beharrezkoagoa»

Gurasoek jakitera eman dutenez herri txikietako eskolen kontra erabili izan diren argumentu nagusiak hezkuntza kalitateari eta batez ere ekonomiari lotuak izan dira, baina funtsean argudio ekonomikoak gailendu dira. «Globalizazioa munduaren jaun eta jabe den honetan, Eskola Txikiek inoiz baino zentzu handiagoa dute geure herrien eta herritarren identitatea eraikitzeko tresna garrantzitsu eta ezinbestekoak direlako».

 

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa