
Zegama-Aizkorri maratoia (III) ðð Maratoian parte hartuko duten korrikalariak azken prestaketak egiten ari dira; korrikalari askok ordea, arrazoi desberdinengatik, ezin izango dute parte hartu.
Egongo ez direnak gogoan
gorka azkarate
Egun handia gertu baino gertuago egonik, korrikalarien prestaketa saioak azkenetan daude dagoeneko. Parte-hartzaile gehienek ibilbideko txoko guztiak ederki ezagutzen dituzte honezkero. Azken asteotan Aratz, Aizkorri, Andraitz eta ibilbideak ezkutatzen dituen gainerako sorpresak aztertzen jardun den jendetza, horren seinale. Udaberriak aurrera egin ahala, zaparrada osteko eguzki goxoaren eta eguzki goxoaren osteko zaparraden eraginez, itxura dotorea hartu du lasterketako inguruneak, berdea inoizko distiratsuen jartzeraino. Ia guztia prest dago, azken xehetasunen faltan. Larunbatean, esaterako, ur botilak eramango ditu Zegamako eta inguruetako boluntario talde batek Aizkorrira, ibilgailurik iristen ez den (eta hobe horrela) ibilbideko anoa-postu bakarrera.
Inoizko lasterkari kopururik handiena bilduko da aurten Zegaman, maratoiaren zazpigarren edizioan. Europako txapelketa jokatuko da, gainera, Zegamako probaren baitan. Lasterkari onentsuenak irteera marran egongo direla iragarri du antolakuntzak, gure mugez harago probak lortu duen entzutearen lekuko. Inork ez du lasterketa galdu nahi, guztiek nahi dute Aizkorriko lehia gogorrean parte hartu. Askotan galdetu izan diogu geure buruari ea lasterketa horrek zer duen besteekiko berezi, eta eite askotariko erantzunekin egin ohi dugu topo: ibilbidearen edertasuna (eta gogortasuna), antolakuntza eredugarria, arnasten den giro paregabea, ikusle kopuru itzela. Eta beste arrazoi asko, lasterketa hau bakarra bilakatzen dutenak.
Aurtengo edizioak inoizko lasterkari kopururik handiena bilduko duen arren, bada, arrazoi desberdinak tarteko, parte hartu ezingo duenik ere. Ohikoa dira, lasterkarion artean, azken orduko lesio gogaikarriak, lasterketa eguna hurbildu ahala entrenamentu saioak gogortu izanak eraginak, sarritan, edo hilabete luzetan gainetik kendu ezin izan den minak eraginda lasterketan parte hartu ezina, beste zenbaitetan. Asteotan, indarra hartze aldera entrenatu, otordu oparoak egin eta behar bezala atseden hartzea bezain garrantzitsua baita (edo gehiago) azken orduko uste gabeko lesioak saihestea. Eta horrelako kasu asko daude. Urduritasuna etsai bilakatzen denean jai baitago.
Iragan igandean Iñaki Beitiaren omenezko mendi ibilaldia ospatu zen hamabigarren urtez Zumarraga-Urretxun, eta mila lagunetik gora elkartu zituen, Iñaki oroituz, mendi txango paregabea osatu eta igande-pasa atsegina egiteko aitzakiak. Hamaika ekimenetan buru-belarri murgiltzen zen euskaltzale petoa, mendizale sutsua eta pertsona aparta baitzen Beitia. Bere oroimenez ospatzen den mendi ibilaldi xumeaz urtero egiten zaion omenaldia eta askoz gehiago ere merezi duena.
Merezitako omenaldia
Zegamako probara itzuliz, eta omenaldi kontuak aipagai harturik, orain gutxi gure artetik zoritxarrez desagertu den Idiazabalgo Mikel Garmendia datorkit gogora. Beitiak Zumarraga-Urretxuko jardunarekin zuen konpromiso maila beretsua baitzuen Garmendiak Idiazabalgoarekin. Kirolari porrokatua izatea zuen, berak, berezko ezaugarri, beste hainbaten artean.
Merezi duen moduan, Zegama-Aizkorri mendi maratoiak omenaldi xumea egingo dio lasterketa egunean, eta bere oroimena presente egongo da, zalantzarik gabe, lasterkari guztien gogoan. Iñaki Beitia, Mikel Garmendia eta antzekoek utzitako arrastoa ez baita udako bizpahiru ekaitzek ezabatu ahal duten horietakoa.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Adimen-Gimnasia ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-10-14
Ikastaroa
Garaiko produktuekin sukaldean aritzeko ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Itxaropena elkartean - 2008-11-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.