
Euskadiko abere-ustialekuen feria eta erakusketa egingo dute gaur Zerainen
Zerain
Makinekin erakustaldia eta herri-kirol saioak Zerainen egingo dira; sari-banaketa eta bazkaria, berriz, Liernin.
estitxu imaz
Euskadiko Abere-ustialekuen VIII. Txapelketaren sari banaketa gaur Goierrin egingo dute. Sariak banatu aurretik, ordea, belarkien erabilera eta kontserbaziorako makinariarekin erakustaldia egingo dute Zerainen, herri-kirol erakustaldiarekin batera. Sari-banaketa ekitaldia eta bazkaria Liernin izango dira.
Bertan izango dira, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua eta Rafael Uribarren Landa Ingurunearen Garapeneko diputatua.
Ustialekuen berritze teknologikoan laguntzea xede
Euskadiko Abere-Ustialekuen Txapelketa, abere-ustialekuen berritze teknologikoan laguntzeko helburuarekin antolatzen dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako foru aldundiek, hiru herrialdeetako gestio-zentroak eta Neikerrek. Helburu hori betetzeko pizgarri eta dibulgaziorako nekazaritzako txapelketen bitartekoa erabiltzen dute.
Antolatzaileek saritu egin nahi dituzte. «Ez bakarrik beraien maila tekniko eta ekonomikoagatik nabarmenetzen diren ustialekuak, baita euren produkzio-metodoak baliabideen kudeaketa edo gestio iraunkorra bermatzera bideratzen dituztenak ere».
Txapelketan Euskal Autonomi Erkidegoan kokatutako abere-ustialekuen titularrek parte har dezakete, beti ere euren ganaduarentzako elikaduran ustialekuan bertan bildutako eta kontserbatutako belarra erabiltzen badute. Parte-hartzeak hurrengo hiru ataletako batean izan behar du: esne-behiak, haragi-behiak edo ardiak.
Azken txapelketa horretan 353 ustialekuk parte hartu dute, horietatik 121 gipuzkoarrak dira, 138 bizkaitarrak eta 94 arabarrak.
Sailkapena bi fasetan
Ustialekuen sailkapena bi fasetan egin da. Lehen fasean ustialekuko hainbat ezaugarri puntuatzen dira: kontserbatutako bazka-belarren kalitatea eta datu teknikoak, ekonomikoak, ingurumenari eta merkaturatzeari buruzkoak. Bigarren fasean ustialekuari bisita egiten zaio, lehen fasean aukeratutako arloetan erreparatuz. Bi puntuazio horiek batuta azken sailkapena lortzen da.
Aurtengo ekitaldia antolatzeko ardura Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio eta Goierri aukeratu dute horretarako.
Zerainen, gaur, 11:30ean hasita belarkien erabilera eta kontserbaziorako makinariarekin erakustaldia egingo dute. Ondoren Almitza elkartearen eskutik segalarien erakustaldia izango da. Joxe Gabirondo, Mikel Aranalde, Juan Mari Agirrezabala, Jon Kanflanka, Bixente Mitxelena eta Jexux Mari Lasa ariko dira gizonezkoetan. Hiru txanda egingo dituzte, binaka. Emakumezkoetan, berriz, Maria Luisa Gabirondo, Ainhoa Ansa eta Arrate Garin lehiatuko dira, txanda batean. Bestetik, igandean Almitzak I. Sega Ligari emango dio hasiera Zerainen, eta gaurkoak entrenamendu moduan balioko diete parte hartzaileei.
Jarraian aizkolarien erakustaldia izango da. Arkaitz Jauregi, Migel Mari Jauregi, Jexux Mari Lasa eta Xabi Dorronsoro ariko dira.
14:30ean sariak banatuko dituzte Mutiloako Lierniko jatetxe batean, eta gero bazkaria izango da.
egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
'Bizitza ekologikoa gure eskura' argazki erakusketa
ORDIZIA, Ordiziako D'elikatuz gunean - 2008-10-11
Antzerkia
Argitxo eta Dir Dir
URRETXU, Labeaga aretoan - 2008-10-12
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.