
Urretxu ðð Datorren asterako egitarau oparoa prestatu dute, eskola barruan hainbat ekitaldi egingo dituzte ikasleekin eta baita ikasle ohiekin ere; ostegunean egun pasa joango dira Santa Barbarara.
Gainzurik 25 urte ospatuko ditu
miriam luki
Gainzuri ikastetxe publikoak, Urretxukoak, hogeita bost urte betetzen ditu aurten. Ikastetxearen historia Euskal Herriko beste hainbat ikastetxe publikorenarekin batera dator: bidean, beti, euskal eskola publikoaren aldeko borroka. Gaur egun «gure eskola herriotan errotuta dago, bertako gizarteari ekarpena egin dio eta euskara da ikastetxeko hizkuntza. Horren guztiaren partaide izatea harrotzeko modukoa da», dio hasieratik bertan lanean dabilen Maite Ugaldek.
Belaustegi plazako eskola txikietan daude Gainzuriren aurrerakinak, 1980. urtean kokatuta. Han hasi ziren Maite Ugalde eta Inma Albisua gela banarekin lanean. Euskal eskola publikoaren aldeko apustuaren atzean Udala ere egon zen tartean, herritarrek sustatuko ekimenari Ekin izena eman zioten.
Ordura arte euskara ikasgai bat besterik ez zen eskola publikoetan, eta euskara irakasleei idóneo izena ematen zieten. Urretxuko eskola publikoaren izena Juan XXIII zen orduan. Publikoa deitu ordez, eskola nazionala deitzen zitzaion. Belaustegi plazako eskola txikietan D ereduarekin lanean hasi ziren hasieratik, eta urtebete geroago bi gela izatetik lau edukitzera igarota zeuden. Ugalderi eta Albisuari Maite Insausti eta Maite Pardo irakasleak gehitu zitzaizkien.
Hirugarren urtean Juan XXIII eskolarekin bat egin zuten, eta orduan ipini zioten Gainzuri izena eskolari. Orduan hasi ziren zenbatzen aurten bete dituzten hogeita bost urteak.
«Egokiena goiko eskolan kokatzea zen, naturalena zen, baina poliki egin genuen bidea. Izan ere, goiko irakasleentzat eta ikasleentzat aldaketa handia zen. Prestakuntza aldetik lan itzela egin behar izan zuten irakasleek», dio Ugaldek.
EKIN bertan kokatzea onartu zuen eskola nazionalak. «Eskola publikoa euskaldundu zen bertako irakasleek horrela nahi izan zutelako. Gero, Eusko Jaurlaritzak baliabideak ipini zituen, baina behetik gorako eraldaketa izan zen», gehitu du Gainzuriko zuzendari Matilde Sanzek.
Biak batean
Ondorengo urratsa Urretxuko eta Zumarragako eskola publikoak batzea izan zen. Hamaika urtez Zelai Ariztirekin bat eginik egon ziren. «Han oraindik B ereduko talde bat zegoen», gogoratu du Sanzek.
Gaur egun D eredua da nagusi, ofizialki horrela ez bada ere. Murgiltze eredua ere badute euskara ama hizkuntza ez duten haurrentzat. «Euskaraz hitz egiten diegu, baina trataera desberdina ematen diegu. Denborarekin D ereduan integratzea da helburua».
Agertutako erronkak
«Hastapenetan ikastetxe publikoetan euskararen aldeko apustu hori gizarteak eragin zuen, orain eskolak dena egin behar duela dirudi» dio Sanzek.
Egun Gainzurik bostehun bat ikasle ditu. Hasieran maila bakoitzeko gela bana bazegoen ere, orain hiru daude. Heren batean igo da eskolak duen eskaria.
Hogeita bost urte horietan erronka ugariri aurre egin behar izan diete. «Premia bereziak dituzten haurrak eskolatu ditugu, eta gure ustez oso aberasgarria izan da pauso hori bai irakasleentzat, baita ikasleentzat ere», azaldu du Ugaldek.
Etorkinak eskolan integratu dira. «Eskola beti doa gizartearen kontra, umeak errespetuan hezten ditugun arren, gizarteak askotan ez die berdina erakusten», adierazi du Sanzek. Teknologia berriekin ere topo egin dute mende laurdenean, eta hiru urteko haurrek ordenagailua erabiltzen dute jada. Gainera, eskola orduak zabaldu egin dira gizartearen beharrei erantzuteko. «Orain goizeko zazpi eta erdietan datozen haurrak baditugu, jangela, oporraldietarako eskola... Gaur egun, gizarteak dituen hutsune asko eta asko bete behar ditu eskolak», gaineratu du Ugaldek.
Ospakizunak
Argazki erakusketa prestatu dute urteurrena gogoratzeko, eskolako haur guztiek parte hartu dutena. Astelehenean sorpresaz beteriko bertso-saioa izango dute Labeaga aretoan, astean zehar ikasle ohiekin hitz egin ahal izango dute ikasleek, ostegunean Gainzuri Eguna ospatuko dute Santa Barbaran, ostiralean jolasak...
«Gainzuri barruan mundu asko dago», dio Matilde Sanzek. Mundu horiek garai baten erakusle, gizartearen kolore desberdinen erakusle dira, denak euskaraz.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Adimen-Gimnasia ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-10-14
Erakusketa
Antzinako motorren 3.erakusketa
BEASAIN, Bernedo - 2008-10-18
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.