Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

aitor casado ð- Argazkilaria eta mendizalea

«Basoak dira Aizkorri mendi martxako protagonista»

Legazpi

Aizkorrin barrena burutuko den mendi martxa aurkeztuko dute Legazpin. Casadok martxari buruz osatu duen ikus-entzunezkoa emango dute, bihar, 20:00etan.

miriam luki

Aitor Casadok (Legazpi, 1968) Legazpi, 400 urtez aske egitasmoaren barruan antolatutako Aizkorrin barrena mendi martxari buruzko ikus-entzunezkoa egin du. Urriaren 12an egingo da mendi martxa, baina bihar 20:00etan aurkeztuko dute, Legazpiko kultur etxean. Casadok egindako ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango da.

Mendia ala argazkigintza?

Biak. Gero eta argazki gehiago egiten ditut. Azken hiru urteotan hiru kamera desberdin izan ditut eta argazki pila atera dut. Azken kamera duela hilabete eta erdi erosi nuen, eta dagoeneko bi mila bat argazki atera ditut.

Izadi Zaleak elkarteko kide ere bazara, elkarteko webgunean ikusgai daude zure argazki asko.

Bai, mendiak.net webgunean ere publikatzen ditut nire argazkiak. Aurreko igandean Beitia mendi martxan batek baino gehiagok ezagutu ninduen, batzuetan ni agertzen naizen argazkiak igotzen ditudalako sarera.

Nolatan sartu zinen 'Aizkorrin barrena' mendi martxaren antolaketan?

400 Urtez Aske Batzordeko kideek bilerak egin zituzten eta haietan Izadi Zaleak elkarteko kideok parte hartu genuen. Ibilbidea markatu beharra zegoen eta webgunea egin beharra. Ni laguntzeko prest azaldu nintzen, eta besterik gabe hasi nintzen.

Bi ibilbide izango ditu Aizkorrin barrena mendi martxak, ezta?

Luzea eta motza. Luzeak 31 kilometro izango ditu eta motzak 16. Mendi martxari jarri dioten izenari jarraituz, Brinkolan hasi eta Aizkorriri buelta emango diogu, gaina jo gabe utziz. Ibilbide luzean Mandobidetik iparraldera joz Sancti Espirituraino joango gara, handik San Adrian zeharkatuz Aizkorriko beste aldera pasatuko gara, eta Erdi Aroko galtzadatik Oltzako txaboletaraino iritsiko gara. Ustez, hango zuhaitzak legazpiarrak dira.

Oltzako zuhaitzak legazpiarrak al dira?

400 Urtez Aske Batzordeak antolatutako azken hitzaldian, Mari Asunción Urzainkik esan zuenari jarraiki, Oltzako zuhaitzak Legazpikoak dira duela mende batzuetatik. Lurra, ordea, ez da Legazpikoa. Airean dagoena legazpiarrona da baina lurra berez ez da gurea.

Jaitsiera nondik egingo duzue?

Kataberako meategietatik.

Ibilbide motza nondik nora da?

Oazurtzako leporaino elkarrekin joango gara denak, baina han ibilbide motzean parte hartzen dutenek Zegamako erromesek Arantzazura joateko erabiltzen duten antzinako bidea hartuko dute. Kataberatik jaitsi aurretik elkartuko dira berriz bi ibilbideetakoko partaideak. Barrendiolatik Brinkolara jaitsiko gara elkarrekin.

Zer nolako paisaiaz gozatuko dute mendizaleek?

Oro har basoak dira bi ibilbideetako protagonistak. Baso itxiak, errekasto ugari, karobi txikiren bat, Kataberako meategiak edota gehienok ezagutzen dugun San Adriango kobazuloa.

Ikus-entzunezkoan paisaia horien berri emango dute zure argazkiek, ezta?

Bai. Ibilbidea markatzera joan ginenean argazki asko atera nituen, eta aurretik paraje horietan ateratako irudiak gehitu ditut. Guztiekin osatu dut ikus-entzunezkoa.

Zintzilikatuko al duzu ikus-entzunezkoa interneten?

Bai, aurkezpenaren ondoren.

Igandean beste mendi martxa bat egingo duzue: Legazpitik Segurara antzinako bidetik.

Antzinako bideak berreskuratu eta bide asko eta asko garbitu dituzte igandeko mendi martxarako. 13 kilometro ditu, eta Segurako Udalak ongietorria egingo die mendizaleei. Motxorrotik Aztirira eta handik legazpiarrok Aizpuru aldean dagoen Barkua esaten diogun tokira. Handik Zerainera iritsi eta Seguran izango da helmuga.

'Aizkorrin barrena' mendi martxan parte-hartze handia izango dela uste al duzu?

Ez dakit, zaila da kalkulatzea. Egia da Aizkorri izenak asko erakartzen dituela mendizaleak. Gainera, urriaren 12a jai eguna da eta parte-hartzea handitzen erraztuko du. Mendi martxen zirkuitu bat badago, eta egun horietan martxa garrantzitsurik ez dagoela uste dut. Aizkorri mendiaren gaina ez jotzea ere aldeko osagai bat izan daiteke. Mendi martxen foroetan, ordea, bere presentzia badu dagoeneko Aizkorrin barrena mendi martxak; eta Google Earth-en sartu nuenetik batek baino gehiagok jaitsi du ibilbidea. Seinale onak dira horiek denak.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa