
Emaitza onak lortuta ekingo diete goierritarrek bueltako partidei
Pilota
Zumarragak eta Ataunek eskuz, eta Lazkaok eta Ordiziak palaz jokatuko dituzte bueltako partidak Herriartekoan.
arkaitz apalategi
Herriarteko pilota txapelketa bide onetik hasi dute Goierriko taldeek. Aurreko asteburuan lortutako emaitza onen ondoren, datozen egunetan erabakiko dira bigarren faseko kanporaketak.
Ataungoa da Herriartekoan parte hartzen ari den talde bat. Bihar arratsaldeko 19:00etan jokatuko dituzte bueltako partidak Asteasuren aurka. Etxean jokatuko dute, eta Ataun Kirol Elkartetik azaldu dutenez «partida gogorrak» izango dira, eta zaleen laguntza beharko dute aurrera egiteko. Joanekoan jokatutako hiru partidetatik bi irabazi zituzten ataundarrek, eta kanporaketa momentuz euren alde badago ere gogor saiatu beharko dute bihar. Kirol elkartetik jakinarazi dutenez, txapelketa horren gastuei aurre egiteko errifak atera dituzte. Manomanistako lehen mailako txapelketako finalerako bi sarrera zozkatuko dituzte; errifak kiroldegian bertan izango dira salgai.
Zumarragak ere 2 eta 1 aurretik ekingo die bueltako partidei. Asteburuan, jubeniletan (22-2) eta nagusietan (22-16) irabazi zituzten Lizartzaren aurkako partidak. Larunbatean 19:00etan Lizartzako frontoian jokatuko dute bueltakoa. Lehia parekatua izatea espero da.
Ataunek eta Zumarragak euren kanporaketak gaindituko balituzkete, final-zortzirenetan aurrez aurre aritu beharko dute. Hala balitz, finalerdietan Goierriko talderen bat aritzea ziurtatuta legoke.
Berdinketa palan
Herriarteko txapelketan erreminta modalitatean ere, palan, ari dira goierritarrak. Asteburuan Lazkao eta Ordiziaren arteko derbia jokatu zuten. Joaneko jardunaldian bana berdindu zuten Lazkaoko pilotalekuan. Larruzko paletan, lazkaotarrak izan ziren nagusi (35-26). Pala motzean, ordea, ordiziarrek hartu zuten errebantxa (38-40). Bueltakoa igande arratsaldeko 17:00etan jokatuko dute, Ordiziako Beti-Alain.
Pala txapelketan ariko den beste talde bat Olaberrikoa da. Aurreko txapelketan lortutako emaitza onagatik (txapeldun izan zen), olaberritarrek final-laurdenetan hasiko dute txapelketa, maiatzaren 25ean, Errenteriaren aurka.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Dantza
Euskal Dantzen Erakustaldia
BEASAIN, Bideluze plazan - 2008-10-12
Ikastaroa
Ogi ekologikoa egiteko ikastaroa
EZKIO-ITSASO, Ezkio-Itsasoko Haristizabal baserrian - 2008-10-18
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.