
'Beasaindio', herriko berezko esamoldeak bildu dituzte liburuan
Beasain
Euskara jatorrean esamoldeak nola eta noiz erabili behar diren adierazi, eta berriak sortzeko bidea ematen du.
eneritz gorrotxategi
Aurkezpen jendetsua izan zen entzule eta parte-hartzaile aldetik herenegun Beasainen, Beasaindio liburu ilustratua plazaratzeko. Mikel Apaolazak aurkeztuta, herriko alkatea, liburua egiten parte hartu dutenak, Beasaingo euskaraz adituak, gaztetxoak edota gaztetxoekin era batera edo bestera euskaraz lan egiten dutenak izan ziren, denera hamar laguneko taldetxoa. Beasaindio esamolde liburuak, Aitor Aldasoro Euskara Batzordeko lehendakariak liburuaren sarreran dioen eran, Beasaingo Euskara liburuaren «anaia bihurria» izan nahi du. Euskara erabiltzeko baita.
Hamar lagun horien artean hizketan lehena Patxi Plazaola Beasaingo alkatea izan zen. Gaztetxoei aurkezpenera etorri izana eskertu eta esamoldeak «erabiltzeko» direla azpimarratu zuen.
Plazaolaren ondoren, Xabier Mendiguren idazleak jarraitu zuen. «Herri bateko euskara kalean, etxean, jolasean eta beste hainbat tokitan ikasten da, berez. Baina berezkoa ez denean, ikasitakoa edo lagundutakoa izan beharko da», esan zuen.
Ixabel Olano urte askoan irakasle izandakoak ere hartu zuen tartetxoa. Beste gauza askoren artean, aholku bat eman zien bertan zeuden gaztetxoei: «Nahiz eta trakeskeria batzuk esan, erabili euskara». Txalo zaparradarekin erantzun zuten bertan zeudenek.
Unai Artola eta Nerea Ongai gazteak, Josu Mitxelena oiartzuar liburuaren marrazkilariak, Jexux Mari Miranda La Salle ikastetxeko irakasleak, Aritz Urien gurasoak eta Maialen Hernandez Beasaingo ludotekako arduradunak ere izan zuten euren iritzia eta hausnarketak partekatzeko aukera. Esamoldeak erabiltzen diren edo ez, gazteek nola hitz egiten duten, material baliagarria izango ote den... Denetariko gaiak landu zituzten aurkezpenean.
Iñaki Apalategi gidoigile
Iñaki Apalategiri Unai Altolagirrek egin zion bere liburu proposamenean parte hartzeko eskaintza. Horrek onartu eta bien artean zehaztu zuten liburuaren nondik norakoa. Udalera aurkeztu eta onartu egin zuten. Ilustrazioak eta marrazkiak Mitxelenak osatu ditu, aurretik gidoiak egiteaz arduratu den Apalategiren hariari helduta: «Bineta bakar bat sortu behar izan dut hitz jakin hori erabiltzen den egoera adierazteko». Gazteen gertuko jarduerak eta Beasain inguruko erreferentziak erabili dituzte. «Pista batzuk eta ariketa batzuk dira, norberak bere esamoldeak sortzeko bidea ere ematen dutenak» dio.
Iñaki apalategi
Ilustrazioen gidoigilea
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Altzari zaharberritze,egur taila eta egur pintaketa ikastaroak
GABIRIA, Gabirian,Amalur tailerrean - 2008-10-14
Zinema
Zine Kluba
LEGAZPI, Latzartegi aretoan - 2008-11-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.